Borrokalari humanoegia

The Assassin (Hou Hsiao-hsien)

Zinema jaialdi entzutetsuenen egile kutuna da taiwandarra. Azken 30 urteotan irabazi ditu sariak Cannesen, Venezian, eta, egin kontu, Zinemaldiak atzera begirakoa eskaini zion 1995ean, artean 48 urte besterik ez zituen arren.

Cannesen zuzendari onenaren saria jaso ondoren Donostiara ekarri duen filma IX. mendeko Txinan kokatu du. Botere gatazkak gertatzen ari dira dinastien artean, eta moja-printzesa batek (hala deitzen diote) aginduko dio Nie Yinniangi lehengusua, Tian Jian boteretsua, hil dezala. Izugarri trebea da Yinniang emakumezko gazte eta ederra labanarekin eta ezpatarekin borrokatzen, eta inor ez da hura mendean hartzeko gai. Askotan edukiko du lehengusu harroa akabatzeko aukera, baina ez du egingo. Entrenatu duen moja-printzesaren esanetan, “humanoegia” da Yinniang.

Ez da argi geratzen zergatik ez dion lepoa moztu nahi. Izan ere, berak beharrean besteek hitz egiten dute bere sentimenduez, eta ez gehiegi, gainera.

Halere, horrek, ziurrenik, ez du gehiegizko garrantziarik; pelikularen erdialdetik aurrera, batez ere. Zaila da nor den nor asmatzea, honetara edo horretara zerk bultzatzen dituen jakitea, baina gutxienez irudi ederrak filmatu ditu Hsiao-hsienek, eta horietan errekreatzeaz gain, horiekin zerbait adierazi nahi izan duela dirudi: bizpahiru borroka ikusgarri, dekoratu dotore eta koloretsuak, margolan errealistenen pareko planoak… Tempoa ere nabarmendu behar da; tempo geldoa. Egunaren, unearen, konpainiaren eta besteren arabera gauza bat edo bestea adieraz dezakeen pelikula da The Assassin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude