Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 21 of 47

Gauza txiki batzuk (8)

Kaleragunea. Larunbatean ireki zuten Kaleragunea, Usurbilen, eta urtarrilaren 8ra arte han egongo da euskal preso ohien ordezkaritza bat, txandaka. 30-35 ohatze daude, eta, txanda mota desberdinen bidez, lortu dute gaueko egonaldi denak ere betetzea. Ez da datu makala. Atzo eguerdian Kaleragunean zeuden preso ohi asko adin batekoak ziren; aspaldi hasi zuten borrokari amaiera duina eman nahi diote, ja hasita.

Legelariak. Berrehun legelari baino gehiagok kartzela politika “bidegabea” bukatzeko exijitu dute, urtarrilaren 14ko manifestazioan parte hartzeko dei egiteaz gain. Pauso gehiago emango dituzte juristek. “Konfrontazio juridikoa” eskatzen dute esparruko ahots esanguratsu batzuek.

Katalunia. Katalunian badatoz epaiketa eta inhabilitazio politikoak, badatoz deskonexio legeak… Talka bi subjektu politikoren artean. Eta Kataluniaren aldeko ezer egituratu gabe dago Euskal Herrian.

Euskal Herria. EAEko kanpainako esaldirik sakonena Maddalen Iriartek bota zuen: Espainia nolatan hartzen den erreferentzia modura. Iñaki Dorronsorok, berriz, joan den astean BERRIAn: “Eusko Ikaskuntzak mundua Euskal Herritik begiratzen du, ez Espainiatik edo Frantziatik”. Horixe, Euskal Herria aintzat hartzen dutenentzat, 2017rako ariketa nagusia.♦

Nafarroako azken inkesta

Nafarroako azken foru inkestaren arabera, gaurko gobernua sostengatzen duen laukoak 25 parlamentari lortuko lituzke hurrengo bozetan –Geroa Bai-EH Bildu-Ahal Dugu-Ezkerrak–, eta beste horrenbeste erregimenaren aldeko hirukoak –UPN-PSN-PPk–. Hots: UPNk 15 aulki (egun ere 15 ditu), EH Bilduk 8-9 (8), Geroa Baik 8-9 (9), PSNk 7 (7), Ahal Dugu-k 6 (7), PPk 3 (2) eta Ezkerrak 2 (2). Orain 26-24 daude. Inkestaren ondoren aipatu da Nafarroako aldaketa historikoaren aldeko indarrek eutsi egiten diotela. Pentsa daiteke Nafarroako eskuin unionismoak ez duela iazko –eta 2011ko– akatsa egingo, eta UPN eta PP 2019ko foru hauteskundeetan batera aurkeztuko direla. 1991tik elkarrekin egon ostean, 2008ko urrian hautsi egin zuten koalizio elektorala. Iaz jaso zuten faktura ederra. Berriro bat eginda joateak plusik lekarkieke. Gainera, Ciudadanos desaktibatuko lukete, eskubi konstituzionalistan boto baliagarria eskatuta –C’s-k iaz 9.993 boto, ia-ia parlamentari erabakigarri bat–. Latza dator. Urte eta erdian ez da tartea handitu; apika, nahikoa zen hastea eta eustea. Ikusiko dugu laukoaren diskurtsoan erregimena-ren eta aldaketa-ren ondotik badatorren beste gantxorik.♦

Orain artekotik geratu dena

BERRIAko artikulu analitikoaren (2016-12-8) laburpena: Erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar dinamikaren sorrera eta hedatze plana, eskubidearen sozializazioa eta kultura demokratikoaren pedagogia, mobilizazio handiak, ehuntze ariketak, herritarren ahalduntzea, galdeketen prozesuak… Hiru urte eta erdi konplitu ditu gaur Gure Esku Dago-k, eta orain arte galtzak bete lan izan du. Esan eta egin, hori egin du sortu zenetik, gabezia batzuk ere agertu diren arren. Abenduaren 17an 2019ra arteko bide orria azalduko du. Instituzioen lana errespetatuz betiere, pare bat urte barru erabakiaren eta herritarren parte hartzearen eztabaida Euskal Herri osoan zabalduta egotea nahi du. Baina 2019tik aurrera zer? Edo zer proiektu politiko bozkatu nahi da?♦

Gauza txiki batzuk (7)

Gure Esku Dago. Iruñean, Baluarte jauregian aurkeztuko du Gure Esku Dago-k gaur hamabost 2019ra arteko bide orria. Nafarroan indartu nahi du erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua, eta datozen egunetan herrialdean mintegi bat ere egitekoa da.

‘Kalera, kalera’. Abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra izango da Kalera, kalera dinamika, euskal presoen eskubideen alde. 25 metroko karpa bat paratuko dute Usurbilen, eta egitaraua, mardula dator. Webean Kalera, kalera abesti ezagunaren bi bertsio jarri dituzte: Imanol Urbieta zenarena eta Fermin Muguruzarena. Euskal memoria kolektiboko kanta da. Asmatu dute izenarekin.

Inaxio Uria. Gaur 8 urte hil zuen ETAk Inaxio Uria Azpeitian, Loiolan. Atentatuaren tokitik Arrupe hotela ikusten da. 300en bat metrora dago, ibaiaren bestaldean. Arrupen bildu ziren, 2006ko udazkenean, EAJ, Batasuna eta PSE.

Nafarroako Ahal Dugu. Altsasun ospatuko du gaur Nafarroaren Eguna herrialdeko Ahal Dugu-k. Oportunista izatea egotzi dakioke. Baina Ainhoa Aznarez (Ahal Dugu) Nafarroako Parlamentuko presidenteak azken hilabetean egindakoa ere hor dago: Foro Sozialaren jardunaldia parlamentuan egin zedin erabaki zuen, tinko jarrita; eta atzo Altsasuko auziko gazteen gurasoak hartu zituen legebiltzarrak.♦

Gauza txiki batzuk (6)

Gaindegia. Nazio planik gabe euskal geografiak hiritartze handi bat nozitu duela jota, Gaindegiak eredu piloto bat garatu du. Bihar aurkeztuko du, Gasteizen –Udalbiltzaren jardunaldi batzuetan–, euskal hiriburuetako auzoen iraunkortasuna neurtzeko paradigma berri bat.

Urkullu. Bihar egingo diote Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakari hautatu berriari lehen elkarrizketa: ETB2n, erdal telebistan.

Ziortza-Bolibar eta Altsasu. Ziortza-Bolibarretik Simon Bolivar Askatzailea-ren familiaren jauregitik 1982an Eusko Legebiltzarrera eramandako mahai batean sinatu zuten gaur zortzi EAJk eta PSEk EAEko gobernu ituna. Asteburuan jakin dugu Ziortza-Bolibarreko beste berri bat: han ere egingo dute 2017an galdeketa Euskal Herriaren estatusaz. Altsasu ere notizia da. Txio batean jarritakoa berriro: “Funtsean, Alde hemendik-etik Goazen hemendik-era pasatu behar delakoan. Bigarrenik ezean, aurrena, ezinezkoa”. 2017an Altsasun ere egingo dute euskal estatusaz galdeketa.

“Herritar batasuna”. “Herritar batasunaren sorrera agiria” zabaldu dute, baina idatzi hori oraindik ez da behin betikoa. Udalerrietan batzarrak egiten hasiko dira, eta ondoren osatuko dute azken txostena. Eta, gero, aurkezpen publikoa.♦

PSEkoa, “nazionala”

Bihar egingo du Jaurlaritza berriak aurreneko gobernu bilera. Legealdian zehar EAJk eta PSE-EEk izango dituzte, ustez, han ere eztabaidak EAEko estatus politiko berriaz: “Euskadi nazioa” dela-ez dela, “kultur nazioa” soilik ote den, edo “errealitate nazionala” –Urkulluk erabili izan du kontzeptu hori–… PSEk gaur zortzi bere Batzorde Nazionalaren bilera egin zuen, gobernu itunari baiezkoa emateko. Batzorde Nazionalean balekoa… Kataluniako PSCn ere badute Consell Nacional, PSdeGn ere bai Comité Nacional Galego. Nafarroan PSNk ez du Batzorde Nazionalik; Comité Regional. Baina Valentziako erkidegoan PSPVk Comité Nacional du. Madrilgoan batzorde erregionala, Andaluzian ere bai, Murtzian, Kanarietan… EAEn, Batzorde Nazionala… PSEk iraileko hauteskundeen programan idatzi zuen “prest” legokeela estatutu berrian nazio kontzeptua onartzeko, “garbi geratuz ez dela oinarritzen balizko burujabetza desberdindu batean, eta zio kulturalak, historikoak eta linguistikoak izateak ez duela esan nahi estatu bat eratzeko eskubide politikoa duenik”. Berak beto eskubidea izatea nahiko du, apika.♦

Edo Toshack-ena

BERRIAko analisiaren (2016-11-25) laburpena: Etor daitekeenagatik, gerta daiteke gutxiengoan den Jaurlaritza hau orain artekoen aldean egoera desberdin batean izatea. Nahikoa egonkortasunarekin hasi du legealdia, baina agintaldian Jaurlaritza baldintzatu dezaketen bi osagai jar daitezke mahai gainean. Lehena, murrizketa sozialak. Bruselak Espainiako Gobernua milaka milioi euroren murrizketak egitera behartu dezake, Moncloak erkidegoei pasatuko lieke faktura, Lakuak hiru diputazioei, eta diputazioek udalei; kaltetuak, herritarrak. Alderdi sozialista Jaurlaritzan, arlo identitarioari galga jartzeko ez ezik, alor soziala bermatzeko eta bultzatzeko sartu bada, ikusi beharko litzateke EAJ bazkidearekin zer jarrera hartuko lukeen murrizketa berrien aurrean. Jaurlaritza eta, oro har, euskal politika baldintzatzeko beste faktorea EAEko estatus politiko berria izan ahal da. EAJk aurtengo batzar nagusiko Batasuna eta Indarra txostena gauzatu nahi badu, krisia legoke Jaurlaritza honetan.  Hor denean, norberaren koherentzia politikoa gailendu beharko litzateke. Baina beti egongo da Toshack-ena egiterik. Hark bere artean esaten zuen partida txarren ondoren: “Astelehenetan beti pentsatzen dut hamar jokalari aldatu behar ditudala; astearteetan, zazpi edo zortzi; ostegunetan, lau; ostiraletan, bi; eta ja larunbatean pentsatzen dut betiko aluek jokatu behar dutela”.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑