‘Sanctuaire’ telefilma, tentsio narratiboz josia

Hainbat jaialditan -tartean Miarritzeko FIPA- eta ordainezko telebistan eman eta gero, Zinemaldiko Zinemira sailean ikusi ahalko da Olivier Masset-Depasse zinemagilearen ‘Sanctuaire’ telefilma (hilaren 23an eta 24an).
1984. urtean girotuta dago, tartean direla ETAren atentatuak, GALenak, Txomin Iturbe ETAko buruzagiaren gorabeherak, Frantziako Gobernuaren kontseilari baten ahaleginak negoziazioak egon daitezen Espainiako Gobernua eta ETAren artean, baita Yoyesen saiakerak Ordiziara itzultzeko ere.
Tentsio narratibo bizia du telefilmak, ondo harilkatutako gidoiarekin, eta sinesgarri egiten diren pertsonaiekin. Azken atal horretan, arreta deitzen du Alex Brendemül aktore kataluniarrak egiten duen lana, Txomin Iturberen rolean. Euskaraz aritzen denean ere natural, aktore oso ona denaren seinale. ETAko kideen rolak jokatzen agertzen dira, halaber, hainbat euskal aktore bikain: Josean Bengoetxea, Patxi Santamaria eta Felix Arkarazo. Yoyesena Juana Acostak egiten du; Miarritzeko FIPA jaialdian aktore onenaren saria eraman zuen.
Kontakizunean pertsonaia interesgarria da Frantziako Gobernuko kontseilari eta bitartekariarena: Gregoire Fortin (Jeremie Renierrek jokatzen du pertsonaia, sinesgarri bera ere). Eszena batean argi azaltzen du nola “euskal separatistak Espainiako poliziaren esku erortzen direnean, torturatuak izaten diren”. Ez dira tortura eszena esplizituak agertzen telefilmean, baina aholkulariaren hitz horiek benetakoak sentitzen ditu ikusleak.
Bikainera iritsi gabe, GALen garaira gerturatzen den telefilm oso duina da ‘Sanctuaire’. Zinemaldia hasi aurretik egin dezakegun gomendio bat da. Iritsiko dira gehiago, Zinemiran eta beste sail batzuetan euskal ekoizpen interesgarriak bait daude aurten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude