“Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko” ekintza plana aurkeztu du EH Bilduk: Bakerako Euskal Konponbidea. “Memoria duen iragana”, “orainaldi baketsua” eta “bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna” planteatu ditu. 68 ekintza. Iraganari buruzkoetan, biktima oro aitortu, erreparatu eta errehabilitatzea proposatu du —lehen data modura, 1936ko kolpe militarra aipatu du—; kontakizun inklusibo bat ezartzea nahi du; Egiaren Batzordea; Justizia trantsizionala; sinbolo faxistak desagerraraztea; gorpuak hobitik ateratzeko ekinbideak; hezkuntzako proiektuak… Eta: “1977ko Amnistiaren Legea indargabetzea, gizateriaren aurkako delituak egin zituztenen zigorgabetasuna eragin duelako. (…) Gizateriaren kontrako delituak ikertu eta epaitzeko euskal epaitegietan eta baita ere nazioarteko auzitegien aurrean kereila bultzatzea”. Larunbatean aurkeztu zuen asmoa EH Bilduk. Ostiralean, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak txosten batean esan zuen ETAren 224 atentaturen egiletza argitu gabe dagoela oraindik. Beste 21 kasu judizialki ireki dituzte. 224 atentatuon erdiak 1978-1982 urte artekoak dira. Eferen arabera, ANko fiskal batek dio ETA desegiten ez den artean atentatu haien egileak etakidetzat jo daitezkeela, baldin eta jendaurrean ez badute iragarri erakundea utzi zutela. Iraganetik anitz dago jakiteko eta urratzeko, baina kontua da bake iraunkorrerako memoria osatu nahi den edo zigorraren bidea ere urratu nahi den. Espainiako Estatuak badu munizioa oraindik, probokatu ala ez.♦
Page 19 of 47
Joxe Elorrietaren elkarrizketako III. post scriptum-a: Adolfo Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia joan zen orain dela pare bat aste Gasteizko liburudenda batera, senide batek lan han egiten duela-eta, eta senide horrek aipatu zion atera zela Elorrietaren liburu berria. Irakurria zuela, Muñozek. Nolatan, senideak, orduantxe heldu zela liburua. Muñozek erantzun zion labera sartu aurretik irakurri zuela, nola ez zuen ba aurretik leituko bera izanda ELAko idazkari nagusia. Horrek ez du esan nahi bedeinkatu egin behar zuenik, Elorrieta Elorrieta baita “sindikatuan” —batek “doktore” deitu dio elkarrizketaren aurretik—. Egiaztatzeko dagoena da ea liburuko mamiak esan dezakeen ELAk, Elorrietaren apunteekin, prozesua hasteko bide hori iradoki duen.♦
Joxe Elorrietaren elkarrizketako II. post scriptum-a: “Kezkagarriena arlo sozialean, ideologikoan eta nazionalean pultsua galtzea da”, dio Elorrietak, eta gogoratu du Joseba Sarrionandiaren pasarte bat dakarrela liburuan, “bikaina” iruditu zaiolako. Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas liburuko 223. orrialdean du ELAko idazkari nagusi ohiak Sarrionandiaren pusketa hori, Moroak gara behelaino artean? saiakerakoa (2010). Euskaraz, hauxe:
Joxe Elorrietaren elkarrizketako I. post scriptum-a: Elorrietak bere liburu berrian ez darabil ezker abertzalea terminoa; ENAM deitzen dio hari. Zergatik? Haren erantzuna: “Ezker abertzalea termino orokor bat da. Gu ere bagara ezker abertzalea. Baina, bestetik, aitortzen dut gaur egun ez dela termino egokia ENAM erabiltzea; egoera aldatu egin da, ez dago ETA, eta hau jada ez da hango abangoardia. Baina nola deitu behar diot? Italian alderdi komunistari momentu batean, trantsizio prozesuan, nola deitzen zioten? La Cosa. Nola deitu behar zaio Sorturen, LABen eta Ernairen mugimendu horri? Haiek ezker abertzalea erabiltzen dute, baina nik ez badut nahi termino hori erabiltzea, orokorra delako, ba ENAM deitzen diot, onartu arren ez dela zuzena. La Cosa ezin zaio deitu…”. Elkarrizketan Elorrietak behin erabili du ezker abertzalea. “Ai, ihes egin dit”, zioen ELAko idazkari nagusi ohiak, irribarrez.♦
San Sebastian egunean elkarrekin kafea hartu zuten Joseba Egibarrek (EAJ) eta Maddalen Iriartek (EH Bildu), Donostian, Arantzazu hoteleko kafetegian, hartarako propio geratuta. Arratsaldea zen, eta bazen jendea. Iriartek abuztuan politikagintzara jauzia eman zuenetik ez ziren elkarrekin egon lasai mintzatzeko, eta San Sebastian egunerako jarri zuten hitzordua, jendeak ikusteko kezkarik izan gabe. Aspalditik ezagutzen dute elkar, euren ibilbide profesionalagatik —1980ko hamarkadatik Herri Irratian eta ETBn kazetari Iriarte; 1987an ja EAJren GBBko buru Egibar—, eta, datua okerra ez bada, iazko martxoaren 15ean egin zion Iriartek azkeneko elkarrizketa. Egibarrek orduan Azpimarra-n esana: “Elkarren arteko konfiantza behar da. Konfiantza landu egin behar da, ez da egun batetik bestera lortzen; horretarako daude guneak, autogobernu ponentziak, alderdien arteko harremanak, mugimendu desberdinak…”, eta kafeak (Egibarren esan gehiago, behean). Azken bi hilabeteetan biak tokatu dira, jakina, Eusko Legebiltzarrean, baina ez ei zuten patxadan hitz egiteko astirik topatzen. Egibarrek ordaindu zuen kafea Arantzazu hotelean.♦
BERRIAko analisiaren (2017-1-20) laburpena: German Kortabarriak Gauzak horrela (ere) izan ziren liburuan dio ELAko zuzendaritzakoen artean “agiri metereologiko” deitzen zietela ETAren ekintza baten ondoren LABek atera ohi zituenei: “Eguraldiaren parte bailiran, ‘gatazkaren ondorio’ zen ekintzaren konstatazioa jasotzen zuten, ekintzaren eta haren eraginaren inolako baloraziorik egin gabe”. Jaurlaritza adierazpen metereologikoekin aritu da Juan Kruz Mendizabalen eta Sara Majarenasen kasuetan. Majarenasenean EAJk badu ardurarik: berriro nabarmen geratu da presoen sakabanaketak zer kalte dakartzan, eta politika horren bultzatzaileetakoa EAJ izan zen, orain ia 30 urte. Duela bi hamarkadatik dispertsioaren kontra dago, baina haren lana ez da alde zegoenean bezain irmoa eta erabakigarria. Sarek dio presoen arloan “mugimenduak” egon direla, “eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ere pausoren bat ematea falta da”. Bistan da, ordea, estatuak mugitzeko lana dagoela egiteko. Sarek berak aipatu du oinarrizko dokumentu bat landu nahi duela alderdiekin.♦
Sortu-Aralar. Patxi Zabaletak astelehenean elkarrizketa batean esan zuen Sortuk eta Aralarrek batera beharko luketela indar zabal batean, eta hara!: sartu da euskal kulturako kide ezagun bat Sorturen egoitza nagusian, Donostian, Zuatzun, eta “Rebekagatik” galdetu du. “Rebeka? Zer Rebeka?”. “Ubera”. “Ez da Sortukoa; Aralarrekoa da, eta EH Bildukoa”. “Ostra!, deskuidatuta etorri naiz hona. Banoa Igarara, Bildura”. Astearte arratsaldean pasatu zen. Neu lekuko.
Arkaitz Rodriguez. Nazional mailan hiru bozeramaile izango ditu Sortuk etziko kongresutik aurrera: Arkaitz Rodriguez (Ekintza Politikoko idazkaria), Miren Zabaleta (Nafarroako arduraduna) eta Pello Otxandiano (Herrigintzako idazkaria). “Nagusiki”, Rodriguez.
Gure Esku Dago. Bazkidetza aldetik pattal samar, eta diru iturrien beharragatik zozketekin hasi zen Gure Esku Dago. 71.262 boleto saldu ditu. Zakar pixka bat bildu du. Sari nagusia Zallara joan da; irabazlearentzat, 30.000 euro. Diru iturri berrietan pentsatzen dabil dinamika, anbizioarekin. Beharko du ahalmen ekonomikorik. Hango batek asteon: “Dago agenda bat!…”.
Sumate. Kataluniaren independentziaren aldeko gaztelaniazko hiztunen plataforma bat da Sumate. Procés hasi berria zela aurkeztu zuten: 2013ko urrian. Laster du beste hitzordu garrantzitsu bat. 700 bazkide baino ez dauzka, baina Kataluniako hedabide publikoek eta bestelako entitateek puztu egin dute. Estrategia bat badela ikusten da.♦
Azken iruzkinak