Geldotasuna estetika

‘Pikadero’ (Ben Sharrock) – Zuzendari Berriak

Baliabide urriekin eta denbora gutxian filmaturiko lana da ‘Pikadero’, Ben Sharrock  zinemagile eskoziar euskalherritartuaren estreinakoa, baina, hala ere, edo hargatik, baditu bere berezitasunak, bere puntu erakargarriak. Erakargarria da, esaterako, edo zer pentsatua ematen duena, garai ultra-azkarrok beraiek eragindako krisi ekonomikoa gainditzen duen balore krisiak guregan eragiten duena geldotasuna izatea, edo paralisia, edo blokeoa. Sharrockek geldotasunaren estetika darabil -Asiako hainbat zinemagileren lengoaia, Aki Kaurismaki finlandiarrarena edota Carlos Sorin argentinarrarena gogora ekarriz- Joseba Usabiagak eta Barbara Goenagak antzezten dituzten pertsonaia erdi-gazte erdi-galdu erdi-gogogabetuen harremana eta bilakaera azaltzeko. Plano estatikoak. Hitzak urri. Isiltasuna sarri. Eta lengoaia lehor horrek, hala ere, samurtasuna sor dezake, pertsonaiekiko enpatia. Ez da deus berria, baina bai eraginkorra, eta euskaraz halako zinema ikusteak badu bere puntutxoa. Filma luzetxo izatea, eta zenbait unetan ikuslea ere gogogabetua geratzeko arriskua ditu gabezia ikusle honen begitara.

Puntuaketa: 6,5

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude