BERRIAko analisiaren (2016-6-7) laburpena: Ona al da %29,3ko parte hartzea, ala ez? Euskal Herriaren estatusaz galdeketa sorta bat antolatu eta jendeak parte hartu izana da garrantzitsua. Dena dela, parte hartze datuetan izan dira ahulezia batzuk; batik bat, Goierriko bost udalerri handienetan. Parte hartzea bultzatzeko modu zuzenagoak hobeto edo gehiago landu dituzte batzuek, eta emaitzetan ikusi ahal izan da. Burujabetza ariketa dira galdeketak. Parte hartzea, berriz, galdeketa bat baino gehiago da, une jakin batean erabakia adieraztea baino gehiago, gertakari bat baino gehiago, eta oraindik lan handia dago egiteko euskal gizartean; dela lan munduan, dela instituzioetan… Ardurak-eta errespetatuz, horizontaltasuna lantzea eskatzen du, burujabetzaren bidean ere kultura politikoan sakontzeko, estatusari buruzko galdeketetan botoa ematea ez egiteko arraro. Hori da galdeketa hauen balio nagusietakoa: horizontaltasuna.♦
Page 28 of 47
BERRIAko analisiaren (2016-6-4) laburpena: Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EAJren eta EH Bilduren botoekin, erabakitzeko eskubidearen eta biharko herri galdeketen aldeko ebazpen bat onartu izana aurrerapausotzat jo daiteke burujabetzaren bidean. Elkarrekin osatu zuten ebazpena. Dena dela, abertzaletasunaren bi eremu soziologikoetako ordezkari politikoek lehen ere urratu izan dute biderik, eta ez da emaitzarik izan. Sare sozialetan berriki Arnaldo Otegi ikusi dugu Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika leitzen. Idazleak dio “komunitate batek, elkartasun minimo bat mantendu nahi badu, hitzak konpartitu” behar dituela. Euskal abertzaleen komunitateko bi indar politiko nagusiek sikiera hitzak partekatu dituzte ebazpen haietan. Baina, oraingoz, ez daude gehiagorako. Ikuspuntu desberdinak dituzte; adibidez, Madrilek ezezkoa ematen duen kasurako. Herri ekimenari bidea egiten uztea dagokie, eta giroa ez lardaskatzea. Sortu da atmosfera hori orain, herri galdeketekin.♦
Arnaldo Otegiri BERRIArako elkarrizketa Elgoibarren egiteko geratu ginen, gaurko. Eguraldi onik ez bazegoen, haren soziedadean; bestela, Sallobente-Ermuaran auzoan, San Lorenzo edo Sallobente ermitaren ondoko zelaian. 11:30ean elkartu gara Elgoibarko plazan, eta, lainotuta zegoen arren, Sallobente-Ermuaranera abiatu gara, Otegiren autoan bost lagun, eta argazkilaria, berean. Herrigunetik hiru bat kilometrora dago; Azkarateko bide zaharra hartu, eta gero nahiko azkar, eskubira; bide horretan ezkerrera dago Txillarre baserria, 2000ko hamarkada hasieran Otegiren, Jesus Egigurenen eta beste batzuen mintzalekua. Paraje ederrak dira inguru haiek, eta auzoa bera ere, polit askoa: baselizaz gain, bolatokia, frontoia, elkartea edota haurrentzako parkea dauzka. Baita jauregi bat ere: Arostegi, XV. mendekoa. Zelaiko harrizko mahai bat hartu dugu elkarrizketa egiteko, eta ia ordu eta erdiz mintzatu gara (larunbatean argitaratuko dugu). Bukatu denean esan du Otegik: gazte garaian Sallobente-Ermuaran auzoan bota zituen bere lehen panfletoak.♦
Arnaldo Otegi gaur Urruñan izan da berriz, Info7ko elkarrizketan. Bateragune auziko epaiketan harako bidaien-eta berri eman behar izan zuten Santiago Oruek eta biek. Poliziaren arabera, bidaia susmagarriak egin zituzten mugaz bestaldera. Oruek epaimahaiari azaldu zion autoan bi aldiz eraman zuela hura Lapurdira, eta bidaiak “normal-normal” egin zituztela, autopistatik. Aitortu zuen behin Urruñan gelditu zirela, baina pastelak erosteko zela; Otegik hartu zituela, eta hori ez zela segurtasun neurri bat. Gainera, kontatu zuen ohartu zirela poliziak atzetik zituztela. Epaiketa berean polizia batek esan zuen Otegi, Orue eta identifikatu ez zuten beste lagun bat Lapurdira joan zirela behin, Urruñako ermita batean Jokin Etxeberriarekin elkartu zirela, honen autoan sartu zirela Otegi eta identifikatu gabekoa, eta autoa “bigarren mailako” errepide batetik joatean galdu zutela.
Kotxe kontuekin segituz, auzian artean preso zeukatela Otegik berak iazko urrian La Directa katalan hedabidean bitxikeri modura zioen gidatzeko izugarrizko gogoa zeukala. Jimenez Losantosek behin bota zuen hura lehen Kataluniara joaten zenean David Fernandez izaten zuela auto gidari. Fernandezen erantzuna: “Ezin naiz Otegiren txoferra izan, ez baitut gida baimenik”. Kataluniako azken bidaiako argazkia da behekoa: gidariaren aldamenean, Fernandez; atzean, Otegi eta Pernando Barrena.♦
Joan den abenduaren 23an Azkoitiko hitzaldi batean Juan Jose Ibarretxe, Joseba Azkarraga eta Iñigo Iruin giza eskubideei eta espetxe politikari buruz aritu ziren (BERRIA eta Maxixatzen), eta Iruinek esan zuen premiazkoa dela “salbuespen legedia indargabetzea”. Euskal presoez ari zen, eta ohartarazi zuen Espainiako Estatuaren jarreragatik “oso zaila” dagoela. Iruinek zioen “gaur bertan hasita bide juridiko eta politiko guztiak erabili” behar direla. “Ezin gara zain egon” (EPPK-k 2013ko abenduan legedia jarraituko zuela zioen…). “Salbuespen legedia” ez litzateke soilik aplikagarri euskal presoen kasuan; preso sartzeko arriskuan dauden auzipetuak ere aintzat hartu behar dira, eta, Iruinek Azkoitian hura bota zuenean, lan politikoa egiteagatik 50 euskal herritar, jada epaituta eta aurki epaitzear zirela, kartzelaren mehatxupean zeuden –halako gehiago badira oraindik, epaitzeke–. 2016ko orain arteko emaitza: 50 horiek ez dituzte espetxean sartuko, haien auzietako parteen arteko akordioei esker. 50 lagun, bada zerbait; energia positiboa transmititzeko moduko multzoa. “Akordioaren formula hau egonkortu egin da, eta gatazkaren ondorio guztiei irtenbidea topatzeko baliagarria izan daitekeela pentsatzen eta desiatzen dugu”, adierazi du gaur Sortuk. Beste ohartarazpen bat egin zuen Iruinek Azkoitian, badaezpada: “Pazientzia behar dugu, mantso joango da prezesua. Denboraren kontrola estatuak du presoekin. Haiekin jokatzen ari da, eta inoiz baino gehiago. Esfortzua eskatuko digu horrek guztiak, baina borrokatu egin behar dugu”. ♦ (50 lagun horien zerrenda ondoren)
- 04/08 sumarioa (Segura). 2016-01-13: Arantza Santesteban, Juan Joxe Petrikorena, Tomasa Alejandro, Aner Petralanda, Angel Mari Elkano, Marije Fullaondo, Jon Garai, Mikel Zubimendi, Joana Regueiro, Gorka Murillo, Nuria Alzugarai, Aitor Aranzabal, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Gorka Diaz, Mikel Etxaburu, Ino Galparsoro, Peio Galvez, Eusebio Lasa, Patxi Urrutia, Aurore Martin, Maite Fernandez de la Bastida, Mikel Garaiondo, Asier Imaz, Joseba Zinkunegi, Nekane Erauskin, Haizpea Abrisketa, Jesus Mari Agirre, Egoitz Apaolaza, Alazne Arozena, Karmele Berasategi, Antton Gomez, Iñaki Olalde eta Juan Karlos Ramos.
- 4/2014 sumarioa (Aztnugal) 2016-04-14: Gorka Mayo, Gorka Zabala, Iker Moreno, Jon Patxi Arratibel eta Iñigo Gonzalez.
- 8/2013 sumarioa (Ekin). 2016-05-17: Urko Aierbe, Jose Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Egoitz Garmendia, Rosa Iriarte eta Ugaitz Elizaran.
- 04/08 sumarioa (Segura). 2016-05-17: Hasier Arraiz.
BERRIAko analisiaren (2016-5-15) laburpena: Lizarran udalek 1931n Hegoaldeko automomia estatutua onartu zutenetik, alor politiko-instituzionalean ez da lauko lurralde batasun formalera begira ia ezer egin. Nafarroako aldaketaren parlamentuak ez du aktibatuko Espainiako Konstituzioko aldi baterako laugarren xedapena, baina bada beste formularik lurralde batasuna eta lankidetza euskal instituzioetatik urratzeko. Urkulluk eta Barkosek, zuhurtziaz baina burutsu jokatuz, lankidetza protokoloari heldu diote. Jokoa emango du. Ordea, hamarkadetako haustura administratiboak kalte mentala ere eragin du, tenperatura jaitsiz, eta, aliantza politiko-instituzionalak josten segitzeaz gain, lantzeko daude kohesiorako diskurtso eta praktika ausartagoak. Horretarako, herri batek behar du gizarte antolatua ere, zaindua —ez kontrolatua—. Batasuna ez baita formala bakarrik.♦
BERRIAko analisiaren (2016-5-5) laburpena: Euskararen berreskurapenean gertatu dira aurrerapausoak, baina han-hemenka eguneroko ogi dira urraketa, axolagabekeria eta bazterkeria larriak. Eta apusturik eza dator, antza. Fokua mugitu ere egin daiteke, eta mugituz gero antzeman ahal da gaur-gaurkoz euskalgintzak –oro har hitz eginda– ez duela egoera iraultzeko edo aldatzeko gaitasunik, eta, areago, ez duela dialektika bat sortzeko borondaterik. Euskaldunen nerbioa ere ahul ageri da. Ez deskuidatzeko: euskal estatua nahi duten euskaltzaleen artean ez da ezbaian jartzen XXI. mendeko estrategia independentistan nortasun osagaiez gain ongizateari edota demokraziari buruzkoak sartu behar direla. Ordea, lapikoan euskara ere sartuta, eta ardatzean jarrita. Euskal Herrian gara. Baina euskalgintza, dagoen moduan egonda, estatugintzan eragin nahian hasten bada, kaskarrekoarekin atera daiteke. Egin dira estatugintzaz teorizazio batzuk, baina ez da indarrik ikusten hori aurrera eramateko. Agian, euskalgintzari tarte bat hartzeko garaia heldu zaio jarreraz eta proiektuaz hausnartzeko.♦
Azken iruzkinak