Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 33 of 47

Eneko Goiaren bi minutuak Kortxoeneaz

Eneko Goia Donostiako alkateari gaur Kortxoeneaz galdetu dio Maite Artola kazetariak Euskadi Irratian, Faktoria saioan (2:30:00-2:32:10 tartean entzun daiteke): “(…) Tokirik badu Donostiako Udalak eraikin hura okupatu zuten gazteei eskaintzeko?”.

Ez dira Goiaren historiako bi minuturik onenak izan: “Bai. Zuk egiten duzun galderan dago erantzuna. Gure betebeharra da Donostian egon daitezkeen eskaera edo jarduera ezberdin guztiekin tratu berdintsua izatea. Hori da, hain zuzen ere, egiten diren eskarien aurrean erantzun dudana. Kortxoenea proiektua eraikuntza pribatu batean zegoen, eta han jabe bat dago (…), hark eskubide bat zeukan gauza bat egiteko, eta hori udalaren aldetik horrela da eta gutxi dago esateko. Hortik aurrera hor barruan ematen diren jarduerak interesgarriak izan daitezke, nik hori ez dut ukatzen; niri ondo iruditzen zait ekimenak egotea, zergatik ez? Baina guk dauzkagu dauzkagun baliabideak, eta mugatuak dira, eta eskain dezakegu egiten diren jarduerak gure kultura sarean ditugun baliabideekin ahal den moduan erantzuten, aukerak eskainiz, eta horretan irekita gaude. Eta gero udalarenak diren lokalak emateko orduan, gure obligazioa da jardutea ahalik eta kriterio objetiboenekin, eta guk gaur 95 lokal eskatzaile ditugu gure hirian, (…) ezin erantzunik [gaude], (…) eta nik ez dut ikusten arrazoirik edo ez litzaidake bidezkoa irudituko momentu honetan 95 horiek bazter batean utzi eta honi [Kortxoeneari] halako preferentzi tratamenduren bat eman behar izatea”.

Bistan da: udalak Kortxoenearen auzi sozial honetan “gutxi” du esateko; “baliabide mugatuak” ditu (bai?; Tabakalera nola bete ez daki); udal kultur sarean txertatzeko aukera baino ez die ematen; “kriterio objetiboenak” erabilita 95 lokal eskatzaile horiek(-eta) bazterrean utzita Anoeta bezalako lokal tzar eta berri batean udalak berriro milioak gastatuko ditu jabe pribatu baten mesedetan… Bukaeran dago arrazoia: ez da udalaren lehentasuna Kortxoenea. Gizarte eredu desberdinen talka Europako Bizikidetza Hiriburua izateko bezperatan.♦

Egoitz Urrutikoetxea, post scriptum

Egoitz Urrutikoetxeari BERRIAn egindako elkarrizketan ez dugu sartu galdera-erantzun hau. Hemen doa:
Larunbatean etxera itzuli zinenetik joan al zara Hego Euskal Herrira? Edo asmorik bai?
– Ez naiz joan, eta joateko asmorik ere ez dut, badaezpada. Begira zer pasatu zaion Iruñeko mutil horri… [Peio Jon Santxez Mendazari buruz ari da Urrutikoetxea. Bizitza arrunta daraman arren, Ertzaintzak aurreko astean Santxez ETAko buruzagitzat jo zuen publikoki, eta hedabide batzuek, argitaratu]. Bildoze-Onizepean nago larunbatetik, familiaz gozatzen eta alabez arduratzen, plazerez, eta Euskal Herriko arnasa hartzen ere bai. Baionara joango naiz egun hauetako batean, datorren astean Parisera itzuli aurretik. Baina Hegoaldera, ez-ez, badaezpada”.♦

III. estatu ituna

BERRIAko analisiaren (2015-11-14) laburpena: 1978an egin zuten I. estatu ituna: Espainiako Konstituzioa. Haren barruko Herriei nazio izaera eta autodeterminazio eskubiderik aitortzeke. Batik bat nazionalismoak integratzearren, autonomien estatua asmatu zuten, baina 1982an LOAPA etorri zen, abertzaleen eskuko erkidegoek hainbesterainoko ahalmenik ez izateko. 2000n heldu zen II. estatu ituna: euskal mapa politikoa iraultzeko Askatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna egin zuten PPk eta PSOEk. Baina estatu eredua krisi larrian da. Herriek aske izateko bidean jarraitzen dute. Orain egin nahi dute PP, PSOE eta C’s unionistek III. ituna, dagoeneko egina ez badute: bide instituzional, politiko, baketsu eta demokratikoak erabilita Espainiako Estatutik askatu nahi dutenak zigortzeko. Baina Urkulluk oraindik ikusten du estatu eredu berria lor daitekeela. Non dago zirrikitua?♦

Imanol Murua Uria, ETAren jarduera armatuaren bukaeraz orain

2010ean, Loiolako 2006ko elkarrizketen garaiko prozesuaren liburua argitaratu zuen Imanol Murua Uriak (Loiolako hegiak), eta orain ETAren jarduera armatuaren bukaeraz aterako du beste bat. Abenduaren 3an aurkeztuko du, Donostian, 10:30ean, Elkar-ek Fermin Kalbeton kalean daukan dendan (koedizioa: Elkar-BERRIA). Hain zuzen, 2007ko ekainean ETAk su-etena hautsi zuenetik 2011ko urrian jarduera armatuaren betiko amaiera jakinarazi zuen arte zer gertatu zen argitzen saiatu da Murua. Adierazpen eta agirietako lerroartekoak-eta interpretatuta ETAren jardun armatuaren bukaera bazetorrela aurreikusiz, 2010eko udaberrian Nevadako Unibertsitateko (Reno, AEB) Euskal Ikerketa Gunean proiektuaren asmoa aurkeztu zuen, eta iazko azaroan, doktore tesia bera. Ikerketa hori libururako moldatu du, kronika moduan. Leitu, azpimarratu eta ongi gorde beharko da.♦

Galdeketa Legea (II)

“(…) Berriki bizikidetza eta pertsonen egiazko askatasun eraginkorra murrizten zuten baldintzatzaile totalitariorik izan gabe, gizarteak res publikoaren kudeaketan parte hartze handiago bat eskatu eta galdatzen du, legezko berme guztiekin hiritar borondatearen egikaritze libre eta demokratikoari bide emango dioten demokrazia zuzeneko formulen bitartez. (…) Europako beste udalerri batzuen jurisprudentziak eta eskarmentu munizipalistak parte hartzeko gune berri bat ireki dute lotesleak ez diren eta erreferendum ez diren herri kontsulten bitartez, non udalek herritarrek udal politikei buruz duten iritzia kontsulta dezaketen”. Eta Hiritar Kontsulten Erreglamendua onartu zuen. Donostiako Udalean. Joan den apirilean. Lau udal taldeek, aho batez: Bilduk, PSE-EEk, PPk eta EAJk.

Gaur egun Euskal Herrian askatasun egoera badago, gizarteak res publikoan parte hartze handiagoa eskatzen badu, erakunde publikoek kontsultei lege babesa ematerik badute, herritarren borondatearen berri izateko tresnak —demokrazia zuzeneko formulak— badaude eta Europako herrialde aurreratuenen pare jartzerik badago, EAJk, PSEk eta PPk —Donostian Hiritar Kontsulten Erreglamenduaren alde azaldu ziren haiek— zergatik botako lukete atzera EH Bilduren Herritarrak Ahalduntzeko Lege proposamena? Mario Benedettik, politikari buruz: “Erantzun guztiak genituela uste genuenean, bat-batean galdera guztiak aldatu zituzten”.♦

Galdeketa Legea (I) 

Galdeketa Legea (I)

Independentisten artean EH Bilduk kritika (gutxi) batzuk jaso ditu EAEko Herritarrak Ahalduntzeko Lege proposamena aurkeztu duelako, bidea hori ez delakoan, eta katalanena segitzeko eskatzen diote. Katalunian, ordea, honaino iristeko, besteak beste Galdeketa Lege bat onartu zuen parlamentuak 2014ko irailean, eta han oinarrituta deitu zuen Artur Masek iazko azaroaren 9ko galdeketa, katalan estatuari buruzkoa. Kataluniako Kontsulta Lege horrek erkidegoko Autonomia Estatutaren 122. artikulua garatu zuen, eta Generalitateari kontsultak deitzeko ahalmena ematen dio. Emaitzak ez dira bete beharrekoak, baina hor dago balio politikoa. Espainiako Auzitegi Konstituzionala legez baliogabetzen ari da katalan subiranisten saio oro, baina jakinekoa zen hori gertatuko zela. Nazioarteko prozedura estandarra betetzea da katalanak egiten ari direna, modu baketsuak, demokratikoak eta politikoak erabiliz, Kataluniako gehiengo parlamentarioan oinarrituz, herritarrei hitza emanez eta Espainiako Gobernuari negoziazioa eskainiz. EH Bilduk gauza bera egin nahi du (Rebeka Uberak hori azpimarratu du BERRIAko elkarrizketan). Beharko ditu aliatuak, gogotik landu beharko du aliantza politika. Katalan independentistak blokean ari dira.♦

Independentismora abertzaletasunetik

BERRIAko analisiaren (2015-11-1) laburpena: Independentista sareak dio abertzaletasunetik harago doan independentismoa sortu behar dela. Independentismoak funtzionatzeko, faktoreak faktore, mobilizazioak mobilizazio eta aurkariaren probokazioak probokazio, azkenean bototan ere neurtu behar ditu indarrak, eta Katalunian ikusi dena da ordezkaritza instituzionalean independentismoa hazi, abertzaletasunean hazi dela. CDCko zuzendaritzak emandako pausoa erabakigarria izan da, baina Katalunian lehen CiUren ohiko boto-emaile gehienak ez al ziren independentista? 2009-2011 arteko 554 galdeketek bazirela zioten. Duela urtebete Arrankudiagan (Bizkaia) EAJ ofizialki ez zen herri galdeketaren alde agertu, baina jeltzaleen talde kualifikatu batek babestu eta sustatu egin zuen, eta interpretatu daiteke EAJko boto-emaile gehienek ‘euskal estatu subiranoa bai’ bozkatu zutela. Nazioaren bereizgarriei eutsiz, eremurik urbanoetarako-eta diskurtso instrumental batekin eta praktika zehatzekin batik bat oinarri abertzalea aktibatuz, alderdietako maila orotako koadroetan eragitea al da euskal independentismoaren jauzirako giltza bat?♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑