Adolfo Muñozek BERRIAn: “Bi modu daude bideratzeko prozesu subiranista. Ezkerra eta burujabetasuna lotuz da lehena; Oriol Junqueras argi egiten ari da horren alde Katalunian. Oinarri soziala irabazita burujabetasunera joatea da. EAJk eta EH Bilduk adostu dutena da bestea: klase arteko modu baten bidez joatea burujabetasunerantz. Zilegi da hori adostea, baina guk [ELA] ez dugu horretan sinesten”. Junqueras, beraz, eredu… 2011 irailetik da hura ERCko presidentea. Urte bereko ekainean Sant Vicenç dels Horts-eko alkatetza lortu zuen, CiUrekin eta ICVrekin akordioa eginda. 2012ko abenduan, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen ondotik, CiUrekin itun bikoitza egin zuen: errerendumerako bide orria eta Artur Masen (CiU) president-etza inbestidura. CUPek orduan babesa eman zion autodeterminazio prozesurako bideari, eta errefusatu egin zituen CiUren politika soziala eta ekonomikoa. 2012an ere, inbestidura akordioa CiUk eta ERCk; Mas president. 2015ean, CiU zeneko sektore nagusiarekin hauteskunde koalizioa egin (JxSi) eta gobernua osatzera iritsi zen ERC. 2017an, aparte aurkeztu ziren (JxC batetik, ERC bestetik), baina gobernuan batera daude. CUPek jarraitzen du Generalitateko politika ekonomikoa eta soziala kritikatzen. Urteotan, gainera, agerian gelditu dira CiU zeneko alderdi nagusiko kideen ustezko ustelkeria kasuak. Zerk batzen ditu katalan abertzaleen indar politikoak? Kataluniako Errepublika independenteak, eta, horretarako, autodeterminazio erreferendumak, baita hartarako herri mugimenduarekin aritzeko borondateak ere.♦
Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 7 of 31)
ETA “garaitu” dutela irudikatzeko asmoz, urriaren 1ean ekitaldi bat egingo dute Espainiako eta Frantziako gobernuek, Madrilen. Egiteke dute halako zerbait ETAk bukatu zuenetik —maiatzak 3, Geneva—, eta beharko dute egin. Ulertzekoa izan daiteke, eta logikoa. Han izango dira, ordezkaritzen buru, Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa. Uztailean Sanchezek iragarri zuen Madrilek Parisi eskerrak emango dizkiola emandako “laguntzagatik” eta “terrorismoaren biktimei gorazarre” egingo dietela; gainera, Frantzia ETAren artxiboa entregatzekoa omen da. Esperotako mezu eta ekinbideak dira, ezin harritu horregatik. Garrantzitsua da bi gobernuek (estatuek?) ere ixtea ETAren zikloa (1958-2018). Horrez gain, ikusi egin beharko ETAren aroaren osterako elkarbizitzarako mezurik emango duten; ondotik neurriekin lagunduta baletor, mezu hori litzateke garrantzitsuena biharko egunerako.♦
Joan den maiatzaren 3an ETAk bere desegitea iragarri zuenean Henri Dunant zentroan, Genevan, ekitaldia bukatzean zentroko goi arduradun Judyta Wasowskarekin egoteko aukera izan genuen BERRIAko kazetariok. Jesus Egigurenengatik galdetu zigun. Euskal Herrira itzuli ginenean, solasaldi horren berri eman genion Egigureni, eta Wasowskarekin jarri zen harremanetan. Uztailaren 2an Genevara joan zen, Rafaela Romero emaztearekin (PSE-EEko legebiltzarkidea) eta Maria alabarekin, eta bost egun pasatu zituzten. Uztailaren 3an Henri Dunant zentroan izan ziren, Wasowskarekin-eta egoteko, eta ikusi zuten egoitzako toki preferentzial batean ETAren desegite agiria jarria dutela, lau hizkuntzatan, koadro banatan —euskaraz, espainolez, frantsesez eta ingelesez—. Horiekin argazkiak atera zizkien Egigureni eta Romerori alabak. Diote bisita “oso emotiboa” izan zela. 2005-2007ko prozesuan Henri Dunant zentroarekin harreman estua izan zuen Egigurenek —PSE-EEko presidentea orduan—. 2005eko ekainaren 21ean handik 300-400 metrora egin zuen, Espainiako Gobernua ordezkatuz, ETArekin lehen bilera: Wilson hotelean. Josu Urrutikoetxearekin batzartu zen. Pasa den uztaileko bisitan Henri Dunantekoek aitortu zioten euskal auzikoa izan dela euren ibilbideko lanik garrantzitsuena.♦
Post scriptum (2018-9-25): Jesus Egiguren eta Rafaela Romeroren alaba Maria, Nazioarteko Zuzenbidea ikasketak egiten hasi da Deustuko Unibertsitatean, eta, ondoren, Nazioarteko Gatazken Konponbidearen atalari ekin nahiko lioke.
Gaur, irailak 12: Lizarrako Akordioaren aurkezpenaren 20. urteurrena. Egun hartako Egunkaria-k, azalean: “Bake proposamen bat erdiesteko bilduko da gaur Irlandako Foroa”. Ez zen aditzera ematen mugarri bat ezarriko zela; sekretupean zegoen kontua, sobra ere. Bada azal berean atentzio handiagoa ematen duen beste pieza bat: Jose Barrionuevo eta Rafael Vera Guadalajarako (Espainia) kartzelako atarian ageri dira, ariketa fisikoa egiten, GAL auziagatik preso lehen gaua pasatu ondotik. Hamarna urteko espetxe zigorra zeukaten. Mantsoagatik atera zen libre bikotea; hiru hilabetera, autokritikarik egin gabe, barkamena eskatzeke eta Justiziarekin kolaboratu barik.♦
ETA. Zer izan da? mahai ingurua egin du Argia-ren Larrun-ek 233. zenbakiak, Jose Felix Azurmendi, Koro Garmendia eta Joxe Mari Olarrarekin, eta han Olarrak 14-15. orrialdeetan dio Loiolako prozesua Lizarra-Garazikoa bukatu zenean hasi zela, berehala. Txillarrekoa hasi berria zen hitzordu batez ari da: “Loiolako prozesua berriz, Lizarrakoa amaitu zenean jarri zen martxan. 1999ko abenduan, PSOEk eskatua, Redondo Terreros, Benegas eta Egigurenekin bilera egin genuen ezker abertzalearen izenean. Arnaldo Otegi, Kepa Gordejuela eta neronek. EAJren hegemoniari aurre egin nahi zion PSOEk. Jaime Mayor Oreja zen Barne ministroa. PSOEk hitz egiten genuen guztia informatzen zion Orejari. Aurrerapausoak eman ziren, baina PPk erabaki zuen mahaia apurtzea PSOEri ezer esan gabe. Nola? Ni atxilotuz. Bilerak grabatuta zeuden. ABC eta La Razón egunkariek dena lehertu zuten. PSOE beldurtu zen eta atzera egin zuen. Gero, Jesus Egigurenek segitu zuen bere kasa Arnaldorekin”. Txillarren, eta Paco Egeak BERRIArako Pernando Barrenarekin egindako solasaldian dio: “1999an, Pello Rubio, Otegi eta hirurok politikaz hitz egiteko elkartzen hasi ginen hemen, bazkaldu bitartean. Halako batean, Otegiri galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion Egiguren ere etortzea. Otegik baiezkoa eman, eta Egiguren 2000rako gurekin zen”. Eta Txillarreko kontua ez dela EAJren hegemonia. Nahi den erara uler daiteke dena.♦
Nekez entzungo zaio Juan Jose Ibarretxeri bere tesirako edo lanetarako erabilitako izenetatik aparte beste inorenik. Zaintzen du hori. Baina gaur Donostian, EHUren Badu kosturik Euskadirentzat Espainiarekiko duen dependentziak? udako ikastaroetan, atentzioa eman du itundutako erreferenduma dela eta ez dela ari zela nola hurbildu zaion Juanjo Alvarez legelari eta EHUko irakasleari, eta, bere izena aipatuz, nola galdetu dion: “Nola ituntzen da erreferendum bat aulki bat hutsik dagoenean, beste aldean inor ez denean eseritzen? Nola?”. Beste hitzaldi batzuetan bezala, voice or exit printzipioa atera du Ibarretxek hitzaldian, Madrili zuzenduz bezala: “Edo hitza ematen didazu, edo banoa”. Ez dakigu zer intentziorekin egin duen Alvarezen hori. Dakiguna da Alvarez “nazionalista eta XXI. mendeko hiritarra” Madrilekiko oso itunzalea dela eta publikoki “frustrazioa” agertu duela EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean orain arte lortutako akordioagatik. Irakurri diogu berriki, adibidez: “Kontu ideologikoengatik garapen estatutarioak izan dezakeen potentzialitate guztia sakrifikatu da”; “gehiengo abertzale bat dago, baina ez dut nahi herri bat gehiengo horrek diktatutako lege batekin”.♦
Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren urteetan bildu ziren Txillarren, haiek dira elkarrizketa saio hartako protagonista nagusiak, azaldu dira hedabideetan horretaz eta han, baina Pernando Barrena eta Paco Egea ere ibili ziren –Egea hasieratik eta Barrena segituan–, eta gaur zortzi biak elkartu zituen BERRIAk, Elgoibarko baserri hartan, Pello Rubio jabeak harrera goxoa eginda. Uztailaren 29an argitaratuko dugu solasaldia, Ahomentan seriean, lau orrialdekoa. Argazkian, Egea eta Barrena, lehengo ostegunean, Txillarren, 2002ko azaroan Otegik, Egigurenek eta laurek elkarrizketa politikoaren oinarriak adostu eta izenpetu zituzteneko idatziaren aurrean.♦
Azken iruzkinak