Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 26 of 47

Otegiren hautagaitza

Otegiren defentsak nahiago luke haren hautagaitzaren auzia dagoeneko ez balego plaza publikoan, baina badago, eta horrek markatuko du EAEko hauteskunde kanpaina –emaitzak, beste kontu bat dira–. ETAk utzi zuenetik bost urtera horrela dago egoera, politika, kalean dagoen batek ez dituela bere oinarrizko eskubideak bermatuta, baina Otegi aurkeztu ahal izatearen aldekoak adierazpenetara mugatuta dabiltza, eguzkia hartzen. Otegik berak txarretsi du hori gaur (+). ETArena baino urte erdi bat lehenago, Bilduren kasuan, bestelakoa zen eragileen jarrera. Adibidez, Urkullu EAJren EBBko lehendakariak Zapatero Espainiako presidenteari ohartarazi zion bertan behera utziko zuela elkarlan oro legeztapenik ezean. “Ultimatuma eman genion Zapaterori”, esana da Ortuzar, Ekarri armak liburuan irakur daitekeenez. Rufi Etxeberriak liburu berean dio hori baino handiagoa zela presioa: “Euskal Herrian eragile politikoez gain badaude presiorako indar handia duten beste hainbat entitate. Entitate horiek, tartean estamentu ekonomikoak, presio egin zuten Madrilen”. ETArena bazetorren, hori nahi zuten hemengoek, eta kartak jokatu zituzten. ETAren indarkeria bukatu zen, baina bost urtera gatazkaren ondorioak –kasurako, Otegirena– konponbidean jartzeko ez da ikusten orduko konpromisorik. Aierbek BERRIAn: “Nik uste dut momentu honetan ez dugula bakoitzak ezer ere eman nahi, edo utzi nahi, edo galdu nahi, eta konplexu horretatik ari garela elkarren bila. Oraindik ez gaude heldutasun horretara iritsita”. ♦

 

Elkarrekin Ahal Dugu-k, zenbat?

Lehendakarigaia hautatzeko ere barne lehiak lehia, dudarik ez dago EAEko Ahal Dugu-k ordezkaritza handia lortuko duela hurrengo Eusko Legebiltzarrean. Zenbatekoa, ordea? 2014an Europako bozetan estreinatu ondotik —%7 Hego Euskal Herrian—, iaz EAEko Batzar Nagusietarako hitzorduan batez beste %13,9 eskuratu zuen —hirugarren indarra; Irabazik %2,7 lortu zuen, eta bien batura %16,6koa litzateke—. Joan den abenduan Kongresurako bozetan Ahal Dugu-k %26,1 —IU-UPk %2,9; biek %29—, eta lehengo ekainean, Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak, %29.  Goazen Kataluniara. Parlamenturako iazko iraileko bozetan —plebiszitariotzat jotakoetan—, Podemosen koalizio CatSíqueesPot-ek %8,9 —laugarren indarra—; abenduan Kongresurakoetan En Comú Podemek %24,7 eta ekainean %24,5 —bietan, Kataluniako lehen indarra—. Uztailean inkesta batek Kataluniako bozetarako En Comú Podemi %16,8 eman dio —bigarren indarra—; hots, %8,9 eta %24,6 arteko emaitza da hori. Orain beste batek ia %14koa eman dio. Orain balira hango bozak, pentsa liteke iazko autonomikoetan baino gehiago lortuko lukeela eta Espainiakoetan baino gutxiago; beraz, hor nonbait. EAEn, gaur egungo Elkarrekin Ahal Dugu-ko kideen Batzar Nagusietako eta koalizioaren Kongresuko emaitzen tarteko datua: %22,8. 2012an EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %34,6 lortu zuen —27 aulki—, EH Bilduk %25 —21 aulki—, PSE-EEk %19,1 —16 aulki—… Ondorioz, Elkarrekin Ahal Dugu-ren %22,8 hori, 18-19 aulki lirateke. Kalkulu bat baino ez da. (*1)

Podemosek zergatik du Hego Euskal Herrian indar handiagoa Katalunian baino? Imanol Esnaolak (Gaindegia) BERRIAn, Espainiako bozen ostean: “Ulergaitza da erabakigunea Euskal Herrian duten alderdi eta koalizioek nola ez duten bere agendaren lehen puntuan bertako proiektu sozioekonomikoa indartzeko egitasmo adostu bat. Brexit-ak erakutsi bezala, bere herritarrak politika eraginkorrekin konprometitzen ez dituen ordezkaritza politikoak gehiengoaren arbuioa jasotzen du. Antzeko atakan egon daiteke alderdi abertzaleen eskaintza, datu sozioekonomikoak eta bozaren joera ikusi besterik ez dago”.♦

(*1)
– EH Bilduri buruz ere, Kalkulatzen (2016-02-17)
Nola daude indarrak bozen atarian? artikuluko zatia (2106-07-31):

Captura de pantalla 2016-09-08 a la(s) 09.53.08

Nola daude indarrak bozen atarian?

BERRIAko artikulu analitikoaren (2016-7-31) laburpena: EAJ sendo dago instituzionalki eta hauteskunde emaitza aldetik. Ia beti bezala. Gainera, normalez, Eusko Legebiltzarrerakoak dira haren hauteskundeak. Nahiz eta legealdirako agindutakoak gabeziak dituen, iritzi publikoaren pertzepzioa da hemen Espainian baino hobeto bizi dela jendea, eta hori da EAJren helduleku nagusietakoa. EH Bilduk Otegi dauka. Bi erreskate egin nahi ditu hark: nazionala –subiranotasuna– eta soziala. Mantaren adibidearekin topa daiteke: bularraldera eramanez gero, hankak airean; eta alderantziz. Oreka topatu behar. Babes txikiagoa jasota ere, duela lau urte bezala bigarren geratzea ontzat joko luke EH Bilduk. PSEk berriro behera egingo dutela dirudi, baina bozen ostean berriz ere EAJk bota diezaioke esku bat. Beheraka doan beste indar unionista bat da PP, baina Lopezen garaian bezala, erabakigarria izan daiteke inbestidurarako, betiere EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu gehiago badira EAJ eta PSE baino. Elkarrekin Ahal Dugu indartsu sartuko da Eusko Legebiltzarrean; zenbat aulkirekin, ordea?♦

“Malgutasuna”, Amaiurrekin salbu

Esaten ari dira CDCk talde propioa izango duela Espainiako Kongresuan, nahiz eta ez duen araudiko baldintza bat betetzen horretarako: aurkeztu zen herrialde guztietan ez zuen botoen gutxieneko %15a lortu. Baina PPk-eta ahalbidetuko omen diote talde parlamentarioa eratzea, bestelako kromo batzuen truke. Ez da lehen aldia izango baldintza denak bete gabe alderdi batek talde propioa izango duena. Iazko abenduko bozetan ERC eta CDC ez ziren heldu Bartzelonako probintzian %15era —%14,48 eta %13,25—, baina gero utzi zieten taldea eratzen. Joan den ekainaren 26an CDC Bartzelonan %12,26an geratu zen eta Tarragonan %13,72an, baina, dirudienez, utziko diote Kongresuan taldea izaten. “Malgutasuna” deitzen diote horri. Malgutasuna, nahi dutenekin daukate: 2011n Amaiur talderik gabe geratu zen. Zazpi diputatu lortu zituen Hego Euskal Herrian —gutxienez bost diputatu izatea da talde parlamentarioa osatzeko beste baldintzetako bat—, baina Nafarroan, diputatu bat erdietsi arren, %14,86an geratu zen, eta Kongresuko Mahaiak ez zion talde propioa izatea onartu. Amaiur saiatu zen Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko sei diputatuekin taldea osatzen —haietan gainditua zuen %15eko babesa—, baina ezer ez. 2011n bozak azaroan izan ziren —PPk gehiengo osoa Kongresuan eta Senatuan—, eta Amaiurren kontu hori 2012ko maiatzera arte luzatu zen; Auzitegi Konstituzionalak ere atzera bota zuen eskaera. Espainiako Estatuak ezker abertzale zibil eta zabalari mezu garbi bat eman zion: zuei (hor ere), ezer ez. Eta EAJ, txoriei begira halako injustizia kasu batekin (ere).♦

Ustekabean

BERRIAko analisiaren (2016-7-21) laburpena: Ustekabea izan da EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzak Pili Zabala ateratzea primarioetarako lehendakarigai modura. Orain arte jendaurrean lan eremu edo diskurtso bakarra izan du, GALen biktima Joxi Zabalaren arreba izaki: “estatu terrorismoaren” salaketa, eta biktima guztien aitortza ere bai. Orain, langabeziaz, energiaz, hizkuntza politikaz, azpiegiturez eta abarrez ere hitz egitea tokatuko zaio. Iritzi publikoak ez du horrekin lotzen, eta sinesgarri izateko ariketa bat du aurrean hark. Dena den, oraindik Podemos ideia edo marka bat da, eta haren, Madrilgo liderren eta balizko lausotasun programatikoaren babesean eroso aritzeko aukerak izan ditzake; erretorika ona dauka, gainera. Hartxintxarren artean, bat: Nagua Albaren taldeak irmo dio EAJ kendu nahi dutela Jaurlaritzatik, bestelako politika bat izateko. Zabalak urteotan hango Bake eta Bizikidetza Idazkaritzarekin nahikoa harreman estua izan du, eta arraro egin liteke hari ere Albaren-eta diskurtsoa entzutea. Hor doa, baina. Eta ezker abertzaleak bere artean pentsatuko du noraino iristen zaion Ahal Dugu.♦

Ondorioetako korapiloa

BERRIAko analisiaren (2016-7-10) laburpena: EAJk eta ezker abertzaleak gerra dialektiko handia dute, baina ez orain bakarrik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atariko honetan; hamarkadetakoa da liskarra. 2011ko urritik euskal politikagintzaren egoerak hobera egin arren, haien arteko giroa ez da hobetu gatazkaren ondorioak konpontzeko arloan, behintzat. Euskal instituzioek, ezker abertzaleak eta mugimendu sozialek presoen auzia konpontzeko norabide bera hartu ezean —horrek ez du esan nahi beti batera aritu behar direnik—, nekez egingo da aurrera. Orain artekoak erakusten du etorkizuneko lanketak desberdina izatea eskatzen duela. Iazko urrian, “bake prozesua une larrian” zegoela esanda, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak zioen Madril eta ETA mugitzeko “lehentasunezkoa” dela EAJ eta Sortu ados jartzea. Handia litzateke HNTk etsitzea hemengo eta ez Madrilgo borondateagatik.♦

Hiru kontu Sortuz

1. Azken hilabeteotan maiz aipatu da ezker abertzalea-euskara gaia. Lehengo ostiralean gai hori behin baino gehiagotan aipatu zuen Otegik Miramarren, EHUko Udako Ikastaroetan abertzaletasunaz emandako hitzaldian –Jakin eta Zuzeu ziren antolatzaileak–. Bakoitzari berea: larunbatean Sorturen batzarreko parte pribatua oso-osorik euskaraz egin zuten.

2. Otegirekin batera, belaunaldi berriak hartu du Sorturen “birfundazio” prozesua gidatzeko ardura. Zuzendaritza berriko hamabost lagunetatik 11, 40 urtetik beherakoak dira. Beste bi, 1972 eta 1974koak. Adin kontu hori larunbateko nazio batzarrean ere ikusi zen: ia 850 kide egon ziren eta, batez besteko adina 40 urtekoa izan zen.  Ezker abertzalean bada belaunaldi bat politika egiteko zailtasunak eta trabak izan dituena, legez kanporatzeengatik eta errepresioagatik —eta askok ihesera jo zuten—, eta, ezker abertzalearen masa militantean gazteek protagonismoa beti izan duten arren, orain, modu antolatuagoan eta libreagoan, haien ahotsa nabarmenagoa izan ahal da.

3. Nolabait esanda, kartzelatik irten osteko bosgarren faseari ekin dio Otegik: opor egun batzuk, entzute faseko ekitaldiak –EAEko lehendakarigai izendatzearekin batera–, Espainiako hauteskundeetako jendaurreko presentzia diskretua, joan den asteko agerraldiak —Eusko Legebiltzarrean, Udako Ikastaroetan eta Sorturen batzarrean— eta orain EH Bildu. Hain zuzen, EAEko bozak arte Sortuko kide gisa azken agerraldi publikoa izan zuen larunbatekoa. Lehendakaritzarako hautagaitza biziki sustatuko du koalizioak, laster hasita.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑