Harkaitz Canok Txintxarri-n esan du Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraz antzerkilan bat idazten ari dela. Haren lehenengo antzezlan “nagusia” izango da, eta enkarguz jaso du. “Eta hortxe nabil, kazetaritzari eta Egunkaria-ren itxierari buruz idazten”. Kazeta gaur hamahiru urte itxi zuen Espainiako Estatuak, “indarrez eta gezurrez”, Canok berak Egunkaria-ren 25. urtemugaren garaian idatzi zuen bezala. Harentzat, “paper baino mapago zen Egunkaria, sortzetik: gure errepidea, gure geografia, gure komedia, gure tragedia, gure narrazioa”. Eta Anarirena ekarri izan du gogora: “Garrantzitsuena ez da guk nola irakurri dugun Egunkaria, baizik eta nola irakurri gaituen Egunkaria-k gu”. Ekarpen handiak Euskal Herria egiten joateko. Egunkaria herri proiektuak Gaur irekiko ditu ateak dokumentala (Eriz Zapirain, 2015) behar izan duen bezala, itxieraren auziak behar du antzezlanik, behar zituen Gezurra ari du. Egunkaria-ren itxieraren kronika (Lorea Agirre, 2004) eta Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronika (Pello Urzelai, 2010) liburuak, behar zuen Egunkaria, hamar urte geroago dokumentala (ETB1, 2013), eta beste. Baina hurrena ea inor animatzen den fikziozko film bat egitera, emozionalki, kulturalki, linguistikoki edota geografikoki urruti daudenengana heltzeko xedez. Garrantzitsua izan da guk nola bizi izan dugun Egunkaria auzia, eta garrantzitsua izango da gu ez diren haiek ere bizitzea, momentu batez sikiera. Hori ez dugu lortu, Espainiaren inpunitatearen patxadarako.♦
Page 30 of 47
Iazko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak baino pixka bat lehenago HBko Mahai Nazionalean 1980 eta 1990 hamarkadetan kide esanguratsu izandako batek esan zidan bere ustez Bilduren 2011ko emaitzetatik heren bat galduko zuela EH Bilduk, Ahal Dugu sortu zela eta. Ez zen horrenbesterako izan: lau herrialdeetako foru bozetan Bilduren botoetatik %8,1 egin zuen behera EH Bilduk, eta Bildu+Aralarren botoetatik, %17,8. Batez bestea ateraz gero, %12,9 behera. Abenduan bai galdu duela heren bat EH Bilduk, Kongresurako hauteskundeetan: Amaiurren bozen aldean, %34,7 gutxiago Hego Euskal Herrian. Forukoen aldean hauteskunde desberdinak izan ohi dira estatalak, eta harentzat azkenekoak gehiago, Podemos efektuagatik. Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrerako bozei begira egindako azken soziometroa atera da: bi indar haien kasuan, Ahal Dugu-k 18 aulki, EH Bilduk 15 –duela lau urte, 21–. EAEko bozak Ahal Dugu-rentzat foruetakoak ez direla izango ikusita –iaz alderdi berri-berria zen eta, gainera, udalekoetan ez zen aurkeztu– eta EH Bildurentzat estatalak ez direla aintzat hartuta –bere alde gehituz Otegi faktorea eta gatazkaren ondorioetako balizko urratsak–, kalkulu, aurreikuspen edo pronostiko bat izan daiteke EH Bilduk duela lau urtetik botoen %15-%20 galtzea; orduko banaketaren arabera, lau aulkiren galera.
Baina hor benetan ikusteko dagoena da EH Bilduk eta Ahal Dugu-k –Ezker Anitza ere sartu ahal da–, 75etik gutxienez 38 dituzten. Hau da, gehiengo osoa duten. Duela hilabete bat EAEko Ahal Dugu-ko inguruaren inkesta bat heldu zitzaigun: Ahal Dugu-k 22 –abendukoetan botoetan aurrena izan zen–, EAJk 21, EH Bilduk –Otegirekin– 16, PSEk 8, PPk 6, Ciudadanosek 1 eta Ezker Anitzak 1. Hots, Ahal Dugu+EH Bildu+Ezker Anitzak, 39. Eman, ordea, EAJri gutxienik 3-4 gehiago –noren kaltetan, baina?–. Eta erne EAJk Ahal Dugu-Podemosera begira egin ditzakeen mugimenduekin, izan hemen, edo izan Madrilen, gobernu progresistarik (?) balego.♦
BERRIAko analisiaren (2016-2-6) laburpena: Hegoaldeko ezker abertzalearen egitura politiko-zibilak klandestinitatea, debekua eta kartzela baino ez zituen beretzat, eta, politikan nor izateko, aukera bakarra zeukan: Espainiako legedia betetzea. Duela sei-zazpi urte dagoeneko ezin ziola eutsi estrategia politiko-militarrari, eta aldatzea erabaki zuen. Zutik Euskal Herria (2010eko otsaila), Gernikako Akordioa (2010eko iraila), Sorturen estatutuak (2011ko otsaila) eta ETAk jarduera armatua uzteko jakinarazpena (2011ko urria) dira adierazpenik adierazgarrienak. Dena dela, gogoetak, eztabaidak eta saioak lehenagotik zetozen: 1992, 1995, 1998, 2004, 2006. Gatazkaren ondorioen konponbiderako A planak, gehienean, huts egin zion ezker abertzaleari, eta ikusi da ez zuela B plan azkar bat. Plano teknikoan —politikoak badu bere zailtasuna, propioa—, ezker abertzalearen operazioa ez da bukatu. Ikusi da presoenean bide berriko lehen urratsak ez direla aski izan estatuek eta euskal gizarteak aintzat hartzeko, eta Sortuk presoei eskatu die pauso “berriak” eta “ausartak” egiteko. Estrategia independentistaren barruan kokatu nahi ditu haien ekarpenak, baina jendea kartzelan dela zaila izango zaio estrategia independentista bat garatzea. Alez aleko emaitzekin, energia positiboaren beharrean da. Ilusiorako.♦
(Juan Karlos Izagirreren agintaldiko kontakizunaren –Politikaren beste ikuspegi bat– hirugarren eta azken post scriptum-a, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaz, inaugurazio ekitaldi nagusiaren bezperan). Izagirrek dio Itziar Nogerasek 2014ko apirilean zuzendari kargua utzi zuenean Donostia 2016 “kolokan” egon zela. Orduan hartu (behar izan) zuten zuzendari ez-euskaldun bat: Pablo Berastegi. Kontu haiez mintzo da Izagirre: “Donostia 2016an atera diren lanpostu guzti-guztietan euskara eskatu zen. Eta bilera guzti-guztiak euskaraz egiten ziren, bai instituzionalak –Espainiako Gobernukoak sartu ziren arte–, bai langileekin egindakoak. Itziar Nogeras zuzendariak egun batetik bestera dimisioa eman zuen, eta krisi potoloa genuen. Esango genuke Donostia 2016 orduan benetan egon zela kolokan. Soslai berria zehaztean, guk genioen zuzendari berriak ere euskalduna izan behar zuela, baina Jaurlaritzak eta Madrilek zioten proiektuaren krisia zela-eta horrek arriskuak zekartzala. Beraz, erabaki genuen Bruselaren irizpideak segitzea. Bruselak esan zuen zuzendariak, esperientzia izateaz gain, jakin behar zuen hizkuntza bakarra ingelesa zela, eta hortik aurrera baloratuko zirela euskara eta gaztelera. Deialdiak Europa mailakoa izan behar zuela ere bazioen Bruselak. Hizkuntza irizpide haien berri euskalgintzako eragileei hasieratik eman genien. Azken hiru finalisten artean ez zegoen euskaldunik, eta guk hirurak ohartarazi genituen, lana non egingo zuten esanez eta galdetu genien zer suposatzen zuen horrek beraientzat. Sentsibilitatea erakutsi zuten. Haien artean zegoen Pablo Berastegi, eta hark irabazi zuen”.♦
—
Oharra (2016-01-25). Irakurle batek bidalia: “Joan den larunbatean Viktoria Eugenian izan nintzen, Donostia 2016ko ekitaldi ofizialean, eta Espainaiko Kultura ministroak euskara gehiago erabili zuen Pablo Berastegik baino. Harrapazak!”.
(Juan Karlos Izagirreren agintaldiko kontakizunaren –Politikaren beste ikuspegi bat– bigarren post scriptum-a). 1979tik aurrera eta Izagirre baino lehenago, Jesus Maria Alkain zena, Ramon Labaien zena, Xabier Albistur eta Odon Elorza izan ziren Donostiako alkateak, eta Izagirrek dio bere agintaldian harremanik onena Labaienekin izan zuela. “Gertutasun handia izan nuen harekin, eta oso harreman ona. Alkate zen garaian ere, Igeldo herritzat zeukan hark”. 1983-1987 artean izan zen alkate Labaien, EAJtik.
1983ko azaroan, ordurako karguan zegoela, EAJk Sabino Aranaren heriotzaren 80. urteurreneko ekitaldi bat antolatu zuen Donostian, eta Labaien ere mintzatu zen: “Sabino Aranak ikusten zuen sozialisten arriskua: euskal nazioaren kontzeptua desegiteko masak erabiltzeko profesionalak zirela”.♦
(Juan Karlos Izagirreren agintaldiko kontakizunaren –Politikaren beste ikuspegi bat– lehen post scriptum-a). Historikoa izan zen hark 2011n Donostiako alkate postua lortzea, ezker abertzaleak –kasu hartan Bildu koalizioaren bidez– hiriburu batean zeukan estreinako alkatea zelako. Izagirrek ez zuen aipatzen ezker abertzaleko alkatea zenik; Bildukoa zela esaten zuen. Orain Iruñean Joseba Asiron (EH Bildu) den bezala. Asironenak ere badu historikotik, Iruñeak daukan pisu eta sinbologiatik. Izagirrek dio biak hurrengo astean “bilera serio bat” egitekoak direla esperientziak partekatzeko. Donostiako alkate ohiak ikusten du diferentzi nabarmen bat: “Iruñean EH Bilduk beste udal talde batzuekin batera gehiengo osoa du, eta gobernu akordioa daukate. Gauzak aurrera ateratzeko aukera ziurtatzen dio horrek Asironi. Gu, aldiz, gutxiengoan geunden, eta oposizioko taldeek birrindu egiten gintuzten, inolako logikarik gabe. Horrek pixkanaka desgaste bat dakarkie alkateari eta gobernu taldeari”. Abisu bat eman du, halaber, Izagirrek: “Udaletxetik aparte, Donostian eta Gipuzkoan zeuden bezala, Iruñean eta Nafarroan ere badira botere faktikoak, urteetan sare bat osatu dute. Euren interesengatik gustukoa ez zen udal gobernuaren aurkako izugarrizko lana egin zuten gurean, eta Iruñean ere egingo dute legealdi honetan”. Aholku txiki bat ere badu emateko: Asiron ere koalizio bateko kidea den arren, izan behar duela haren diziplina pean erabat ez aritzeko marjena eta baliatu behar duela hori.♦
Euskal estatus politikoaz, sinbolikoki badaere, erabakitzen hasteko urtea da 2016a Euskal Herrian. Oraingoz publiko egin denez behintzat, Azpeitian egingo dute urteko lehen kontsulta: ekainaren 12an. Galdera: “Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?”. Gipuzkoako aurrena izango da, eta 10.000 biztanletik gorako estreinakoa –14.600 biztanle inguru dauzka–. Orain arte Etxarri Aranatzen –Nafarroa; 2.400 biztanle– eta Arrankudiagan –Bizkaia; 950– egin dira, biak 2014an –apirilean eta azaroan–. Beraz, azkenekotik Azpeitikoa, urte eta erdi pasara. Ez ote den denbora on bat galdu, horixe galdera edo kezka. Kontua ere ez da mimetismoz aritzea, baina Katalunian estatuari / independentziari buruzko lehen herri galdeketa 2009ko irailean egin zuten, Arenys de Munten, eta hiru hilabetera beste 167 herritan egin zituzten. Eta urte eta erdi pasatxoan –2011ko apirilera arte–, 554 guztira. Kataluniako politika baldintzatu zuen faktoreetako bat izan zen kontsultena. Euskal Herrian, batez ere EAEn, hango tempusen arabera, urte eta erdi bat badago politikan eragiteko edo baldintzatzeko, batzuei mugimendu sozialek halakorik egitea gustatu ez arren. EAEn hasi dira estatutu berri baten oinarri politikoak mahai gainean jartzen, baina urrian izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak –aurreratu ezean–, eta ordura artean ez da estatuturik izango, ezta, ematen duenez, testu artikulaturik ere. Gabonetan legoke Jaurlaritzako lehendakaria, ondoren gobernua, 2017 hasieran abian erkidegoko legebiltzarra, ondoren ustez berriro martxan autogobernu lantaldea eta haren prozesua… Ezusterik ezean, 2017 bukaerarako ez legoke bederen EAEko estatutu berririk –eta, gainera, kontuan hartu beharko dira Madrilen jarrera eta Kataluniako prozesua zertan diren ere–. Gutxienez, urte eta erdi bat bada herri galdeketekin behetik gora indar bat egiteko.♦
Azken iruzkinak