Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 31 of 47

Bigarren partea

BERRIAko analisiaren (2016-1-14) laburpena: Sorturenak Espainiako legedia betetzen zuten estatutuak ziren; sobran bete ere. Lortu zuen estatuaren legeztapena, 2012ko ekainean. Bidea erakutsi zuen. ETAren 2011ko urriko erabaki historikotik aurrera Espainiarekin gatazkaren ondorioez aritzeko ahalegina antzua izan ondoren, 2013ko uda hasieran elkarrizketa adierazgarri bat eman zuen Iñigo Iruinek BERRIAn euskal presoek jorratu beharrekoaz. “Oso kontuan hartu behar du zein diren egungo legezko baldintzak eta baldintza juridikoak”. 2013ko abenduan etorri zen EPPKren adierazpena: kolektiboko presoak prest zeuden Espainiako lege baliabideak erabiltzeko; gainera, aitortu zuten “eragindako sufrimendua eta mina”. Emaitzarik ez, estatuak itxita jarraitu baitu. Estrategia haren bigarren partea dator orain, Rufi Etxeberriak herenegun Iruñeko hitzaldi batean esandakotik aurreikusi ahal denez. Dena dela, dagokien tokian idatziak aurkeztean komeniko litzateke presoek aurreko aldian baino gardentasun handiagoa izatea. Sortuk estatutu deseroso haiek publiko egin zituen, denek jakiteko moduan.♦

Presoak eta presak

BERRIAko analisiaren (2016-1-10) laburpenaGatazka armatuaren garairik gogorrenetan eta haien ondorengo prozesuetan euskal presoen auzia agendan egon zen, gehiago edo gutxiago. Aldiz, ETAk 2011ko urrian borroka armatua bukatutzat eman bazuen ere, presoen auzia ez dago agendan. Erantzule dira Espainiako eta Frantziako estatuak; haiek dituzte espetxeetako giltzak. Gainera, atzerapausoak egin dituzte bakearen urteotan, batik bat Espainiak. Baina Madril oso lasai egon da, euskal gizarteak ez baitio presio eraginkorrik egin, mobilizazioak mobilizazio. EAJk badu erantzukizun historikorik honetan guztian. EAJk ez du presorik, eta presarik ere ez. Esaten du, gainera: ezker abertzalearen arazoa da presoena. Ezker abertzaleak ere badu erantzukinik. Baditu presoak, eta badu presarik gatazkaren parte humano hori konpontzeko eta, ondorioz, bere proiektu politikorako bidea zabaltzeko. Itotzen ari da, eta gatazkaren ondorioetan haren aldetik erabaki berri eta handien garaia heldu dela barruntatu ahal da. Erne gizartearen indiferentziarekin.♦

Pedro Sanchez+ balego

Portugalgo lehen ministroari egindako bisita esanguratsuan Pedro Sanchezek adierazi du han bezala gobernu “progresista” bat eratzeko asmoa duela –ikusiko dugu utziko dioten PSOEn bertan–. Iazko otsailean Lizarrustin Jesus Egigurenen eta Karlos Ioldiren arteko juntadizoa egin genuenean, mendi bueltaxka bat egitera abiatu aurretik aterpetxean salda bat hartzen ari ginela Pablo Iglesias agertu zen telebistan, eta Egigurenek zioen bere iritzian Sanchez izango dela Espainiako hurrengo presidentea, “hauek [Podemos] ez direlako gure aurretik geratuko”. Haren teoriaren arabera, euskal presoen auzian balegoke aurrerabiderik PSOEko gobernuburu batekin. “Presoen kontua nik uste dagoeneko estatu normal batean konponduta legokeela. Presidente berriak —jo dezagun Pedro Sanchez dela—, kargura iristeko, baten baten edo batzuen babesa beharko du, eta, dudarik gabe, [presoen] kontu honi kasu egiteko eskatuko diote. (…) Aldaketa bat izango da, ez beharbada formala eta aitortutakoa, baina egongo da zerbait”.

Gobernu hori balego, ezker abertzaleak modu inteligentean jokatu beharko luke. Hau da, eskakizun eta forma aldetik, suabe. Hor dabiltzanek diote.♦

‘Tentuz. Noski. Jakina’

Karlos Ioldi euskal preso ohiak Ekarri armak liburuan Lizarra-Garaziz eta haren hausturaz: “Gizartean zegoen ilusioa! Bisitetan ikusten genuen. Egundoko ilusioa zegoen. Kartzelan luze egon garen guztioi gertatu zaigu irizpide propioak garatzea, sendotasun politikoa. Urteak egiten dituzu, eta ez dituzu hainbat gauza irensten edonola. Ez, ez. Garai hartan, Lizarra-Garazin, zenbat denbora joan zen? Zer nahi duzue, autodeterminazio eskubidea bermatzea egun batetik bestera? Horren hausturak zeini egingo dio mina? Zeinek kapitalizatuko du? Sinesgarritasuna galdu genuen. Galdu egin genuen. Ondorio politikoa zein izan da? Harrezkero, EAJ, gurekin, tentuz. Noski. Jakina”.

CUPi kostatu behar zaio azkeneko hiru urteetan irabazitako sinesgarritasunari eusten. Sendotasun politikoa izanik, estatu jokabidea eduki izan du une zailetan; 2014ko herri galdeketa aurrera atera zedin, adibidez. Baina azken asteotan –CUPen garaile atera den ildoak– errespetu eskasa erakutsi dio katalan independentismoari, prozesu kolektiboa pertsona batera mugatuta bezala.

EAJk zernahitarako apuntatuko zuen kuadernoan: ‘Tentuz. Noski. Jakina’.♦

Mundura eta barrura begiratu

Duela bi urte Harvard-eko (AEB) Institutu Politikoaren webean 2025ean egon daitezken bost estatu berriak artikuluan ez zen ageri Euskal Herria. Tartean ziren Eskozia, Katalunia edo Quebec. Garai bertsuan Asier Blas irakasleak zioen New York-eko Columbia Unibertsitatean euskal estatugintzari buruzko ikerketak aurkezten egon zirela, baina “Mendebaldeko sezesio prozesuak aztertzerakoan, Eskozia, Flandria, Katalunia eta Quebec konparatu ohi dira. Euskal Herria kanpoan geratzen da, aldarrikapen independentista indarkeria politikoarekin lotu izan delako. Orain, aldiz, ETAren jarduna amaitu denean, New Yorken gustura gonbidatu gaituzte lau ponentzia aurkeztera. Halere, autodeterminazioari buruzko mahai-inguruan euskal kasua ez da egon presente: Eskozia, Katalunia eta Quebec aztertu dira, flandriar baten gidaritzapean”. Vicent Partal katalan kazetariak BERRIAn idatzi berri du Frantziako azken bozetatik aurrera “Europako Batasunak lau gobernu independentista” dituela, “beren barnean estatu berriak sortzearen aldekoak: Eskozia, Flandria, Katalunia eta Korsika”. Quim Arrufatek (CUP) esan zuen duela bi urte: “Madrilera begiratzeari utzi egin behar diogu; hildako bide bat da. Mundura begiratu behar dugu”.

Eta Euskal Herrian, barrura ere bai. Norberak-eta.

PPrekin harremana

BERRIAko analisiaren (2015-12-23) laburpena: EAJk esan du inbestiduran ez duela Rajoyren alde egingo, baina ez du esan ez duenik baztertzen PPrekin —gobernuan balego— harreman berri bat abiatzea, eta ez du esan PSOEren alde egingo duenik gobernu alternatibo bat eratze aldera. Zain geratu da EAJ, autogobernuaren alorrean-eta zeinekin eta nola moldatu ahal den aztertzeko. Behin gobernua badela —PPrena, hain segur—, EAJk aurrerantzean ere aldarrikatuko du nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea, 2016ko boz autonomikoak buruan ikurrok erabat besteen esku ez uztearren. Baina, bide batez, iristeke diren eskumenei eutsiko die, Moncloari kontua eskatuta. Sabin Etxeak ikusten du Eusko Legebiltzarrean hurrena ezkerreko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeek espazio indartsu bat egituratu ahal dutela —maiatzeko bozen estrapolazioan, 30 aulki; igandekoetan, 34—, eta, agian, EAJri ez zaio aski izango PSEren sostengua; PPrena ere beharko luke. Estatuari, berriz, komeni zaio ez piztea beste lurralde gatazkarik, eta EAE kontrolpean izateko lanean segituko du, formula jatorragoekin bada ere.♦

Aklaratu

Iñaki Anasagastik esaten du estatu unitarioa sagar baten modukoa dela, dena homogeneoa eta bat. Estatu federala, berriz, laranja baten modukoa dela, atal indibidualak dituena, baina denak pieza batean bilduak, berdin-berdin. Eta estatu konfederala, mahats mordo bat bezalakoa, mahats denak bereiziak dituena, baina guztiak mahats mordoko adar txikien bidez txorten baten bueltan bilduak.

Esaten dute irekiko dutela Espainiako Konstituzioaren meloia. Euskal Herriarentzat, kalabazak berriro?

Tripak nahasteko modukoa da, baina burua nahasi ahal da. Benito Lertxundik esaten du “kolonizatua dagoen herri batek botaka” egin beharra duela “inperialismoak bota dizkion basa guztiak” kanporatzeko. “Euskaldunok automatikoki diogu arazo nazionala dugula eta, gainera, demokrazian bizi garela. Hori ura eta olioa bezala da; ez dira elkartzen inoiz, teknikoki ezinezkoa da. Edo dago bat, edo bestea. Orduan, aklaratu egin behar dugu”.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑