Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 9 of 31)

Karpeta(zoa)

ETAren armagabetze garaian gai horretan garrantzitsua zen Frantziako ministro batek prestasuna agertu zuen Luhuso libururako elkarrizketa emateko. Urriaren erdialdea zen. Baina hil haren 18an Bernard Cazeneuve lehen ministro ohiak liburu bat aurkeztu zuen, karguan izandako ia urte eta erdiko esperientziari buruzko eguneroko bat, eta, nahita, ez zuen fitsik idatzi desarmatzeaz, eta beste ministro garrantzitsu hark, ezezkorik eman gabe, ez zuen eman elkarrizketa. Cazeneuve batek ez bazuen deus esan, haren gobernuko bat ez zen kontu txikiak kontatzen hasiko… PSko ordezkari esanguratsu bat ere Luhuso-rako mutu Cazeneuveren liburu horretatik aitzina —aurretik kontatua zen hainbat gauza inportante—. Samuel Vuelta Simonek jaso zuen apirilaren 8an ETAren armagabetzearen dokumentazioa; geroztik euskal presoez hizketan ari da Frantziako Justizia Ministerioa, eta Baionako fiskala da Vuelta Simon; eta 2004-2008an Frantziaren epaile-lotura modura aritu zen Madrilen. Elkarrizketa eman dio BERRIAri, eta baieztatu du desarmatzea segurua eta ordenatua izan zela. Karpetazoa gai hari. Baionako Auzitegiko bulegoan dauka armategiaren dokumentazioa zekarren karpeta —argazkikoa—. Baina ez du nahi izan horrekin erretratua ateratzerik. Zaindu nahi du detaile hori, eta besterik. Elkarrizketa, igande honetan irakurgai.♦

EAJ eta giza katea

Nahaste pixka bat sortu da EAJ eta Gure Esku Dago-ren giza katea gaian. Joseba Egibarrek Radio Euskadin esan du izango dela ekainaren 10eko mobilizazioan, eta Europa Pressek bota du EAJ izango dela, baina berehala zuzenketa bidali du agentziak, esanez joango dena Egibar izango dela. Egibar GBBko buru eta EBBko kidearen esanetan, 2008an “manifestazio bat” egin zuten “erabakitzeko eskubidearen inguruan”, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Galdeketa Legea baliogabetu ostean. “Une hauetan ere egingo dugu. Koherenteak gara. Herritarren parte hartze hau ez da beharrezkoa; ezinbestekoa da”. EAJko iturriak atera dira esanez adierazpen horiek Egibarrek pertsonalki egin dituela. Apunteak garbira pasatuz-edo: 1. EAJk (EBBk) ez du esango alderdi gisa ekainaren 10eko giza katean parte hartuko duenik. Ez diote eskatu. 2014koan ere ez zuen esan. 2. Orain lau urtekoan jeltzaleak ere izan ziren, pertsonalki —EBBkoak barne; kasurako, Andoni Ortuzar presidentea—, eta ekainekoan ere izango dira. 3. Ematen du aurtengoan 2014ko mobilizazioan baino inplikazio handiagoa izango duela alderdi jeltzaleak, ez-publikoki edo zeharka bada ere.♦

Pieza aldaketa tentagarria

PSN-PSE bilera izan da gaur, Iruñean, Maria Txibite eta Idoia Mendia idazkari nagusiekin. Hiru orrialdeko prentsa oharra atera du gero PSNk, eta azkeneko atala Sozialistak eta gobernua da (espainolez dago: Socialistas y gobierno). Bi puntu nagusi hor: 1. “PSNren helburua 2019an Nafarroan ezkerreko gobernua eratu ahal izatea da”. 2. “Txibitek ongi baloratu du PSE-EE egotea Eusko Jaurlaritzan, desio abertzale jakin batzuk leundu dituelako, eta moderazioa eta zentzua eman dizkio, hiritargoaren lehentasunak zein diren ulertuta”. Bi ondorio: 1. Koherentea bada, PSNk baztertu egingo du, 2011n ez bezala, UPN aliatu hartzea gobernu lanetarako. 2. PSN prest legoke Geroa Bairekin egoteko gobernuan, hau moderatua, zentzuzkoa eta desio abertzaleetan leuna bada. Hartuko luke Sabin Etxeak PSN Nafarroako gobernu itunerako, Hegoaldeko mapa instituzionala osatzeko. Pieza aldaketa tentagarria. Baita Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako arduradun goren zenbaitentzat ere. Ordea, betiere zenbakiak behar, eta inbestiduran EH Bilduk luke giltza. Numero batzuk eginez eta blokeka jarriz gero, 2011ko foru bozetan NaBai-PSN-Ezkerrak 20 aulki, UPN-PPk 23 eta Bilduk 7. 2015ekoetan Geroa Bai-PSN-Ahal Dugu-Ezkerrak 25, UPN-PPk 17 eta EH Bilduk 8. Datorren urtean UPNren-eta blokeak gora egin dezake zerbait, UPN eta PP elkarrekin aurkeztuta eta C’s parlamentuan sartuta. Geroa Bai-PSN operaziorako, euren blokeak geratu beharko luke aurrena. Papeleta zaila izango luke orduan EH Bilduk. Bi faktorek baldintzatu dezakete balizko jokaldia: EH Bildu izatea UPNren ondoren lehen indarra —hortxe-hortxe ibiliko da—, eta, 2015ean bezala, udal bozetan Iruñerrian indar handia erdiestea.♦

Sare Madrilera

Sarek Madrilen udazkenean euskal presoen eskubideen alde mobilizazio bat antolatzeko asmoa dauka; hala iragarri du. Parisen txukun atera da berriki. Elkarrik, koordinatzailea Jonan Fernandez zela, antolatu zuen 1995eko  uztailaren 1ean bakegintzaren aldeko mobilizazio bat Madrilen. 1995ean bertan ETAk urtarrilean Gregorio Ordoñez Donostiako PPko zinegotzia hil zuen, apirilean Jose Maria Aznar PPko presidentearen kontrako bonba auto bat zartarazi zuen Madrilen, eta bahituta zeukan Jose Maria Aldaia enpresaburua. Madrilgo elkarretaratze hura baino egun gutxi lehenago Rosa Zarra hil zen Donostian, Ertzaintzaren pilotakada batek zauritu ondoren. Tortura salaketak, ugariak ziren. Egoera gordina izan arren, eztabaida politikoagoa zen gaur aldean. Azaldu ziren ultra-eskuindar batzuk Madrilgo ekinbidera; ez ETAren biktimen elkarteak. Horiek, batik bat, Miguel Angel Blanco Ermuko PPko hautetsiaren hilketatik (1997) aurrera izan dute protagonismoa plaza politikoan, Aznarren gobernuak espreski bultzatuta —Covite, kasurako, 1998an sortu zen—. Gaur, ETAk jarduera armatua utzita, ETA armagabetuta, Parisek jarrera aldatuta edota EPPK-k legediaren bidea hasita, AVTk eta enparauek 1995ean baino bulkada politiko handiagoa dute, mendekuaren jitea, eragin nahi dute, edo egoera narrastu. Bada beste faktore bat sobera laguntzen ez duena: —batik bat— Madrilgo hedabideetako tertuliak eta iritzi publikatua; 1995ekoaren aldean, gaindosia dago. Parisko martxa ondo atera da, han ez dagoelako ETAren biktimen elkarterik, hedabideen kultura beste bat delako, Parisko Kontseiluak aho batez babestu berri duelako bake prozesua, eta hor dagoelako Ipar Euskal Herria-Frantzia mahaia bakegintzaz. Datorren udazkenerako baliteke ETA desmobilizatua egotea, baina Sarek neurtu beharko du Madrilen mobilizazioa antolatzeak zer aportatu dezakeen eta zer kaltetu.♦

Argazki bera

PSOEk 155. artikuluaren aplikazioa babestu izana ez da izan PSErekin duen aliantza ezbaian jartzeko modukoa EAJrentzat. Idoia Mendiak iaz EAEko bozen kanpainan euskara gutxietsi izana ere ez zen oztopo izan gero EAJk PSErekin aliantza egiteko. Edota orain PSEk Paco Etxeberriaren lantaldearen tortura ikerketa auzitan jartzea ere ez da sobera inportantea EAJrentzat, Jaurlaritzak Pertsona helburu izan arren. Sabin Etxeak bide jakin bat hartu zuen orain bi urte EAEn: Lizarra-Garazi aurreko aro instituzionalera itzultzea, “egonkortasunera”. Eta makulurik behar badu, hor PP. 2019ko maiatzean, udal eta foru hauteskundeak. Udal aldaketa batzuk salbu –egoera baldintzatzeko moduko deus ez–, argazki elektoral eta instituzional bera aurreikus daiteke. Luzerako doa EAJ-PSE aliantza. Eta erne urte eta erdi barru Nafarroako pieza mugimendu posible batekin.♦

2001-EAE, 2017-Katalunia

Kataluniako Parlamenturako osteguneko hauteskundeek antza daukate Eusko Legebiltzarrerako 2001ekoekin: bloke konstituzionala dena emanda dabil bloke abertzalea gainditzeko. Alderdiak ez ezik, Espainiako Gobernua, estatuko aparatuak eta hedabideak dabiltza dena emanda. 2001eko irudi gogoangarri bat: Kursaaleko argazkia Redondo Terrerosek, Mayor Orejak eta Savaterrek. Aurtengo bat: Bartzelonako manifestazio bateko selfiea Icetak, Albiolek eta kuadrilako beste batzuek. Inkestetan oso goian jartzen dute Ciudadanos, eta PP, PSC eta hirurak hortxe-hortxe omen daude bloke independentistari aurrea hartzeko. Duela bi urte, parte hartze aldetik errekorra izanda, 350.000 botora geratu ziren. EAEn 2001ean ere inkestetan aski goian zituzten PP eta PSE, eta tronpatu ziren ederki asko. Orduan CISen azkeneko inkestako estimazio batek, goitik jota, 39 aulki eman zizkien PPri eta PSEri (gehiengo osoa); eta EAJ-EAri, behetik jota, 27. Baina Major Orejari berari kanpainan PPko adituek barne mailan esana zioten bloke konstituzionalarentzat 32 aulkiko datuekin zebiltzala. Zenbat atera zituzten PPk eta PSEk? 32. Ibarretxek (EAJ-EA), 33; 604.222 boto famosoak. Ikusiko ostegunean, Santo Tomas egunean.♦

18/98ko azken bi presoak, libre aurki

18/98 auziko azkeneko bi presoak datozen asteetan geldituko dira libre: azken orduko aldaketarik ezean, abenduaren 28an Txema Matanzas eta urtarrilaren 4an Joxean Etxeberria. Biak Espainiako espetxeetan dauzkate: Puerto III-n (Cadiz) Matanzas, Euskal Herritik 1.050 kilometrora, eta Sorian Etxeberria, sorterritik 270 kilometrora. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta egin zuten auziko operazioa, 1998ko uztailaren 15ean, Egin egunkaria eta Egin irratia itxi eta hainbat lagun atzemanda, eta handik zazpi urtera hasi zen epaiketa. 2009an eman zuen behin betiko epaia Gorenak: 38 lagun zigortu zituen, ETArekin lotuta, eta 9 absolbitu. Enpresak atalean zigortu zuten Etxeberria: 12 urteko kartzela kondena. Ekin atalean Matanzas: 10 urte eta 9 hilabetekoa. Halaber, KAS, Ekin eta Xaki legez kanpokotzat jo zituen Gorenak. Konstituzionalak ez zuen tramitera onartu defentsaren helegitea. Dena ETA da asmakizunaren garaiak ziren. Ondorioak ditu oraindik.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑