Martin Garitanori buruzko Kazetari bat agintean, tartez batez kontakizunean kabitu ez den hirugarren zera bat, iazko apirilean Gipuzkoa plazan ikurrina handia jartzear zela izandako ezbehar fisikoaz: “Astean zehar gaizki ibili nintzen, tentsioagatik. Goizetan beti kafea hartzen dut, baina egun hartan tila hartu nuen, ez bainengoen oso sano. Ikurrina jartzera nindoala diputaziotik irten eta seko erori nintzen. Erietxera bidean anbulantzian esnatu egin nintzen, eta entzun nuen gidariari nola esan zioten joateko lasaiago, iritsiko ginela-eta. ‘Iritsi?’, nioen neure artean. Pentsatzen zuten larriagoa zela hura. Berehala osatu nintzen”.♦
Page 42 of 47
Martin Garitanori buruzko Kazetari bat agintean, tartez batez kontakizunean kabitu ez den beste zera bat: “Lau urteotan ez dut askotan jantzi gorbata. Legealdi hasieran erabaki nuena izan zen enbaxadoreak etorritakoan edota unibertsitateko ekitaldi batzuetan jantziko nuela, ez desentonatzeko. Aurreneko aldiz Aieteko Bake Konferentzian jantzi nuen, 2011ko urrian. Eduki izan ditut trajeak etxeak. HBko diputatu bezala Jon Idigoras 1993an Espainiako erregearengana joan zenean —lehen aldia zuen—, neure traje batekin joan zen, batere ez baitzeukan Jonek; gorbata, Bilboko beste adiskide batek utzi zion [argazkian, orduko irudia]. Etxean dut oraindik traje hura”.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren lau urteotako kontakizunaren (Kazetari bat agintean, tarte batez) post scriptum bat. Hark dio urte hauetan enbaxadore eta atzerriko agintari askorekin egotea tokatu zaiola, eta galdetzean ea Euskal Herritik gehien zer ezagutzen duten: “Athletic, Guggenheim, kooperatibak, sanferminak, euskal gatazka eta euskal gastronomia”. Garitano “oso harro” dago legealdi honetan Donostian Basque Culinary Center ireki izanaz, “Euskal Herria gehiago ezagutaraziko duelako munduan. Handik aterako diren sukaldariak, nolabait, gure enbaxadoreak izango dira. Herri txiki bat gara eta baliatu behar ditugu halako proiektuak”.♦
Sarrera horretaz zera bat: Gipuzkoako aurreko ahaldun nagusiek kasu horretan aipatuko al lukete “Athletic”?
BERRIAko erreportajea. Haren laburpena: Yago Mendez Prieto galiziar gazteak falangismoaren sortzailea goretsiz iruzkin batzuk dauzka Interneten. Francoren irudi bat ere badu. Europako hauteskundeetan, Vox alderdi ultraeskuindarraren alde bozkatu zuen iaz. (barruan, irudi gehiago)
Gauerdian hasiko da maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina, eta PSE-EEk ustez arau bat urratu du gaur arratsaldeko zazpietan Donostiako udaletxe aurrean egindako ekitaldi batean: kanpaina hasi aurretik eskatu du Ernesto Gasco Donostiako alkategaiarentzat botoa, haren kartel batean, eta beste kartel handi bat ere bazen botoa eskatuz. Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta PSEko diputatuak jarri ditu argazkiok bere Twitter kontuan. Aldiz, Denis Itxaso Gipuzkoako ahaldungai nagusi sozialistaren kartelean ez da boto eskaerarik ageri.
Espainiako Hauteskundeen Erregimen Orokorraren Lege Organikoko (1985) 53. artikuluak debekatu egiten du kanpaina hasi aurretik botoa eskatzea kartelen bidez-eta (53. artikuluari 2011n egindako moldaketa; behekoa da). Beste boz batzuetan gertatu dira halakoak, eta Hauteskunde Batzordeak zigor ekonomikoak jarri izan ditu.
Orain hiru aste Teresa Toda Sare plataformako kideak Azpeitiko solasaldi batean 1990eko hamarkadaren erditik aurrera euskal kazetarien artean presoen egoerari buruz egindako aldizkariaren ale batzuk erakutsi zituen. “Interneten-edo egin beharko genuke antzeko zerbait”, zioen.
1996ko urrian euskal komunikabideetako kide batzuek astebeteko baraua egin zuten Donostiako Artzain Onean. 45. txanda zen. Urriaren 22an, hedabideetako 666 langilek sinatutako agiri baten berri eman zuten prentsaurreko batean: Komunikabideetako langileak euskal presoak Euskal Herriratzearen alde. Sarrera Xabier Euzkitzek eta Mariano Ferrerrek egin ondoren, Martxelo Otamendik, Teresa Todak eta Luzien Etxezaharretak irakurri zuten idatzia, euskaraz, espainolez eta frantsesez. Hauxe zen:
“Idatzi honen bidez euskal presoek jasaten duten sakabanaketa salatu nahi dugu, legearen aurkakoa delako eta baita preso zein senideentzat zigor erantsia delako ere. Horregatik, sakabanaketa amaitzeko eskatzen dugu, eta hala nahi duten euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen dugu. Honekin batera, preso guztiei dagozkien eskubideak errespetatzeko exijitzen dugu, eta bizi baldintza duinak izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Azkenik, komunikabideetako langileak izanik, gure lantokietan presoen inguruan ahalik eta informazio zuzenena eta kontrastatuena zabal dadin gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen dugu”.♦
(ondoren, aldizkari haien ale batzuen eta 1996ko urriko prentsaurrekoaren argazkiak).
Astelehen gauean Esparza (UPN) eta Araiz (EH Bildu) Nafarroako lehendakarigaien arteko eztabaida saioa izan zen Navarra TVn, eman zituzten klabe batzuk, baina aurretik prentsaurreko batean beste lehendakarigai batek ere eman zituen gakoak, hauteskunde ostekoaz batez ere: Barkosek (Geroa Bai). Bi ideia:
– Barkosen ustez, Nafarroan gobernu aldaketa posible da, “nahiz eta koalizio gobernu bat ez egon”. Hau da, gobernu berri horrek parlamentuan unean uneko babesak baliatuz. “Aldaketa gobernu baten alde egin behar dugu lan horretarako prest gauden aktore politiko guztiok, baina ez gaitezen erori aldaketaren era bakarra koalizio gobernua den tentazioan”.
– Aldaketa nahi dutenen artean gobernuko lehendakaritza, “hiritarrek hautestontzietan erabakiko duenak” izan behar du.
Pistak dira. Geroa Baik bere estrategia garatzeko, alternatibarako zenbakiek emateaz gain, EH Bilduren (eta PSNren) aurretik beharko luke. Hala balitz, eta usaintzen denez, hark nahiago ez EH Bildu bere gobernuan (PSN hartuko luke), baizik eta kanpotik babesten. Bozetan ere zer gertatuko den, ordea…♦
Azken iruzkinak