Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 34 of 47

Leloak

Mugi daitezen harriak! izango da urtarrilean euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioaren leloa, euskarazko bertsioan behintzat. Izan dira presoen urteroko martxetan Kolosala —Onintza Enbeitak Itsosupetekoa hitza atera zuen— edo Now!, edota iaz selekzioaren aldeko partidan One country, one team, partida berean Kataluniak katalanezko Una nació, una selecció erabili zuenean. Xabier Euzkitzek behin idatzi zuen bere zutabe batean: “Pena da euskaldun natural batek sekula esango ez lukeen hitz bat erabili behar izatea. Lazkao Txikik esan zuen moduan, ’zenbaiten euskera entenitzeko erderaz ondo jakin beharra zeok…’”.♦

Aldaketak koadernoan

BERRIAko erreportaje analitikoaren (2015-10-28) laburpena: EAEren eta Espainiako Estatuaren harremanari buruz asko ari da hitz egiten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria; sarri, eta gako batzuk plazaratuz, estatuarekiko “borondatezko bat egiteaz” hitz egiten hasteraino. Instituzionalki eta gobernabide aldetik ustez hain seguru sentitzen da, estatus politiko berriaz 2012ko hauteskunde programan emandako hitza ez betetzeak ez baitu kezkatzen, nonbait. Orduko urriko bozen kanpainan azaldu zuen erkidegoa batetik bestera zeharkatu zuela eta “guztia koadernoan apuntatuta” zeukala. “Eta nire koadernoak arrazoi du, gure bide orria baita hori. Euskadi, nazioa Europan”. Data aldaketak, behintzat, badaude koaderno horretan. Gaurtik hasita, hilabeteotan ikusiko da noraino heldu ahal den EAJ.♦

Hasieratik ikusi zen

Gaur sinatuko du Rajoyk Espainiako hauteskundeetara (abenduak 20) deitzeko dekretua. 2011ko abenduaren 21ean heldu zen Moncloara, bi hilabete lehenago (urriak 20) ETAk jakinarazi zuen betiko eman zuela bukatutzat jarduera armatua, eta Cayetano Gonzalezek (Mayor Oreja Barne ministro zeneko komunikazio arduradunak) Imanol Murua Uriaren Loiolako hegiak-en gaztelerazko bertsioa leitzeko aholkatu zuen Rajoy, Zapatero ETArekin noraino iritsi omen zen jakiteko. PSOEren gobernuak, ordea, 2011ko urriaren 20 hartatik orduko hauteskundeak arte (azaroak 20) ez zuen deus egin, ezta lehenago ere. Garai haietan egunkari batean galdera Rubalcaba Barne ministro ohi eta PSOEren presidentegaiari: ”Presoei buruzko berehalako keinu bat egitearen alde al zaude?”. Erantzuna: ”Astelehenetik aurrera hitz egingo dugu”. Ezer ez. Rubalcabari berari TVEn 35 minutuko elkarrizketa bat egin zioten ETAren erabakiaren ostean, eta Euskal Herriko egoera berriari buruz 32 segundoan baino ez zen aritu. Rajoyk presidente kargua hartu zuenean, hedabide bati emandako lehen elkarrizketa 25 minutukoa izan zen —hamalau galdera-erantzun, 23.200 karaktere—, eta euskal gatazkaz eta honen ondorioez ez zuen deus esan. ETAk borroka armatua utzi arren, hasieratik ikusi zen estatuaren jarrera zein zen: pasibitatea.♦

 

Ibarretxeren mezuaren karga politikoa

Ibarretxek esaten du bera Jaurlaritzako lehendakari zen garaiko (1999-2009) “berrikuntza politikoa” plazan autodeterminazio eskubidearen partez erabakitzeko eskubidea sartzea izan zela. Eta beste berritasun bat, independentziaren eztabaidaren partez dependentziarena sartzea izan zela, azken horretaz zehaztasunez hitz egin zitekeelakoan, ustez bestearekin ez bezala. Diskurtso horrekin utzi zuen Jaurlaritza, eta horrela ekin zion eten baten ostean berriz ere jendaurrean agertzen hasi zenean: “Herritarren hitza errespetatzeko ekimen politikoa behar da”, “Espainiarekiko dependentzia eredua txarra da”, “mundu globalizatu honetan gakoa ez da independentea izatea, independentzia partekatu egin behar dugulako. Arazoa dependentea izatea da”… Pittinka-pittinka mezuari karga politiko bat eransten joan zaio: “Edo demokraziaren bidea hartzen da, edo alde bakarreko adierazpena egingo da”, “erabakitzeko eskubidea onartu ezean, alde bakarreko independentzia aldarrikapenak izango dira Euskal Herrian eta Katalunian”, “ezin dugu askoz denbora gehiago pasatu propioa baina [Kataluniaren] antzeko prozesu bat bultzatzeko”, “zergatik ez 2030ean NBE barruan [hango kideak, estatuak baino ez dira] Flandria, Eskozia, Katalunia edota Euskal Herria?”.

Iazko urtarrilean azaldu zuen lehendakari zela unionistek “independentista eta bereizketaren aldeko bezala” definitu zutenean, “seguruenez asmatu” egin zutela. Dena dela, Ibarretxek beti neurtu egin izan ditu bere adierazpenak. Baina herenegun, Donostiako San Telmoko hitzaldi batean, Espainiarekiko dependente izatea komeni den aipatu ostean, esan zuen herri honen “independentzia oso gomendagarria” litzatekeela “ikuspuntu ekonomiko eta politikotik”. Baliteke independentziari buruzko haren adierazpenik zehatzena izatea.♦

Ñabardurak garrantzia izan balu

Gaur lau urte dira ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela jakinarazi zuela. PPk gatazkaren ondorioen arloan mugitzeke jarraitzen du, Arantza Quirogaren saiakera hor egon den arren. Euskal Herrian aurrerapausotzat ikusi zen hark indarkeriaren gaitzespena-ren partez baztertzea proposatu izana eta. Alfonso Alonso jarri dute Quirogaren partez EAEko PPko presidentzian, eta Alonso bera Arabako PPko buruzagitzan Javier de Andresek ordezkatu du. Hain zuzen, ETAk 2011ko urriko erabaki historiko hura iragarri eta bi astera De Andresek zioen BERRIAko elkarrizketa batean: “ETAk hitz egitea eskatzen du, baina ez negoziatzea. Ñabardura hori garrantzi handikoa da, ez duelako planteatzen negoziazio bat botere jarrera batetik edo eragiteko gaitasun batetik. Lortu nahi duena kontatzeko prest dago ETA, baina ez du ezer exijitzeko asmorik, ez duelako bere burua negoziazio baten parte ikusten”. Ñabardura hari lotuko balitzaio PP, honezkero asko egongo zen konponduta herri honetan. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak berak handik ia hiru hilabetera azaldu zuen euskal presoekiko “ikuspegi zabalez eta zentzuz” jokatuko zutela, eta ezker abertzaleak “PPren itxikeriaren aurrean jarrera aldaketa bat” ikusi zuen. Quirogakeri bat izan zen ministroarena, ustez. Lanean segitu besterik ez dago.♦

“Ehizatu egin dugu Etxabe”

Pasa den urriaren 14an Euskadi Irratian Faktoria saioan Iñaki Etxabe zenaren kasuaz familiarekin hitz egiten ari zirela, Josu Torre Altonagak deitu zuen, testigantza bat emateko (audioa: 2.34.00-2.36.34): “Lekukoekin egon nintzen. Handik gutxira, 1980an, Salven [Donostiako kuartelean] sei egun luzez egon nintzen eta [guardia zibilek] neroni zuzenean esan zidaten Etxabegatik ‘lo hemos cazado‘ [ehizatu egin dugu], nirekin beste hainbeste egingo zutela mehatxatuz. Han barruan nengoela Etxaberen izena ere agertu zen, beste batzuena agertu zen moduan”.♦

Beste ‘erregimenak’

Irakurri dugu BERRIAn: ETB2k Navarra: 100 días de cambio saioa emango du hilaren amaieran. Labrit Multimediak ekoitzi du, eta Juan Kruz Lakasta izango da aurkezlea. Iruñean kokaturiko enpresa da Labrit, eta Iruñerriko Euskalerria Irratiko kazetaria Lakasta. Nafarroan izan da eta bada bertako “erregimenaz”-eta zentratutako eta espezializatutako hedabide eta kazetaririk (ere): Ivan Gimenezek egin zuen El Corralito foral liburua, Joxerra Senarrek CAN: Eta hemen ez da ezer gertatu, hor da Euskalerria Irratiaren etengabeko lana, Labriten saio hau dugu… Botere faktiko batzuen Nafarroaren eta bestelako Nafarroa baten berri ematen ari dira bertakoak bertatik bertakoentzat, eta aldaketa gertatzeko izan dute eragin bat. Gipuzkoan ez al dago erregimenik? (galdetu Bilduri…) Eta Bizkaian? Baliteke. Ordea, ez da erregimen haien zerak kaleratzeko lan dibulgatibo eta komunikatibo autozentraturik.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑