Eloi Uriarte ETA m-ko kidea eta Gregorio Garitaonaindia Borda pm-koa izan ziren Yeuko konfinamenduko ospakizuneko bi testiguak, 1977an. Joan den ostiralean egin zuten berriro topo, Oñatin, BERRIAren elkarrizketa bat aitzakia hartuta. Hemen Berria.eus-eko erreportajea.
Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 8 of 31)
2011-10-20: ETAk bukatutzat eman zuen jarduera armatua. 2011-11-20: PPk gehiengo osoz irabazi zituen Espainiako bozak; Rajoy gobernuburu. 2011 bukaera-2013 martxoa: PPren gobernua ez zen azaldu Oslora, gatazkaren ondorioez hitz egiteko aurrez PSOEren gobernuarekin adostuta zegoen mahaira.
2014-2-21: bideo baten bidez jakin zen ETAk hasi zuela desarmatzea, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bertatik bertara ziurtatu baitzuen erakundeak arma kopuru jakin bat indargabetu zuela. 2014-2-25: Kongresuan Espainiako nazioaren egoerari buruzko eztabaida saioan Rajoyk bere hitzaldian ez zuen aipatu ere egin ETAren kontua; lehen aldia zen gobernuburu batek ez ziola hitz bakar bat ere eskaini gaiari.
2018-5-3: ETAren bukaeraren ofizializazioa Genevan, Henri Dunant zentroan, 14:00etan. Pixka-pixka bat lehenago Moncloaren saioa Suitzako Gobernuarekin, telefonoa jota: ekitaldia zangotrabatzeko eskaera.
Hori izan da Rajoy gai honekin. Ara Katalaniako egunkariaren gaurko azalekoa esan behar: Agur Rajoy.♦
ETAren ibilbidea elkarrizketa sortako zazpigarren —eta azkenaurreko— aleko protagonista Mikel Albisu euskal presoa izatea nahi genuen, funtsean 1995-2004ko sasoiaz aritzeko: Alternatiba Demokratikoa, Lizarra-Garazi, Anoetako proposamena… BERRIAren galdetegia jaso zuen Reauko espetxean (Frantzia), baina ondoren —apirilaren 14an—, liburutegian zegoela, preso sozial batek jipoitu egin zuen. Albisuren sendiak jakinarazi zuenez, ezker besoko kubitua hautsi zuen, eta aurpegian eta buruan ere zauriak izan zituen. Min handia du oraindik. Halaber, saio batzuk egin arren, hainbat arrazoirengatik ezinezkoa izan da 1995-2004ko aldiaz beste kideren bat elkarrizketatzea.
Orain arteko elkarrizketak: I: Eneko Irigarai eta Iñaki Larramendi / II: Jose Manuel Pagoaga Peixoto / III: Eloi Uriarte / IV: Fernando Lopez Castillo / V: Mertxe Galdos / VI: Carmen Gisasola
Bihar: eta VII (VIII.a behar zuena): Aitor Elizaran
EPPK-ko eta Langraiz bideko kide ohiak, AEM ingurukoak eta kale erasoekin lotutakoak daude Guardia Zibilak haien ondasunen aurka egiteko operazioko idatzian (dokumentua eta zerrenda —60 preso ohi—). Teniente koronel batek sinatu, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari igorri zioten joan den maiatzaren 8an. Operazioa, atzo. Guardia Zibilak dio oraindik ez dituztela biktimekiko kalte-ordainak kitatu, nahiz eta, haren arabera, ondasun batzuen jabe diren edo jarduera laboralak dituzten. Operazioa, beraz, preso ohiek eta abokatuek agindu judizialak jaso gabe. Bi gauza: 1. Bukatu du ETAk, eta pixkanaka egon ahal da espetxe arloan Madrilen pausorik —dena dela, batasun eta kemen handiagoa erakutsi beharko Hego Euskal Herrian—. 2. Estatuko aparatu batzuek segituko dute terrorismoaren aurka egiten. Bukatu du ETAk; Madrilek, ez.♦
Maiatzak 5, ‘ETAren bukaera (XI)’. BERRIAko analisiaren laburpena. Badirudi fase baten amaiera heldu dela. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bukatu zuen ibilbidea, iaz, ETAren armagabetzea ere egiaztatu ondotik. Henri Dunant zentroak herenegun bertan zioen amaitu duela bere egitekoa. Ikusgai da zer egingo duen HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Brian Currinenak. 2011n Aieteko sinatzaileek prestasuna agertu zuten Jarraipen Batzordea eratzeko; Kanboko adierazpenean ez dator zehazki halakorik —”gure ekarpen berri bat behar dutenen esanetara geratzen gara”, dio bukaera aldera—. Epizentroa Euskal Herrian da. 2000ko otsailaren 22a. Lizarra-Garazikoa bukatu berria. ETAk Fernando Buesa hil zuen egun hartan, eta naziogintzan aritzen den kide bat Txillardegirekin egokitu zen, ETAren sortzaileetakoarekin. Txillardegi jota ei zegoen, nora goazen galdezka, eta zera zioen Euskal Herriak borroka armatua baino aukera hobeak zituela arrazoitzeko: “Orain [naziogintzan] bakarrik gaudela? 1958an geunden horrela! Orain bada jende prestatua, bada konpromisoa, gaitasuna…”.♦
2017ko udazkenean, Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua egiten ari nintzela, Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zen David Pla. Paris inguruan dago preso, 2015eko irailetik —Osnyko kartzelan—, eta, desarmatzea gaitzat hartuta, galdetegi luze bat helarazi nion. Ihardetsi zituen galderak; “ETAren erantzun ofizialak” ziren. Guztia ezingo nuenez liburuan sartu, esan nion elkarrizketa osorik BERRIAko blogean sartuko nuela liburuak bide bat egitean —abenduaren 4an izan zen aurkezpena—. Hauxe da David Plari egindako elkarrizketa osoa.
#Egunkaria15 dela-eta emandako elkarrizketa batean Iñaki Uriak esan du baldintzak ez direla aldatu. Hots, gauzak horrela, Madrilek jo dezake berriro, nahi duena, nahi duenean, nahi duen moduan. Merke aterako zaio. Joseba Egibar ere izan zen #Egunkaria15 ekitaldian, eta zioen “estatu estrategia” baten barruan kokatu behar dela kazetaren itxiera. Galdera: eta nork diseinatzen du estatu estrategia hori? Egibar: “Hiru zutabe ditu: Guardia Zibila, auzitegiak —ez Justizia, baizik eta Justiziaren erabilpena— eta monarkia”. EAEn estatutu berria egin nahian dabiltza indar politikoak; abertzaleek diote hurrengo pausoa Madrilekin berdinetik berdinera aritzea lortzea dela. Tratua, gehienez ere, Moncloarekin litzateke. Estatu zutabeekin ez; eta, arrastotik-edo irtenez gero, martxan makineria. Berdinetik berdinera hori aurrenik etxean aplikatzea onena, errespetuz, zabaltasunez, koherentziz, konpromisoz, nazio kohesioa landuz, herria egituratuz. Abiapuntua baju dago kanpokoari deus eskatzen hasteko.♦
Azken iruzkinak