Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 32 of 47

Lurraldetasuna

Andoni Olariagak, Jule Goikoetxeak, Unai Apaolazak eta Imanol Galfarsorok Independentzia helburu liburu sakonean ez dute aztertu edo ukitu lurraldetasunaren kontua. Aurkezpenean, lurraldetasunaz galdetuta, Goikoetxeak zioen ez dutela “problematizatu”. Independentismoan estrategia eraginkor baterako oinarriak jartzeko apenas dagoen eztabaidarik horretaz. EH Bilduk Euskal Bidean lerro batzuetan du “irizpidea finkatua”: “Espainiako Estatuarekin harremana erabaki aurretik, bi eremuetako [EAE, Nafarroa] herritarrek euren arteko harremana erabakitzea –Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera– lehenesten dugu”.  “Bitartean, Euskal Herria“, esaten du Imanol Esnaolak, Gaindegiako arduradunak; “independentziarako aukerak gauzatu ala ez erabakitzen dugun bitartean Euskal Herri izateko egitasmoa garatzea beste aukerarik ez dugula da, dirudienez, Kataluniako ikasgai nagusia”. Katalunia aipatuta, 2013ko Diadaren biharamunean ANCko buruekin pare bat orduz egoteko aukera izan genuen. Estatugintza sustatzeko balio unibertsalak landu beharraz aritu ziren —”ez joan katalan hizkuntzaren kontuarekin Cornellara”—, eta zioten lurraldetasunari ere garrantzia handia eman ziotela biltzar nazionala sortzeko prozesuan. “Estatu bat izateko zehaztu beharra zegoen: Principatekin abiatu ala Herrialde Katalanak hartu”. Iskanbila handia eduki zuten barne mailan, eta jende baliotsu bati ez zioten utzi ANCn sartzen, jende horrek uste zuelako Herrialde Katalanak hartu behar zirela hasieratik. “Estrategia da hori ere”, azpimarratu ziguten ANCko bultzatzaileek.♦

Jose Mujica, Kaxiano, Izagirre…

Orain ez bezala, maiatzeko hauteskunde kanpainan —udal eta foruetakoan— Euskal Herrian izan zen Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia, bikotekide Lucia Topolanskyrekin batera, eta, besteak beste, Iñigo Urkullurekin eta EH Bildurekin bildu zen. Egun haietako batean bete zituen 80 urte —maiatzaren 20an—, eta, egun hartan Juan Karlos Izagirrerekin-eta Donostiako Parte Zaharrean egindako afarian Zorionak zuri abestu zioten. Mujicak esan zien kantatzeko beste zerbait, yankie dela-eta hura. Kaxianoren Zorionak zure urtebetetzean abestu zioten, eta gustura geratu zen. Aurreko egunean Izagirrek Igeldon duen txabolan bazkaldu zuen, harekin eta bien bikotekideekin —ordukoa da argazkia—. Donostiako garaiko alkatea: “Natural-naturala da Pepe Mujica. Hori bai, beti erne egoten da eta ez ditu alferrikako hitzak erabiltzen. A!, eta ez du presarik izaten”. Topolanskyren jakituriarekin harrituta geratu zen Izagirre. BERRIA Izagirrerekin berarekin ia hiru orduz egon da txabola hartan, eta aste batzuk barru aterako dugu erreportaje zabal bat. Badu Pepe Mujicatik zerbait: naturala da.

JoseMugica

(argazkia, Juan Karlos Izagirrek utzitakoa. 2015-05-19, Igeldo)

Badaezpada han

BERRIAko analisiaren (2015-12-6) laburpenaEspainiako Kongresuan hurrena ez da alderdi baten gehiengo osorik egongo, baina bai beste estatu itun bat egitear diren indar batzuen artekoa. Hain segur, PPren eta Ciudadanosen artekoa —estatu interesetan, itunkide PSOE lagun dute—. Euskal Herriak ukazioa jasoko du. Baina EAJ / Geroa Bai eta EH Bildu Madrilen izango dira, badaezpada: EAJ, sikiera Gernikako Estatutuaren erreforma leun bat lantzen bada han ere egote aldera, eta EH Bildu, ETA armagabetzen bada ere. Nafarroako Aldaketaren mugimendua ez da Madrilera begirakoa, ez da badaezpadakoa. Nafarroako aldaketa sendotzen segitzeko egina da urratsa. Ez da eskumen kontua, irismen kontua baizik. Bada aldea.♦

Bisioa

1990eko abenduaren 6 hartako azalean Durangoko Azokak mende laurden bat bete zuela zekarren; Ipar Euskal Herriak baliabideak behar zituela; Europako herri bat independentzia lortu nahian zebilela; AEBetako militarrak berriro zebiltzala beste herrialde bateko kaleetan; auzi politiko batean gipuzkoarren bi heren erreferendumaren alde zeudela; Espainiako Estatuan azkenetan zen erakunde armatu bateko kide batek estradizio auzi bat zuela Frantziako Errepublikan; Irak-en eta AEBen arteko gerra kontuak ere bazekartzan azalean; bonba atomikoa lortzeko mehatxuak bazirela; EAJren eta PSEren arteko negoziazioak; EHUko barne arazoak; euskararen erabilera txikia hamar mila biztanletik gorako udalerrietan; eta Athletic. 25 urtera begiratuta, nobedade handirik ez, funtsean.

Berritasuna kazeta bera zen: Euskaldunon Egunkaria. 1. zenbakia zuen gaur 25 urteko hura. “Agur t’erdi”, zioen azalean, ohar bateko izenburuan. Egunkaria-ren 11 oinarri fundazionalak: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, erakunde politikoekiko independentea, erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala, diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria.

Bai, estatuak 2003an itxi egin zuen. Baina garrantzitsuena da Euskal Herriak sortu egin zuela, 1990ean. Eta hor segitzen duela etxe horrek, proiektu horrek. Berria zen 11. oinarria; bisioa izatea deitzen zaio hori…

Egunkaria

Murua Uriaren liburuko azaleko aizkora, Olasagastirena

Aizkora bat dago Imanol Murua Uriaren Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika liburuaren azalean, Joxe Mari Olasagastiren aizkora bat. Juanma Aramendi Elkarreko diseinu taldeko kideak egin du. Bururatu zitzaion aizkora batek behar zuela liburu horren azalean, eta Olasagasti aizkolariaren sagardotegira joatea pentsatu zuen. Aramendi urtean zehar joaten da hara afaltzera-eta, eta, beraz, badaki Olasagastik aizkora sorta bat duela han, ikusgai. Baina azala egiteko denbora falta zela-eta hara ez, baizik eta Aratz Donostiako tabernara jo zuen, lantokiaren inguruan izanik badakielako han badela, mostradorearen atzealdean, Olasagastiren aizkora bat, puskatutako bat; diseinatzaileak nahiago, gainera, halakoa izatea. Argazkia atera zion, eta azala pronto utzi zuen. Atzo artean behintzat Olasagastik ez zekien ezer. “Bidaliko diogu liburu bat”, dio Aramendik. (Ostegun honetan aurkeztuko du liburua Murua Uriak. Hemen pasarte bat)♦

jmolasagasti

Gure Esku Dago, pedagogia II + konkrezioa

Gure Esku Dago-k pedagogia egiten segitzen du. 2013ko ekainean sortu zenean ekin zion zeregin horri, autodeterminazio eskubidea edo –termino honi heldu zion– erabakitzeko eskubidea politikarien zurrunbiloan eta lokatzetan sartuta zegoela irizten ziolako, eta, ondorioz, horrek “gatazka” sortzen zuelako. Bi urteko ibilbide emankorarren ostean, joan den ekainean estadioetako-eta ekitaldietan beste jauzi bat eman zuen: “Erabakiaren aroa hasi da”. Hau da, galdeketena. Esan zuen Zelai Nikolas eledunak BERRIAn: “Gure Esku Dago ez da sortu erabakitzeko eskubidea urteetan eta urteetan aldarrikatzen ibiltzeko. Eskubide hori praktikara eraman nahi dugu”. Pedagogiaren bigarren partea hasi du orain, lehengo astean ezohiko batzarra eginda: erabakia gauzatzeko urratsak finkatu nahi ditu, eta “zer, noiz eta nola erabaki” galderei erantzuteko adostasunari garrantzia emango dio. Hala ere, oraindik Gure Esku Dago-k, pixka bat edota oro har, itzulinguruka jarraitzen du. Hala, bidea urratzeko, datorren urteko ekainaren 12an “erabakitzeko adierazpenak” aurkeztuko ditu. Burujabetza prozesu bati ekiteko baldintzak sortzen joatea da kontua, oraindik ez baitago nahikoa baldintzarik. Baina konkreziorako garaia ere bada, eta orain jakin da hark sustatuta Gipuzkoako Goierriko 22 herrietan –ia 70.000 biztanle– hurrengo ekainaren 19an galdeketak egingo dituztela; menturaz, ibilbide luze bati esker baldintzarik onenetakoak han baitaude –Diman eta Ispasterren ere izango dira; Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan egin ziren–. Elementu katalizatzaile bila jarraitzen du Euskal Herriaren parte batek.♦

Pedro Luis Uriarteren eskaera hori

“Eustatek argitaratzen du zenbat ordaintzen duen estatuak hemen [EAEn]. Kalkulua egin dut, eta azken hamalau urteetan ordaindutakoa baino 15.000 milioi gutxiago jaso ditugu. (…) Balantzak oso argi daude, baina ez dakigunez geure burua defendatzen, ia ez da entzuten halako datu funtsezko bat. Nori bururatzen zaio halako estatistika garrantzitsua abuztuan argitaratzea, ohar huts batekin? Gure agintariek agerraldia egin eta azaldu beharko lukete hori, eta esan diet hori egiteko” (BERRIAko elkarrizketa). Pedro Luis Uriartek esan die hori “gure agintariei” (Jaurlaritzakoei, ulertzen denez), eta ez da edozein hura, frankismoaren osteko lehen Jaurlaritzan Ekonomia eta Ogasun sailburu izan zelako, eta garaiko kontzertu ekonomikoa hark negoziatu zuelako Espainiako Estatuarekin. Abuztuan argitaratu zen “halako estatistika garrantzitsua”, baina Uriarteren eskaera (oraindik?) ez dute kontuan hartu “gure agintariek”. Konfrontaziorako gogorik edo asmorik ez?

Moncloak Generalitateari 2012an itun fiskala ukatu zion garaian Katalunian subiranistak hasi ziren datu garrantzitsu bat zabaltzen: Katalunia estatu independentea balitz urtero 16.000 milioi euro gehiago edukiko lituzkeela. Baina utzi zioten itun fiskala eskatzen ibiltzeari. Estatu izan nahi dutela erabaki zuten.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑