Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 29 of 47

Arrupe Etxeko desenkontruak

Orain dela hamar urte Loiolan ari ziren, ari ziren Batasuna, EAJ eta PSE akordioa mamitzen, baina pikutara joan den dena. Arrupe Etxean egin zituzten bilerak, hamabi. Orain EAEko “estatus politiko berriari buruzko gutxieneko oinarrien akordioa” bilatzen du EAJk, eta EH Bildurekin ere batu nahi du etzi. Atzo bidali zion hari ere deialdiaren e-mail bat, eta, aldi berean, EITBra igorri zuen mezua. Hasier Arraiz, adibidez, Euskadi Irratia entzuten ari zela enteratu zen EAJk biltzea eskatu diela. Haserre hitz egin du gaur Onda Vasca irratian, esanez ez direla joango etziko hitzordura. Bilboko Arrupe Etxean dago Onda Vascaren egoitza nagusia. Bukatu du elkarrizketa Arraizek, estudioko atea ireki du eta topo Koldo Mediavilla EBBko Harreman Instituzionaletarako idazkariarekin –irratiko solaskidea da–. EAJkoak entzun du EH Bildukoaren elkarrizketa, eta esan dio ez jartzeko horrela, konpon daitezkeela bilera bat jartzeko. Arraizek berretsi dio ez direla joango ostiralean, ez direla moduak, eta hitz egingo dutela hurrena, gauzak taxuz antolatzeko; gainera, iragarri dio etzi Confebask-ekin dutela bilera. Ez da ohikoa Confebask eta EH Bildu batzartzea; honek eskatu du hitzordua, eta Pello Urizar eta Arraiz joango dira. Lehengo ostiralean ELArekin bildu ziren koaliziokoak. EAJren arabera ibiltze hori saihestu nahi du, antza.♦

Jakin

Politikan ere jakin egin behar da noiz hasi; bisioa eta usaina izan, eta ekimena hartu. Halaber, batzuetan jakin egin behar da noiz bukatu, inertziak-eta amaitzeko, edo, ereindakoagatik, aukera berriak zabaltzeko. Errenterian –Errenteria bezalako herri zail batean–, Bilduren udalak bultzatuta, bizikidetza sustatzen hasi ziren duela lau urte, eta lortu dute aniztasunean, edukietan eta formetan erreferentzialtasun bat. Isilean aritu da lanean sentsibilitate politiko desberdineko jende bat, foro batean. Kontraste eta partekatze lan handia egon da hor. Bidea egiten du estilo horrek, arrastoa uzten du. Gehiago ematen ez zuela ohartuta, bukatu egin dute foroa; ez bidea. Baina politikagintzan Errenteria hori baino gehiago izan da azken urte hauetan: iazko ekainean EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren inguruko udal taldearen arteko akordio estrategikoa sinatu zuten. Denborak esango du hori ere biharko egunean baden erreferentzia. Bide erakusle bada, behintzat. Kontua ez da estrategia politiko bat izatea bakarrik; kontua estrategia obratzen jakitea ere bada.♦

Parte hartzea eta galdera

Bihar bi urte izango dira Euskal Herriaren estatus politikoaz lehen herri galdeketa egin zenetik: Etxarri Aranatzen izan zen, Euskal Herri independenteaz. Urte berean Arrankudiagan euskal estatu subiranoaz itaundu zuten, eta aurtengo kontsultak ere euskal estatuaz izango dira: euskal estatu independenteaz (Azpeitian eta Debagoienan) eta burujabeaz (Diman eta Gipuzkoako Goierrin); Ispasterren eta Bakaikun oraindik ez dute galderaren berri eman, baina litekeena da han ere euskal estatuaz aritzea. Katalunian, aurreneko galdeketatik hasi ziren katalan estatuaz galdezka, Arenys de Munten, 2009ko irailean: “Ados al zaude Katalunia zuzenbide Estatu independente, demokratiko eta sozial bat bilakatzearekin, Europako Batasunaren barruan?”. Kultura politiko ireki baterako garrantzitsua da galdetzea eta garrantzitsua da galdeketako parte hartzea (ereitea eta kopurua), eta estatus politikoaren bidea urratzeko galdera ere garrantzitsua da, oraingo hauek bezalako kontsulta ez-lotesleen kasuan ere norabide bat markatzen baitu. Giannina Braschi: “Galderek ez dute egia aldatzen. Baina mugimendua ematen diote”. Laburpen gisa, aurtengo galdeketen titularra garbi geratuko da: horrenbesteko parte hartzea eta horrenbestek baiezkoa euskal estatuari. Gaur-gaurkoz ez dago prozesu independentistarik, eta estatua izateko bidean geltokiak leudeke. Bitartean, horixe: mugimendua.♦

Hauteskundeen aurrerapena

BERRIAko analisiaren (2016-4-9) laburpena: Harrigarria Urkulluk EAEko hauteskundeak Espainiakoekin batera jartzea baztertu ez izana, Jaurlaritzaren hiru ardatz programatikoetatik bi bakegintza eta erkidegorako estatus politiko berria izanik. Orain arteko bozak kontuan hartu, eta ikusten da EAEkoetan talde abertzaleek Espainiakoetan baino emaitza hobeak lortzen dituztela. Urkullu lehendakariaren esku dago deialdia, data. EAJk legealdi honetan lehentasunezko harremana du PSE unionistarekin, baina horrek ez dio onurarik ekarri bakegintzan eta estatus politiko berrian. Eta PSEk aulki gehiago lituzke bi hauteskundeak egun berean balira, bestela baino. Arraizek, aurrerapenak euren estrategiari mesederik egingo ez liokeela aipatzeke baina hain segur hori gogoan duela, Urkulluri eskatu dio ez ditzala bozak Espainiakoekin batera jarri, eta noiz izango diren oraintxe argitzea ere galdegin dio. Logikoa da azken eskaera ere, Urkulluk ezegonkortasun edo ez-ziurtasun egoera bat sortu baitu aurrerapenarena botata. Gainera, besteek ez bezala, EAJk jakin dezake noiz izango diren EAEko hauteskundeak, eta hori abantailarekin jokatzea da.♦

Otegiren hitzalditik, hiru ideia

Euskal preso ohi bati egindako harrerarik jendetsuena izan da Belodromokoa, baina preso ohi bati baino gehiago, lider politiko bati egin dio harrera jendeak: Arnaldo Otegiri. 42 minutuko hitzaldia egin du, grina handiz, indartsu. Bota ditu mezuak, eta hiru ideia aipatu daitezke:

  1. 2004an Belodromoan mintzatu zenean, Otegi Espainiako Gobernuari zuzendu zitzaion nagusiki; ETAren su-etena eta Loiolako elkarrizketak egosten ari ziren. Gaur, aldiz, gobernuari edo estatuari ez die eskaintzarik egin edo mezurik helarazi / iradoki; esan du ez duela espero estatuak “demokratizazio” prozesurik egingo duenik, eta azpimarratu du euskal independentismoak bere bidea egin behar duela. Aldebakartasuna.
  2. Estatuaren “demokratizazioa ezinezkoa” denez, “Espainiako ezker berriari” eskatu dio estatuaren baitako nazioetako prozesu eratzaileetan parte hartzeko. Podemos aipatu gabe, Podemosi mezua. Prozesuko osagaiak ez lirateke izango identitarioak soilik, Otegiren Logroñoko eta gaurko hitzaldietan ikusi denez.  Abian-eko txostenak dio: “Ziklo berriak eragileen arteko eztabaida eta mugimendu politikoak azkartuko zituela uste genuen. Halaxe izan da lurralde batzuetan, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan kasu. EAEko eremua dugu une honetan trabatuena”. Hor saio berriak datozela dirudi (baina ikusi beharko da asteburuan zein nagusitzen zen EAEko Ahal Dugu-n; EH Bilduri ez zaio komeni berriro Roberto Uriarteren ildoak irabaztea).
  3. Otegik Belodromoan jendeari eskatu dio ez begiratzeko EAJk zer egingo duen. Eskatu dio ezker abertzaleak berak sustatu behar duela prozesu independentista, gaurtik bertatik hasita lanean, jeltzaleen zain egoteke. Aktibatzeko galdegin die. Abian: “Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indarrak ugaritu direla esan daiteke”. Otegik berak ere bota du gaur: sakon-sakonean badela halako marea bat. Horren artikulazioa dute eginkizun; hark esan bezala, ordea: “Behetik eta kolektiboki” eginez bidea.♦

Konpasa hartuta

BERRIAko analisiaren (2016-3-1) laburpena: Kanpoan da Arnaldo Otegi, libre, sei urte eta erdiko zigorra bete ondoren. 2008an Martutenetik atera zenean baino lan samurragoa dauka. Orduan, ezker abertzaleak hasteke zeukan estrategia politiko-militarretik estrategia politikora pasatzeko barne eztabaida. Logroñoko espetxe atarian egindako hitzaldi laburrean, unerako hautatutako eleak izan ditu –etorkinak, etxe desjabetzeak, preso sozialak, preso politikoak, independentzia…–, eta bukaeran: “Lehendakaririk onena, herria”. Horretarako, baina, mentalitate aldaketaren premian dira politikagintzan, kontzeptualizaziotik haratago doana. Funtsean, subiranistek badute zeregin bat: nola osatu, mugimendu nazionalista izan ondotik, mugimendu nazional bat. Horra bidean dena ezin(go) duenez batera egin, EH Bilduri laster tokatuko zaio EAEn, Otegi “animalia politikoarekin” –Jesus Egigurenen hitzak dira–, alor politiko-instituzionalean hautu jakina egin eta konpasa alde batera (Ahal Dugu) edo bestera (EAJ) mugitzea, markatutako esparruarekin bide bat saiatzeko. Eta garaia helduta, gontz funtzioa betez. Zehaztasun ikur ere badira konpasak.♦

2009031275a

8719600510 zenbakidun presoa bihar geratuko da libre, 2009031275ak kartzelan segituko du. Hots, Arnaldo Otegi kalera, Rafa Diez oraindik preso. Zer moduz dago Diez? Haren seme Naikek kontatu digu “ondo” dagoela “fisikoki eta psikologikoki”. Santoñako (Kantabria, Espainia) espetxean daukate, Dueson; Donostiatik 160ren bat kilometrora –haren familia Donostian bizi da–. Naikek hilaren 20an bisitatu zuen azkeneko aldiz, lagun batekin batera, eta datorren igandean joango dira berriro etxekoak hara. Hilean bizpahiru bisita egiten dizkiote. Marka da!: Rafa Diezen aitona bat hantxe egona da preso, frankismoan; komunista zen. Moduloetatik bisiten lekura joateko zelai bat gurutzatu behar dute presoek, eta kartzela kanpotik ikusi ahal dira –argazkian, Rafa Diez, otsailaren 20an–, baita patioan daudenean ere. Haren semearen esanetan, asko ari da irakurtzen, eta “ezagutza handia du egungo egoera politikoaz”. Ingelesa ikasten dabil, preso sozial bati esker eta bere kontura, eta sukaldaritzako ikastaroak hartzen ditu. Palaz jokatzen du –kartzelako txapelduna da– eta badmintonen ere aritu izan da. Diezekin batera euskal preso politiko bakarra dago han: Imanol VicenteOtegi bezala –eta Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto legez–, Espainiako Justiziak Bateragune auzia dela-eta zigortu zuen Diez. Kartzela zigor bera jarri zien Otegiri eta biei, baina Diez hamazazpi hilabetez baldintzapean aske izan zen, ama zaintzeko baimen bat zela medio; Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean berriro kartzelatzeko agindua eman zuen. Datorren urteko abuztuan-edo geratuko da aske, baina Naikek dio aita baldintzapean kalean egon zenean astean batzuetan joaten zela sinatzera eta ikusi beharko dela horregatik zigorra murriztuko dioten –Otegiri hilabete bat murriztu diote–. Beraz, 8719600510 presoa bihar, kalera. 2009031275a, barruan, EPPK-ko ia beste 400 lagun bezala.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑