Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 36 of 47

Euskal entsalada semantikoa

Urkulluk ezker abertzaleari deitu izan dio: ‘ezker abertzalea’ —bai, kakotx artean—, ezker erradikal abertzalea, ezker erradikala, ezker abertzale deitua, ezker abertzale deritzona, ezker abertzale tradizionala deritzona, ezker abertzale historikoa deritzona, ezker abertzale ez emantzipatua, ezker abertzale tutelatua, I.A., politikan jardun nahi duen ezker abertzalea edota Batasuna legez kanporatu-ezker abertzale ez emantzipatua. Ustez jada agortuxe zela-eta, behin bota zuen bere blogean: “…edo nahi duzuen bezala deitu”.

Behar da imajinazioa!… Eta orain, “nazio forala” deitu dio “Euskadiri”.

Beste osagai bat, beraz, euskal entsalada semantikora: estatus politiko berria, estatutu eguneratua, autogobernua, autogobernu handiagoa, konfederazioa, subiranotasuna, burujabetza, burujabetza partekatua, burujabetza betea, estatugintza, estatua, estatu sozialista, Euskadi nazioa Europan, naziogintza, nazio eraikuntza, independentzia, dependentziarik eza, interdependentzia, gero eta independenteago, kontzertu politikoa, prozesu konstituziogilea edo eratzailea, foru eskubideak, gaurkotutako foru eskubideak, eskubide historikoen erabilera, foru erregimenaren itunerako izaera, erabakitzeko eskubidea, itundutako erabakitzeko eskubidea, itunpeko erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa, itundutako legezko kontsulta, berme juridiko osoko galdeketa, kontsulta eskubidea, kontsulta legea, herritarrak ahalduntzeko legea, autodeterminazioa, hitza eta erabakia…♦

Euskal Herria badela

Katalunian hainbat entitatek 2012an Generalitatearen estrategia nazioartean “saltzeko” erakunde bat sortu zuten: Diplocat partzuergoa. “Adostuta daukaguna da erabakitzeko eskubidearen alde gaudela”, dio Diplocateko idazkari nagusiak. “Baina oraintxe gure lana oso lotuta doa irtenbide politikoari. Horregatik, lan nagusia da azaltzea zergatik bihurtuko ditugun irailaren 27ko hauteskundeak plebiszitu”. Hiru zutabe nagusi ditu haren estrategiak: mundu akademikoa, nazioarteko prentsa eta atzerriko parlamentuak.

Euskal Herriak ez du horrelako erakunderik. Ez dago Katalunian bezalako batasunik, ez eta prozesu subiranistarik ere. Baina, bederen lurraldetasuna lantzearren, horren zain egon behar al da nazioarteari Euskal Herria badela erakusteko eta azaltzeko? Detaile bat: Bartzelona futbol klubak berriro plazaratu du munduan zenbat peña dituen —1.249—, eta taulan ez da ageri Euskal Herririk eta, gainera, aparte dauzka EAE (‘Pais Vasco’ gisa) eta Nafarroa —Aragoirekin eta Errioxarekin batera du Nafarroa—. Nork esan behar dio Bartzelona bati —Diplocateko kide da— EAE eta Nafarroa sikiera kasilla berean kokatzeko, eta Hego Euskal Herri bezala jartzeko? 145.000 bazkide izateaz gain, munduko bost kontinenteetan ditu peñakideak Bartzelonak: 152.000. Potentzia bat da.♦

EH Bilduren pendulua-eta

BERRIAko analisiaren (2015-9-13) laburpena: EAJren ibilbidea definitzeko erabili izan da penduluaren metafora; subiranismoaren eta autonomismoaren arteko orekan ibili da, arriskatzearen eta pragmatismoaren artean. 120 urte dituen alderdia da, eta hor dago, botere instituzional handiarekin, bere penduluarekin eta estiloarekin. Hori da euskal abertzaletasuneko bloke bat, denentzat ezagun dena. Besteak, ezkerralderakoak, ba al du bere pendulurik eta estilorik? Ezker abertzaleak / EH Bilduk, “prozesu eratzailean” lurralde batasuna, euskal estatua eta “justizia soziala” xede, beharko du estilo bat finkatu. Han, azkeneko urteotan guztia agian gehiegi kontrolatu eta gidatu dute goitik, zuzendaritzatik. Ardatz nagusiak zein dituzten jakitun, orain tokian tokira egokitu nahi dute estrategia, autonomia emanez udalerriei. Bere pendulua ere badu finkatzeko. Hots, soziologiari so egin, eta asmatu beharko du non jo oso ezkerretik eta non plazaratu identitate kontuak. Horrek denak denbora bat eskatuko die, eta, lehen hauteskunde zikloa bete ondoren, gutxienik lauzpabost urteko perspektibarekin aritzea, ez baita epe motzean aldaketarik espero.♦

Harrigarria

Bihar bi urte, Diadako 480 kilometroko giza katearen biharamonean, Vic-en AMI independentziaren aldeko Kataluniako udalen batzarreko zuzendaritzarekin bazkaltzeko aukera izan genuen, eta haiek zioten seguru zeudela Espainiako Gobernuak, independentismoaren bidean CiU geratzeko asmoz, urte haren bukaerarako finantzazio eskaintza garrantzitsu bat egingo zuela, zerbitzu eta garraio aldetik. Esaten zuten Kataluniak arazo latzak garraiobideetan zituela, tren sarean eta. PPk ez dio Kataluniari deus eskaini, eta honaino heldu gara.

Rajoyk Espainiako aurtengo hauteskundeak irailaren 27rako ez deitzea ere bada harrigarria. Urte bukaerarako deituko ditu. Interes alderdikoiak erabili ditu, langabezi tasaren jaitsieragatik itxura hobea emateko PPk. Boz orokorrak Kataluniakoekin batera jarriko balitu, unionistek aukera hobea lukete, menturaz, independentismoa hautetsontzietan geratzeko, irailaren 27ko hauek izaera berezia hartu duten arren.

Espainiako hauteskundeetan Katalunian:
– 2004an CiUk %20, ERCk %15 —CUP ez da sekula aurkeztu— / PSOEk %39, PPk %15. (ICVk %5). Parte hartzea: %75.
– 2008an CiUk %21, ERCk %7 / PSOEk  %45, PPk %16, C’sk %0,7. (ICVk %4). Parte hartzea: %70.
– 2011n CiUk %29, ERCk %7 / PSOEk %26, PPk %20. (ICVk %8). Parte hartzea: %66.

2012an Kataluniako hauteskunde autonomikoetan:
– CiUk %30, ERCk %13, CUPek %3 / PSCk %14, PPk %13, C’sk %7. (ICVk %9). Parte hartzea: %67.♦

Independentista ez-abertzaleak

Katalunian ICV eta Podemos elkarrekin aurkeztuko dira irailaren 27ko hauteskunde ‘autonomikoetara’. Aurrekoetan —2012an—, artean ez zegoen Podemosik. ICV bai, eta programako 30 lehentasunetan Kataluniako estatu propioa ere jarri zuen, 22. tokian kokatu arren. Joan Herrera ICVko buruak orduan BERRIAn: “Estatu propio bat proposatzen dugu, burujabetzaren bidez Espainiako Estatuarekin harreman federal edo konfederal berri bat sortuko duena, edo zuzenean Europako Batasunean egongo dena. Garrantzitsua da aukeretako bati ere ez ixtea atea, salbu eta oraingo egoeran gelditzekoari. Oso zaila ikusten dudan arren, ez diogu uko egiten itun berri bat adosteko aukerari; ez eta Katalunia Europako estatu izateko aukerari ere”. Oraingo bozetarako Podemosekin osatu duen koalizioak (15-17 aulki ematen dizkiote inkestek) ez du Kataluniaren independentziaren alde egiten, baina suma daiteke Kataluniak independentziarako urrats formala hasten badu ICVk ez lukeela prozesua oztopatuko.

Gaia (Hego) Euskal Herrira ekarrita, Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak aitortu du bere alderdian badaudela independentistak, baina dio gutxiengo direla eta haiek gaur-gaurkoz ez dutela lehentasun independentzia. Dena dela, hemengo prozesu baterako ez da txarra independentistak edo euskal estatuaren aldekoak egotea alderdi ez-abertzale batean. Ahal Dugu-n (Hegoaldean ia-ia 200.000 boto azken bozetan) badira batzuk, beraz. Hori nobedadea da.♦

Errekalde, okupazioa, EAJ, botoak

Bilbon Errekalde auzoan hainbat emakume feministak eraikin bat okupatu dutela irakurri dugu aste bukaeran. Urteetan auzo berean izan zen gaztetxe ezagun bat okupatutako eraikin batean: Kukutza. Irail honetan lau urte beteko dira, udalak sustatuta, eraitsi zutela; iskanbila eta udalaren kontrako auzo mugimendu handia sortu zen. Hilabete batzuk lehenagoko udal bozetan EAJk hautetsien gehiengo osoa lortu zuen Bilbon, botoen %43 jasota. Aurtengo maiatzeko udal hauteskundeetan eraginik izan al du Errekalden Kukutzarenak? Botoa ematean faktore asko daudela esan ondoren, datuak:

– 2011ko udal bozetan (%58ko parte hartzea), EAJk 8.917 boto lortu zituen Errekalden, %42. PP geratu zen bigarren, %18rekin, jeltzaleengandik 24 puntura (PSEk %15, Bilduk %12, Ezker Batuak %5, Aralarrek %2…).

– Aurten (%57ko parte hartzea), EAJk 7.561 boto eskuratu ditu, %36. Bigarren indar bozkatuena 23 puntura geratu da: PSE, %13rekin (EH Bilduk %13, PPk %11, Udalberrik %8, Ganemosek %7…).♦

Prentsa Auzitegia, edo bestelakoak

Gaurko BERRIAn Jon Gurutz Olaskoagak, Pedro Ibarrak, Jose Manuel Castellsek idatzi dute Madrilgo udal gobernuak egin bezala Asironek eta Barkosek ere “errealitatearekin bat ez datozen berriak zuzentzeko” eta euren bertsioa emateko zabaldu beharko luketela “komunikazio bide bat”, “ikaragarria izango baita Nafarroako eskuin muturrekoen erasoaldia”. Kezka hori ez da berria. Adibidez, 2001ean, EAJren EBBko buru zela, Xabier Arzalluzek Prentsa Auzitegia sortzeko eskatu zuen, “komunikabideen gehiegikeriak bukatzeko”. PPren eta PSOEren kritika latzak jaso ondotik, Arzalluzek iritzi artikulu bat idatzi zuen Deia-n. Han zioenez, Alemaniak Espainian zeukan enbaxadore Guido Brunnerrek “Espainiako bi egunkari inmoralen aldetik presio eta jazarpen mediatikoa” jasan zituen PSOEren gobernuarekin “harreman bikainak” izateagatik, eta Espainiako Justiziaren aldetik “erabateko indefentsioa” pairatu zuen. “Aldiz, Stern Alemaniako astekariak Brunnerri buruz Espainian zer esaten zen jaso zuenean, Brunnerrek Stern-en kontra parte sartu zuen Hanburgoko prentsa delituen Salan. Honek hilabete batera atera zuen epaia eta Stern zigortu egin zuen, jendaurrean hanka sartu zuela aitortzeko esanez, isuna ezarriz, baita kalte-ordaina ere; Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia. Niri, berriz, orain dela urte batzuk hilketa baten ‘eragilea’ nintzela esan zidaten publikoki, eta behar morala eduki nuen parte sartzeko. Auzitegiak atzera bota zuen kereila, dialektika politikoan gehiegikeriak arraroak ez direla argudiatuz”.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑