Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 24 of 47

#BadaGaraia

 kanpainarekin dabil Kontseilua, euskaraz bizitzeko zer oztopo ditugun azaltzeko eta euskararen normalizaziorako epeak finkatzeko eskatzeko. Honatx neure adibide bat. Uztailean ETB2tik deitu zidaten, programa batetik, Pili Zabalaren hautagaitzaz iruzkin bat egiteko. Joango zela programako kameralari bat BERRIAren Andoaingo egoitzara, esan beharrekoa esateko kamera aurrean, eta bale. Erdaldun bat zen deitu zidana. Nik erantzun nion prest nengoela iruzkina egiteko, baina Euskal Irrati Telebista hedabide publikoan nik euskaraz egingo nuela. Telefonoaren bestaldekoa harrituta –beti ere tonu onean mintzatuz–, hori ezin zela, erdaraz dela programa. Nik, euskaraz egingo nuela; hark, hori ezin zela; eta halaxe geratu zen kontua, biok telefonoa eskegita. Baina handik bost bat minutura berriro deitu zidan; hitz egin zutela, eta egin ahalko nuela euskaraz. Bale ba. Joan zen programako kameralari bat BERRIAren Andoaingo egoitzara, esan beharrekoa esan nuen kamera aurrean, euskaraz, eta hala eskaini zuten erdarazko programa hartan. Handia da EITBk oraindik euskaldunokin irizpide egokiak ez izatea, baina geure partetik ere aleak jartzen segitu behar dugu, noiznahi, nonahi eta nahierara.♦

Post scriptum (2016-10-06): Amak watxapez mezua idatzi dit: “Leitu diat hire blogeko #BadaGaraia artikulu hori. Guk horixe egin genian hire izenarekin. Haiek jarri behar ditek gure erara, ez guk haien erara”.

Gizarte eraikuntzaz

Egibarrek, 2012ko urtarrilean: “Euskal burgesia berria Bildun eta Amaiurren sartzen ari da”. Urkulluk, urte bereko uztailean: “Bilduren eredua ortodoxia estalinistan oinarrituta dago”. Urkulluk berak, handik pare bat egunera: “EH Bilduk ezker abertzale marxistaren ortodoxiarekin jarraitzen du”. Otegik, 2007an: “PNV, Partido del Negocio Vasco“. Halaxe ibili dira urteetan, ez hain aspaldi arte. Tonu aldetik bederen, gauzak aldatu egin dira. Ikusi da hori azken kanpaina honetan ere, eta gaur bertan alor sozialaz eta ekonomikoaz (ere) hizketan aritu dira EAJ eta EH Bildu, Sabin Etxean. Prozesu nazionalaz galdetuta, Egibarrek 2014 hondarrean: “Nazio eraikuntza gizarte eraikuntzarekin josita eraman beharko dugu. Ez badugu ekonomikoki funtzionatzen, politikoki ez gara urrutira joango”. EAJk, ordea, 2013ko irailerako erakundeen “egonkortasunerako” PSErekin ituna sinatua zuen; besteak beste, eta batez ere, aurrekontuak aurrera ateratzeko. Aurrekontu kontuak izan ditu hizpide gaur CUPek, Puigdemonti konfiantzazko botoa ematean: “Independentzia guretzat agintari aldaketa bat baino gehiago da. Proiektu ekonomiko, sozial eta kultural bat da, gizartearen gehiengoaren arabera moldatua eta haren borondatetik jaioa. Aurrekontuak erreferenduma irabazteko tresna izan behar du, eta, horretarako, independentzia aurrerabidearen ideiari lotu behar zaio”. Egibarrek oraintxe dela bost urte zioen ezker abertzaleak Xabier Leteren Ez dut amets haundirik kantari erantzun beharra ziola: “Nik ez dut amets haundirik, zeru ederrik eskeintzen, etsipenaren mugetan zurekin nago bizitzen. Nik ez dut solas lodirik etorkizunaz egiten, bat-bateko librakuntzaz ez dut aspaldi sinisten (…)”. Katalunian duela bost urte pasatxo hala egongo ziren, letra horren jitean, “etsipenaren mugetan bizitzen”. Gaur, berriz, independentziaren bidean, CDC eta CUP bat, ERC erdian dela, aurrekontuak ere negoziatzen.♦

Hauteskunderik gabeko aldi hau

BERRIAko analisiaren (2016-9-28) laburpena: Joan den igandekoarekin, EH Bilduk bukatu du bere hauteskunde ziklo partikularra edo bere lehen fasea. Berriro Espainiako hauteskunderik ezean, 2019ko maiatzera artean ez da Hego Euskal Herrian bozik izango. Parte hartzeak parte hartze, beheraka joan izan da EH Bildu. Lehengo igandera arte: 224.000 boto; bigarren indarra, aise. Presio handia zeukan. Baina EAJren alternatiba izateko aukera urrundu egin zaio. EH Bilduk “herri akordioen” eskaintzan lehentasunen artean du alor soziala , baina EBBk esan du gaitza ikusten duela adostasuna. EAJk EAEko instituzioetan itunetarako aukera sorta du, eta posizio bat. Aldiz, aliatu falta dauka EH Bilduk. Alor sozialean eta ekonomikoan aurrerabiderik nahi badu, 2019ko bozak-eta buruan lagun berrien premia du; bestela, erakundeetan ez zaio aski bere %20-25eko batez bestea. “Larritasunetan eta epe laburrean ito gabe, lasaitasun estrategikoa behar du ezker abertzaleak”, zioen ETAk atzoko agirian. “Herri prozesu independentista garatzeak denbora eskatuko du”. Halako prozesu bat garatzen hasi aurretik baldintzak ere erein behar dira. Hauteskunderik gabeko bi urte pasa hauek oso garrantzitsutzat ditu ezker abertzaleak gatazkaren ondorioak ixteko bidean jartzeko. Mugimendua dago. Euskal Herriko —EAEko, batik bat— agenda politikoa astintzeko eta baldintzatzeko ere balioko luke. Esaten da: estrategian, ezinbestekoa da oportunitaterako sentsibilitatea edukitzea.♦

Erabakitzeko eskubideaz

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek 57 legebiltzarkide izango dituzte Eusko Legebiltzar berrian, %76. Hirurek defenditzen dute printzipio demokratikoa: erabakitzeko eskubidea, galdeketa, herritarren borondatearen errespetua. “Baina hirurek gauza desberdina ulertzen dute erabakitzeko eskubideaz”, esan du gaur Jesus Egigurenek, Euskadi Irratian. Hirurek dituzte proiektu politiko desberdinak. EAJk, euskal estatua baino gehiago, Euskadi Europan nazio izatea nahi du, burujabetza partekatuarekin. EH Bilduk euskal estatua nahi du. Eta Elkarrekin Podemosek EAE, Espainia plurinazionalaren barruan. Maltzaga: nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea. Ordea, erkidegoko estatus politiko berrirako –hiru taldeek nahi dute “estatus” hori–, zehaztu beharko da zer esan nahi duen erabakitzeko eskubideak, gauza general batean edo ibilbiderik gabekoan ez geratzeko. Ahotsak mugimenduak zehaztu zuen 2006an, sorrera agiriko 2. eta 3. puntuetan:

“2. Proiektu politiko guztiak defenda daitezke eta defendatu behar dira, bat bera ere inposatu gabe. Bide politiko eta demokratikoak erabiliz, baldintza berdinetan, proiektu politiko guztiak garatu eta gauzatzea bermatu eta ahalbidetuko duen eszenatoki demokratikoa bilatu behar da.

3. Euskal gizarteak, Euskal Herriko hiritarrek, egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea baldin badu, guztiok beharrezko diren berme demokratikoak eta adosturiko prozedura politikoak ezarri eta errespetatzeko konpromisoa hartu beharko genuke, euskal gizarteak erabakitakoa errespetatua eta gauzatua izan dadin eta, beharrezkoa balitz, erabaki honek lege araudian bere isla izan dezan”.♦

Herri akordioak

“EAJ eta EH Bildu herri akordio handiak egiten ikusten ditut”, zioen joan den uztailaren 27an BERRIAko elkarrizketan Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak. “Gobernua osatzeko zailagoa da, bazkideen programen arteko gutxieneko koherentzia bat egon behar delako. Baina posible ez ezik, beharrezko ikusten dut ezker abertzalearekin akordioak egitea herri mailako gai nagusietan: bakean eta elkarbizitzan, autogobernuan, garapen ekonomikoan, euskal nortasunean eta abarretan”. Hori irakurri, eta Arnaldo Otegi EH Bilduren izenean hedabideetara ateratzekoa zen, Ortuzarren ideia azpimarratu eta lantzera animatzeko proposatzeko. Baina handik bi egunera Iñigo Urkulluk iragarri zuen EAEko hauteskundeak aurreratuko zituela, eta egun haietan hizpide bozetako kontuak izan zituzten Otegik eta besteek. Baina Otegik berak, EH Bilduren izenean, Ortuzarren elkarrizketatik justu hilabete batera alor sozialean, burujabetzan eta bakegintzan “herri akordioak” lortzeko EAJri eskaintza egin zion, Ahal Dugu-ri ere bai, eta gaur esan du itun hori balego erakundeetan “egonkortasuna” legokeela. Baina dena ezin(go) da: gobernabidean, kudeaketarako, egunerokorako EAJk eta PSEk badute ituna, 2013tik, eta EAEko legealdi berrian jarraituko dute horrekin. Beraz, estatus politiko berria/burujabetza eta bakegintza/bizikidetza geratzen dira. Ortuzarrek gaur laudatu egin du EH Bilduk oro har azken urteotan “posibilismorako” egindako urratsa. Ea EAJk zer posibilitatzen duen.♦

Kanpaina (VII). PSE, hainbeste behera?

Kanpainako inkestek gehien harritu nautena PSE-EEri iragarri dioten beherakada da: duela lau urteko 16 aulkietatik (212.000 boto) 8-9ra. Beti ere parte hartzearen arabera, 115.000 boto inguru dira 8-9 legebiltzarkide horiek. 1979tik aurrerako emaitzei begiratu bat emanda, PSEk ia denetan foru hauteskundeetan baino emaitza hobexeagoak izan ditu ondorengo edo pixka bat lehenagoko autonomikoetan –hitzorduen hurrenkera beti ez da berdina izan–. Iazko maiatzean foru bozetan, eta jadanik Ahal Dugu bazela (sostengu esanguratsu batekin: %13,9), PSEk 147.000 boto lortu zituen (%13,8). PSOEren egoerak eragingo dio, baina forukoetatik behera ibiltzeraino bai eta, gainera, 8-9ra jaisteraino?

EAEko PP ere beheraka doa, inkestek diotenez, baina ez hainbeste: orain lau urteko 10etik, 7-8ra. Gerta liteke, nahiz eta UPDrik ez den eta C’s-k, ustez, ez arrankatu Araban ere. Hura ere, oro har, autonomikoetan hobeto ibili izan da forukoetan baino. Iaz herrialdekoetan –PPk estatuan ustel usaina latza zuenean–, 101.000 boto bildu zituen (%9,4).

PSE eta PP oraingo inkesta hauetan baino hobeto ibiltzeak nori egingo lioke kalte? EAJri? Edo haiek jaisteak, mesede? Hain zuzen, Urkulluk nora bota du kanabera? EAJk hauteskunde makineria itzela duela ere hartu behar da kontuan.♦

Kanpaina (VI). Aukerak

BERRIAko analisiaren (2016-9-22) laburpena:

1. Baliteke datorren legealdian Jaurlaritzan EAJ eta PSE-EE egotea. Joan den urteko uztaileko akordioan etorkizunerako oinarriak jarri ondotik, Urkullu lehendakariak berehala esan zuen EAJ-PSE “ardatzean” eraiki nahi zuela autogobernu berria, bi alderdiek osatzen dutela EAEko “gizartearen bizkarrezurra”. Azkeneko urratsa falta zaie: Jaurlaritzan ere izatea bikote.

2. EAJk datorren legealdian “estatus” politiko berria nazio aitortzan eta erabakitzeko eskubidean oinarritu nahi badu, nekez egongo da konfiantza PSEren eta bien artean. Aukera: legealdi honetako formula errepikatzea; hots, EAJk PSE lagun hartzea kudeaketarako, eta eskuak libre antzean edukitzea mami politikorako. Sabin Etxearen gustuko formula da. Gobernabidea lehenetsiko duten da gakoa.

3. Ahal Dugu-ren nahia: EH Bildu, PSE eta hirurak, bera buru dela. Ez da halako gobernurik izango. Baina jarraitu beharko dira ibilera batzuk. Batetik: EH Bildu + Elkarrekin Podemosena. Bestetik: euskal ezker autonomistaren barruan ahots batzuk “gobernu alternatibarako” espazio progresista eta plural bat aldarrikatuz hasi dira.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑