Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratuko ote dituen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, horretaz zeozer aipatu du asteon Josu Erkoreka bozeramaileak, eta, “momentuz, ez”, esan zuen atzo Urkulluk berak. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hilaren 17an BERRIAn: “Uste dut Urkulluk [hauteskundeak] aurreratu egingo dituela. Ez harritu urte honen bukaeran legebiltzarra desegiten badu”. Atzera joz, 1980an EAEko bozak egiten hasi zirenetik, aurreratu-aurreratu, hiru aldiz egin dituzte: 1986an (urtebete eta hiru hilabete), 2001ean (urtebete eta bost hilabete) eta 2012an (bost hilabete). Lehen bietan, lehendakaria EAJkoa zen: Jose Antonio Ardanza (1986koan) eta Juan Jose Ibarretxe (2001ekoan); 2012koan, PSE-EEkoa zen: Patxi Lopez. EAJko lehendakarien aurreratze elektoralen kasuan, 1986koan alderdiaren zatiketak eragin zuen, eta 2001ekoan Lizarra-Garazi akordioaren haustura garaia zen. Ikusiko orain Urkulluk (EAJ) aurreratuko dituen ala ez; berez, urte eta erdira lirateke, 2020ko irailean. Aurreratuko balitu, orain arrazoia ez litzateke alderdi barruko afera edo testuinguru politiko berezia, baizik eta kudeaketa: EAJ, PSE gobernukidearekin batera, gutxiengoan dago legebiltzarrean (75 aulkitik 37 dituzte —28 eta 9—; bat falta), eta horrek sortzen dizkio arazoak. Urkulluk / EBBk aurreratzen badituzte, seguru EAJ-PSE gehiengo osorako aukera ikusten dutela.♦
Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 5 of 31)
Aurki: apirilaren 28an Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta maiatzaren 26an udal eta, Hego Euskal Herriaren kasuan, foru bozak. Bi hitzorduak hain gertu egonik, Espainiakoetako irabazlearen eragin efekturik izango al da udal eta forukoetan, haren alde? Estatuko eta EAEko eremuko lau hitzordu elektoral jakini erreparatuz —eta esanik ez zirela orain bezain hurre portunatu eta beste faktore batzuk ere sartzen direla tartean—, ikusten dena da Gorteetarako bozetako EAEko irabazleak (EAJk) gora egin zuela erkidegoko eta foruetako hurrengo hitzorduetan, eta Gorteetarakoetan estatuan irabazle ateratako alderdiak, behera. (Espainiako bozen aurreko EAEkoak edo foruetakoak ere badira azpiko taulan, eta hor ikusten da indar estatala gero normalki igo egin zela EAEko edo foruetako hurrengo hauteskundeetan, baita EAJ ere)
EAEko eremuan:
1982, Espainiako bozak (PSOEk gehiengo osoa): 1. EAJ %31,8 2. PSE %29,3
1983, foru bozak: 1. EAJ %39,8 2. PSE %26,4
(1980, EAEko bozak: 1. EAJ %38,1 3. PSE %14,2)
……
2000, Espainiako bozak (PPk gehiengo osoa): 1. EAJ %31,2 2. PP %29,1
2001, EAEko bozak: 1. EAJ-EA %42,7 2. PP %23,1
(1999, foru bozak: 1. EAJ-EA %35,2 3. PP %19,3)
……
2004*, Esp. bozak (PSOEk ia gehiengo osoa): 1. EAJ %34,1 2. PSE %27,5
2005*, EAEko bozak: 1. EAJ-EA %38,6 2. PSE %22,6
(2003*, foru bozak: 1. EAJ-EA %46 2. PSE %21,8)
……
2011, Espainiako bozak (PPk gehiengo osoa): 1. EAJ %27,7 4. PP %18
2012, EAEko bozak: 1. EAJ %34,6 4. PP %11,7
(2011, foru bozak: 1. EAJ %31,6 4. PP %14,6) ♦
*ezker abertzale ofizialaren legez kanporatze garaia zen, eta horrek eragin zuen beste taldeen babesaren batez bestekoetan.
Ainhoa Etxaidek Euskadi Irratian esan du Espainiako Auzitegi Gorenean epaitzen ari diren katalan independentistak “matxinatu” egin zirela, “guztiz ankerra den estatu eta legedi baten aurrean, elkarrizketarik nahi ez duen estatu baten aurrean”. Gauzak garbi. Matxinatu. Desobeditu. Defentsa juridikoaren estrategia batean normaltzat har daiteke auzipetuak eta haien abokatuak beste hizkuntza batekin aritzea, baina bestela, dialektikoki eta gogoetarako, eskertzen da gehiegizko eufemismo, suzedaneo eta hitz erdi hutsen garaian Etxaidek bezala Katalunian gertatutakoa zer izan zen azaltzea. Katalan independentista militante horiek ez dira ari epaitzen haien ideia politikoengatik, ideia horien ekintza politikoagatik baizik; ekintzaileak dira. David Fernandezek BERRIAn: “Nola garaitu Estatu arrazoia? Nola eragotzi shock-aren doktrina? ‘Hura desobedituz’, diote dakitenek. Zeren eta bai baitakigu zein den hori ez egitearen alternatiba”.♦
Gaur (2019-2-10) argitaratu du BERRIAk Jonathan Powell nazioarteko bitartekariak euskal gatazkari buruz eskainitako elkarrizketa. Nekez mintzatzen da Powell hedabide batean, eta eskertzekoa da elkarrizketa eman izana. Eskertzekoa den bezala hori lortzeko lagundu dutenen jarrera. 2007tik aurrera, euskal gatazkaren ondorioak konpontzen joateko lanetan nazioarteko pertsonalitaterik garrantzitsuenetakoa izan da Powell. BERRIAri emandako elkarrizketa ingelesez eta espainolez ere badugu, dokumentu banatan. Hementxe. (Post scriptum: 1. Atxikita frantsesez lapurpen bat, besteekin batera prestatutakoa. 2. Atxikita elkarrizketaren PDFak):
BERRIAk igande honetan Jonathan Powell nazioarteko bitartekariaren elkarrizketa argitaratuko du, euskal gatazkari buruzkoa. Euskal Herrian azkeneko aldiz jendaurrean iazko maiatzaren 4an azaldu zen, Kanbon, ETAren desegitearen biharamuneko topaketan, eta harekin harremanetan, zeharka, aste batzuetara jarri ginen, elkarrizketa eskatzeko. Udan eman zuen baiezkoa, eta azkeneko egunetan erantzun ditu galderak. 11 urte egin ditu Powellek Euskal Herriko gatazka konpontzeko erraztaile lanetan: 2007tik, iaz arte. BERRIAko elkarrizketan “harro” agertu da prozesuan parte hartu izanaz, eta bakegintzarako euskal eragile politikoek eta sozialek egindako lana nabarmendu du. Munduko hainbat gatazka politiko, armatu edo diplomatikoren konponbide prozesutan bitartekari eta bideratzaile ere jardun du —1990eko hamarkada bukaeran, Ipar Irlandako bake akordioaren negoziatzaile nagusietakoa izan zen, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroaren aginduz, eta, berriki, Kolonbiakoan parte hartu du—. Halakoetarako sortu zuen gobernuz kanpoko erakunde bat: InterMediate. Gaur egun, munduan hamalau gatazka desberdinetan dabil lanean, elkarrizketan kontatu duenez; batetik bestera beti. Nekez agertzen da publikoki, eta gutxitan hizketan. Idatziz erantzun ditu BERRIAren galderak. Bihar (ostirala), elkarrizketaren aurrerapen bat Berria.eus-en.♦
EAJren adar subiranisteneko ordezkari instituzional gorenari elkarrizketa egin dio BERRIAk: Markel Olanori, Gipuzkoako ahaldun nagusiari. Egungo legealdiaz aritu dira, balorazio modura. Eta, aurrera begira, igar daiteke segituko duela EAJ-PSE aliantza instituzionalak. “Beti eduki dugu oso harreman ona [PSE-EErekin foru gobernuan]. Leialtasun giroan kudeatu ditugu desadostasunak”. EAEko balizko estatutu politiko berriaz ere jardun dute: “Erabaki eskubidea bazter uzten badugu, geure burua izugarri mugatuko dugu”; alegia, gaur bezala, baina hor segitzen dute subiranistek Espainiako erregimenean, ospa egiteko barne indarrik eta estrategiarik gabe. Luzerako doa EAJ-PSE aliantza; gune nagusietarako, telebisatuta dago 2019-2013ko udal eta foru legealdia. Izan ere, post-Ibarretxen, EBBk ez zuen nolanahi gauzatu biratzea, 2013an PSErekin “Euskadiren egonkortasunerako” akordioa sinatuta eta 2015etik aurrera gobernuak osatzen hasita. Ordutik ez da bestelako aliantza instituzionalik eratu Euskal Herriaren mendebaldean, Errenteriako Udalean salbu.♦
BERRIAk jendaurrean lehen aldiz bildu ditu Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Beatrice Molle eta Stephane Etxegarai Luhusoko ekintzaileak, Luhuson bertan, epaileak haiei elkarrekin egoteko debeku judiziala kendu ostean. Bideo erreportajeaz gain, pasadizo hau igo dugu sarera: Errekartea baserrian ETAren armategiarekin Etxeberri, prest zituen txioekin, bakarrik zegoenean, ardo saltzaile bat azaldu zenekoa.♦
Azken iruzkinak