Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 27 of 31)

‘Zaharra berri Gipuzkoan?’, post scriptum

Zaharra berri Gipuzkoan? erreportajean Gipuzkoako Batzar Nagusietako 1991ko inbestidura kontuak ere badaude, EAJ-PSE akordioak Imanol Murua (EA) berriro diputatu nagusi izatea eragotzi zuenekoak, eta artikuluaren post scriptum gisa osagarri izan liteke Joan Mari Torrealdairen Imanol Murua. Gipuzkoako alkate liburuko 174. eta 175. orrialdeetakoa gogoratzea (behean). Xabier Olano EH Bilduren oraingo ahaldungai nagusia bera ere mintzo da orrialdeotan (HBko batzarkidea zen).

Murua1

Murua2

Denis Itxaso, post scriptum

Denis Itxasoren elkarrizketa dela-eta post scriptum bat. Gipuzkoako PSEren ahaldungai nagusiak dio gustuko politikaria zuela Imanol Murua zena. Bazituela desadostasun ideologikoak, baina estimatzen zituela haren formak. “Politikan ez nuen Imanolekin kointziditu, baina bai gero Firin Faran-en eta”. 1985etik 1991ra izan zen Murua Gipuzkoako diputatu nagusi (Itxaso 1975ekoa da), eta 1991n EAk berriro kargurako proposatu zuenean PSEk (foru hauteskundeetako laugarren indarra) EAJko (hirugarrena) Eli Galdosi emandako botoengatik geratu zen atzera kargura iristeke. Formak.♦

Martin Garitano, post scriptum (III)

Martin Garitanori buruzko Kazetari bat agintean, tartez batez kontakizunean kabitu ez den hirugarren zera bat, iazko apirilean Gipuzkoa plazan ikurrina handia jartzear zela izandako ezbehar fisikoaz: “Astean zehar gaizki ibili nintzen, tentsioagatik. Goizetan beti kafea hartzen dut, baina egun hartan tila hartu nuen, ez bainengoen oso sano. Ikurrina jartzera nindoala diputaziotik irten eta seko erori nintzen. Erietxera bidean anbulantzian esnatu egin nintzen, eta entzun nuen gidariari nola esan zioten joateko lasaiago, iritsiko ginela-eta. ‘Iritsi?’, nioen neure artean. Pentsatzen zuten larriagoa zela hura. Berehala osatu nintzen”.♦

Martin Garitano, post scriptum (II)

Martin Garitanori buruzko Kazetari bat agintean, tartez batez kontakizunean kabitu ez den beste zera bat: “Lau urteotan ez dut askotan jantzi gorbata. Legealdi hasieran erabaki nuena izan zen enbaxadoreak etorritakoan edota unibertsitateko ekitaldi batzuetan jantziko nuela, ez desentonatzeko. Aurreneko aldiz Aieteko Bake Konferentzian jantzi nuen, 2011ko urrian. Eduki izan ditut trajeak etxeak. HBko diputatu bezala Jon Idigoras 1993an Espainiako erregearengana joan zenean —lehen aldia zuen—, neure traje batekin joan zen, batere ez baitzeukan Jonek; gorbata, Bilboko beste adiskide batek utzi zion  [argazkian, orduko irudia]. Etxean dut oraindik traje hura”.

idigoras1993

Martin Garitano, post scriptum (I)

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren lau urteotako kontakizunaren (Kazetari bat agintean, tarte batez) post scriptum bat. Hark dio urte hauetan enbaxadore eta atzerriko agintari askorekin egotea tokatu zaiola, eta galdetzean ea Euskal Herritik gehien zer ezagutzen duten: “Athletic, Guggenheim, kooperatibak, sanferminak, euskal gatazka eta euskal gastronomia”. Garitano “oso harro” dago legealdi honetan Donostian Basque Culinary Center ireki izanaz, “Euskal Herria gehiago ezagutaraziko duelako munduan. Handik aterako diren sukaldariak, nolabait, gure enbaxadoreak izango dira. Herri txiki bat gara eta baliatu behar ditugu halako proiektuak”.♦

Sarrera horretaz zera bat: Gipuzkoako aurreko ahaldun nagusiek kasu horretan aipatuko al lukete “Athletic”?

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑