Histeria kolektiboa

Regression (Alejandro Amenabar)

Tesis (1996) eta Abre los ojos-en (1997) bidetik, ondoen menperatzen duen generoari, thriller psikologikoari, heldu dio zinemagile espainiarrak bere azken pelikulan. Emaitza ez da erabat borobila, baina primeran asmatu du suspensezko giro itogarri-nahasgarri bat transmititzen, eta ikus-entzule dezente gorputz txarrarekin irten diren Kursaaleko auditoriumetik.

Benetako gertaeretan oinarrituta dago Regression. Minnesotako herrixka itxuraz lasai bat, AEBen iparraldean, 1990eko udazkenean. Angela 17 urteko nerabeak (Emma Watson) krimen aitorrezin bat egitea leporatzen dio bere aitari. John Gray auto-mekanikari alkoholikoa aztoratuta helduko da polizia komisaldegira, eta adieraziko dio Bruce Kenner (Ethan Hawke) poliziari ez duela gertatutakoa ondo gogoratzen. Raines psikologoaren laguntzarekin erregresioaren metodoa erabiliko dute aitortza bultzatzeko, eta horrek sekta sataniko batzuen errito odoltsu eta beldurgarrien eremu ilunetara bideratuko du ikerketa.

Behin poliziako kide bat atxilotuta, Kenner eszeptikoak pentsatzen du ari dela hari guztiak lotzen, baina Angelaren familiakoa kideen (amona eta anaia) eta Angelari berari ostatu eman dion eliza ebanjelikoko erretorearen esanek harien mataza nahastu besterik ez dute egingo.

AEBetako Midwest-eko gizartearen erretratua da Amenabarrena, eta desira erreprimituek, bizimodu ganorarik gabekoak, eta erlijioaren fanatismoak sorraraz dezaketen histeria kolektiboaren berri ematen du, horretarako argazki bikaina baliatuz eta susto handi samarrak tartekatuz, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude