Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 41 of 47

Berdintasunaren partidaren hasiera

BERRIAko analisiaren (2015-5-19) laburpena: Arraro egiten dena da EAJk, PSEk eta PPk Bilduren foru gobernuari leporatzea legealdi honetan “kontsentsu denak hautsi» izana. Ezker abertzale ofiziala legez kanpo eta Batzar Nagusietatik at zegoen garaiko kontsentsuez ari dira, jakina. Kontsentsu haiez hitz egitean, badirudi batzuk ilegalizazio aroan instituzionalki eroso zeudela. Orain lau urte, herritarrek demokratikoki hala erabakita, aldaketa handi baten hasiera gertatu zen; batik bat, Gipuzkoan. Orain, ETArik eta legez kanporatzearen mamurik gabeko egoera egonkorrago honetan, 2011ko aldaketa sakonduz ziklo bat has daitekeen edo parentesi hori itxiko den herritarrek eta bozen ondorengo itunek erabakiko dute. Baina hemen, berdintasun aldetik, partida duela lau urte hasi zen.♦

Cayo Lara Donostian

Hauteskunde kanpaina batean politikarien artean oso ohikoa ez den prentsaurrekoa izan da Cayo Lara Espainiako IUko koordinatzaile nagusiak gaur Donostian egindakoa, segidan ia ordu erdi batez aritu delako gai bati buruz hizketan (egoera ekonomikoaz); sakon aztertu du. Bukaeran aipatu du “hemen” [Espainiako Estatuan] behar dena “erreforma enpresariala” dela, eta IUren proposamena aletu du: iruzurra borrokatu; irabaziak dituzten enpresetan kaleratzeak egiten badira horiek delitutzat hartu; ustelkeriarekin lotutako enpresarien aurkako neurriak hartu; euren langile denei alta eman enpresariek; irabaziak ekonomia “produktiboan” inbertitu, eta ez “espekulatiboan”; sozietateen gaineko bestelako zerga mota bat… Lara ez da prentsaurrekora joan propagandarako mezu hutsalak botatzera.

Ustelkeriari buruzko pasadizo bat ere kontatu du, berari gertatutakoa: “1979an zinegotzi hautatu ninduten nire herrian [Argamasilla de Alba, Ciudad Real, Espainia], eta festetan auto elektrikoetan ibiltzeko fitxak oparitu zizkidan gizonezko batek. Ezetz esan nion, langile bat nintzela eta nire ahalmenaren arabera ibiliko zirela edo ez gure umeak auto elektrikoetan, eta Kultura zinegotzi izateagatik ez nituela fitxa haiek opari behar. Gizon hark erosi egin nahi ninduen, festetan urtero jar zitzan auto elektrikoak. Garrantzi txikiko ustelkeria kasu bat zen, baina gutxirekin hasten da eta askorekin bukatzen”.♦

Pablo Iglesiasen bi baldintzak

BERRIAko analisiaren (2015-5-14) laburpena: Pablo Iglesiasek baldintza bat jarri du EH Bildurekin itunak egiteko: “Terrorismoaren gaitzespena”. EH Bilduk betetzen du hori; Sortuk berak “ekintza terrorista oro” arbuiatzen du bere estatutuetan. Itunetarako “eskubide sozialak” ere ardatz gisa jo ditu Iglesiasek. Beraz, horregatik ere Podemos Ahal Dugu-k itunak egin ditzake EH Bildurekin hauteskunde hauen ondoren Nafarroan, Gipuzkoan… EH Bilduk ere “aldaketa politiko eta soziala” du helburu; baina “hori ez da egun batetik bestera egingo”, baizik eta “pausoz pauso eta herriz herri”. Gehiengo zabalagoak beharko dituela uste du; Podemosek beharko dituen bezala. Noiztik, hori da galdera.

‘Zaharra berri Gipuzkoan?’, post scriptum

Zaharra berri Gipuzkoan? erreportajean Gipuzkoako Batzar Nagusietako 1991ko inbestidura kontuak ere badaude, EAJ-PSE akordioak Imanol Murua (EA) berriro diputatu nagusi izatea eragotzi zuenekoak, eta artikuluaren post scriptum gisa osagarri izan liteke Joan Mari Torrealdairen Imanol Murua. Gipuzkoako alkate liburuko 174. eta 175. orrialdeetakoa gogoratzea (behean). Xabier Olano EH Bilduren oraingo ahaldungai nagusia bera ere mintzo da orrialdeotan (HBko batzarkidea zen).

Murua1

Murua2

Denis Itxaso, post scriptum

Denis Itxasoren elkarrizketa dela-eta post scriptum bat. Gipuzkoako PSEren ahaldungai nagusiak dio gustuko politikaria zuela Imanol Murua zena. Bazituela desadostasun ideologikoak, baina estimatzen zituela haren formak. “Politikan ez nuen Imanolekin kointziditu, baina bai gero Firin Faran-en eta”. 1985etik 1991ra izan zen Murua Gipuzkoako diputatu nagusi (Itxaso 1975ekoa da), eta 1991n EAk berriro kargurako proposatu zuenean PSEk (foru hauteskundeetako laugarren indarra) EAJko (hirugarrena) Eli Galdosi emandako botoengatik geratu zen atzera kargura iristeke. Formak.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑