BERRIAko artikulu analitikoaren (2015-6-5) laburpena: Pasatu dira Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeak, eta instituzioetako itunei begira dabiltza alderdiak. Alor politikoan, badaude beste lehentasun batzuk: estatus politiko berriak (herri gisa garatzeko formulak), erabakitzeko eskubidea (zer, non, nola eta noiz) eta bakegintza (blokeotik irteteko garaien beharra).♦
Page 40 of 47
PPk joan den martxoan Andaluziako hauteskundeetan egurra jaso zuen, botoen %32 galduta. Kalkulu azkar bat eginda, hark 2011n Espainiako Kongresurako bozetako 10,8 milioi botoetatik aurten %32 galduko balitu, 7,3 milioi boto lirateke. 2011n Kongresuko bozak baino lehen 8,4 milioi boto jaso zituen udal hauteskundeetan (2011ko Kongresukoetan baino %22 gutxiago). Irabazle. Oraingo udal bozetan, 6 milioi bildu ditu (2011ko Kongresukoetan baino %44 gutxiago). Irabazle. Espainiakoetan gora egin ohi duenez, hortxe-hortxe ibil daiteke 7,3 milioi bototan. Irabazle. PPk gobernua galdu zain segitzen dute hemen batzuek. Gainera, datu bat: 1977tik bederen, Espainiako Gobernuan beti Kongresuko lehen indarra egon izan da. Eta PPk C’s hor izango du akordioetarako.♦
Post scriptum (2015-09-26): Kataluniako hauteskundeotan, “porrota” jasota, 2012ko boz autonomikoetatik botoen %26,2 galdu ditu.
BERRIAko analisiaren (2015-5-30) laburpena: Igandeko foru hauteskundeak kontuan hartuz gero, EH Bildu koalizioa Euskal Herritarrok-en (EH) 1999ko zenbakietara itzuli dela esan da, eta galdetu ez ote den koalizio izatearen balioa galtzen ari. Boto kopurua antzekoa da (orain +14.000 boto). EH Bilduk EHrekiko jauzia, batik bat, kualitatiboki eman du. Izan ere, Bizkaian salbu, posizio hobean da bere proiektua garatzen joateko. Dena dela, aldaketa politiko eta sozialerako zifra eta posizio onak alferrik lirateke ez bada lehentasunik, ez bada kultura politiko zabalik eta apustuari ez bazaio luzaroan eusten. Iparraldean ezkerreko abertzaleek-eta orain dela hamahiru urte sortu zuten Batera plataforma, lehentasun jakinekin (Laborantza Ganbera, lurralde kolektibitatea…) eta lan partekatuaren aldeko izaerarekin sortu ere.♦
2003ko udal hauteskundeetan Lizartzan EAJren alkategai zen Joseba Egibar, eta azalpenak ematera joan zen lizartzarren aurrera. Hango batek DVko zerbait irakurri zion, eta Egibarren erantzuna: “Harritzen nauena da jendeak hainbeste irakurtzea DV, baina lehenengo eta behin esan behar dudana da nik ez erosi eta ez irakurri egiten dudala, eta nik DVri azkeneko lau urte eta erdiotan ez diot inolako adierazpenik egin, ez elkarrizketarik, ez zeharkako adierazpenik, hala erabakita dudalako. Gero [DVren artikuluetan] fuentes aipatzen da, eta herri honetan dagoen gizonik garrantzitsuena señor Fuentes da; Fuentes-ek esaten ditu eta egiten ditu gauza guztiak”.
Uztarriaren liburu batetik jasotako pasadizoa da, Gipuzkoako 2011-2015 legealdia eta abarrak gogoan. EAJk sufritu izan zuen lehen, Egibarren erantzunaren arabera. Bilduk sufritu berri du. Eta Nafarroan, gobernu berriak sufrituko du DNrekin. Herritarrek erabakitzen dute zer egunkari etxeratu. Euskal esparru komunikatiboa indartsuagoa izan dadin baldintzak ereitea, haiek bakarrik ez.♦
BERRIAko analisiaren (2015-5-23) laburpena: Esaten da herri honetan beti gaudela hauteskundeetan eta, beraz, alderdiek euren interesak herri interesen gainetik jartzen dituztela maiz. Interesena erlatiboa izan daiteke haien balorazioa egitean, baina hauteskundeena ez da egia. Hauteskunde lehiarik gabeko aldi luzea izan da. Baina gatazkaren ondorioez ez da elkarrizketarik hasi gobernuekin, eta euskal presoen egoera lehen bezain larria da. Bada esan bat: politikari batek hurrengo hauteskundeetan pentsatzen du; estatista batek, hurrengo belaunaldian. EAJk eta Sortuk oraingo boz hauen ondoren ekingo diote berriro elkarrizketari. Diotenez, blindatuta daukate harremana. Dena dela, ikusi beharko da hauteskundeon ostean Gipuzkoako edota udal batzuetako gobernu itunek zenbateraino okertzen duten giroa. Edo Nafarroakoak zenbat argitzen.♦
‘Donostia 2016’ izan zen, astelehenean, Gipuzkoako foru hautagaien eztabaida saioko blokeetako bat. Xabier Olano (EH Bildu), Markel Olano (EAJ), Denis Itxaso (PSE) eta Juan Carlos Cano (PP), ñabardurak ñabadura, alderdiak eta instituzioak kultur eragileak bailiren aritu ziren. Iosu del Moral Ahal Dugu-ko hautagaiak ekarri zuen freskotasuna diskurtsoan: bera kultur arloan dabilen bat dela, kulturari “modu naturalean garatzen” utzi behar zaiola, eta erakunde publikoek egin behar duten bakarra dela hura babestea eta baliabideak jartzea. Besteak ez daude horretan; kultura kontrolatu egin nahi dute politikoki —dela Donostia 2016, dela Tabakalera…—, gero teknikariengan uzteko lanaren pisua.♦
Hego Euskal Herrian 2011ko foru hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten indarrak:
Euskal herritarren erabakitzeko eskubidea:
Alde: 791.004 boto (115 eserleku, %56,65)
Kontra: 521.552 boto (88 eserleku, %43,35)
Baliteke igandeko hauteskundeetan alde hori handitzea. Gehitu horri, adibidez: 1. Nafarroan aldaketa historikoa eman daiteke. 2. ETAren jarduera armaturik ez da. 3. Europan estaturik gabeko nazioen aldeko giroa dago berriro.♦
Azken iruzkinak