Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 26 of 31)

Xosé Manuel Beirasen epilogoa

“Nire aro politikoa bukatuta dago, eta epilogo batean nago”, esan du Xosé Manuel Beiras galiziar abertzale zailduak elkarrizketa batean. 1982an PSOE utzi zuen, 2012an BNG laga zuen, eta Anova sortu, eta orain herritarren mareen zerbitzura jarri du. Udal hauteskundeetan emaitza ikusgarriak izan dituzte Santiagon, Coruñan edo Ferrolen, PPren territorioetan.

Elkarrizketa hartan esanak dira: “Gizarte zibilean eta hiritargo aktiboenean zegoen aldaketa posible baten motorra”, “Anovak hasieratik babestu zituen Mareak, eta beste indar politikoei eskatu genien han sar zitezen, baina ez herritar aktiboei protagonismoa kenduz, baizik eta lagunduz”, “hausturaren aldeko indar politikook elkarrizketa prozesu serio bat ireki behar dugu”, “Podemos, ezkerra/eskuinaren diskurtsoaren ordez, goikoak/behekoak hasi zen erabiltzen. Mediatikoki oso logikoa iruditzen zait, baina behekoek osatzen duten gehiengo sozial hori ez da hondar zaku bat; artikulatu egin behar den dibertsitate bat da. Horretarako, ezker sozialaren klase aliantzaren irizpidea izan behar da”.

Beirasen penduluaz ari al gara hizketan?♦

PP

PPk joan den martxoan Andaluziako hauteskundeetan egurra jaso zuen, botoen %32 galduta. Kalkulu azkar bat eginda, hark 2011n Espainiako Kongresurako bozetako 10,8 milioi botoetatik aurten %32 galduko balitu, 7,3 milioi boto lirateke. 2011n Kongresuko bozak baino lehen 8,4 milioi boto jaso zituen udal hauteskundeetan (2011ko Kongresukoetan baino %22 gutxiago). Irabazle. Oraingo udal bozetan, 6 milioi bildu ditu (2011ko Kongresukoetan baino %44 gutxiago). Irabazle. Espainiakoetan gora egin ohi duenez, hortxe-hortxe ibil daiteke 7,3 milioi bototan. Irabazle. PPk gobernua galdu zain segitzen dute hemen batzuek. Gainera, datu bat: 1977tik bederen, Espainiako Gobernuan beti Kongresuko lehen indarra egon izan da. Eta PPk C’s hor izango du akordioetarako.♦

Post scriptum (2015-09-26): Kataluniako hauteskundeotan, “porrota” jasota, 2012ko boz autonomikoetatik botoen %26,2 galdu ditu.

Euskal esparru komunikatiboa

2003ko udal hauteskundeetan Lizartzan EAJren alkategai zen Joseba Egibar, eta azalpenak ematera joan zen lizartzarren aurrera. Hango batek DVko zerbait irakurri zion, eta Egibarren erantzuna: “Harritzen nauena da jendeak hainbeste irakurtzea DV, baina lehenengo eta behin esan behar dudana da nik ez erosi eta ez irakurri egiten dudala, eta nik DVri azkeneko lau urte eta erdiotan ez diot inolako adierazpenik egin, ez elkarrizketarik, ez zeharkako adierazpenik, hala erabakita dudalako. Gero [DVren artikuluetan] fuentes aipatzen da, eta herri honetan dagoen gizonik garrantzitsuena señor Fuentes da; Fuentes-ek esaten ditu eta egiten ditu gauza guztiak”.

Uztarriaren liburu batetik jasotako pasadizoa da, Gipuzkoako 2011-2015 legealdia eta abarrak gogoan. EAJk sufritu izan zuen lehen, Egibarren erantzunaren arabera. Bilduk sufritu berri du. Eta Nafarroan, gobernu berriak sufrituko du DNrekin. Herritarrek erabakitzen dute zer egunkari etxeratu. Euskal esparru komunikatiboa indartsuagoa izan dadin baldintzak ereitea, haiek bakarrik ez.♦

Kultura, modu naturalean

‘Donostia 2016’ izan zen, astelehenean, Gipuzkoako foru hautagaien eztabaida saioko blokeetako bat. Xabier Olano (EH Bildu), Markel Olano (EAJ), Denis Itxaso (PSE) eta Juan Carlos Cano (PP), ñabardurak ñabadura, alderdiak eta instituzioak kultur eragileak bailiren aritu ziren. Iosu del Moral Ahal Dugu-ko hautagaiak ekarri zuen freskotasuna diskurtsoan: bera kultur arloan dabilen bat dela, kulturari “modu naturalean garatzen” utzi behar zaiola, eta erakunde publikoek egin behar duten bakarra dela hura babestea eta baliabideak jartzea. Besteak ez daude horretan; kultura kontrolatu egin nahi dute politikoki —dela Donostia 2016, dela Tabakalera…—, gero teknikariengan uzteko lanaren pisua.♦

2011ko foru bozak, erabakitzeko eskubidea

Hego Euskal Herrian 2011ko foru hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten indarrak:

2011b

Euskal herritarren erabakitzeko eskubidea: 

Alde:        791.004 boto   (115 eserleku, %56,65)
Kontra:    521.552 boto    (88 eserleku, %43,35)

Baliteke igandeko hauteskundeetan alde hori handitzea. Gehitu horri, adibidez: 1. Nafarroan aldaketa historikoa eman daiteke. 2. ETAren jarduera armaturik ez da. 3. Europan estaturik gabeko nazioen aldeko giroa dago berriro.♦

Cayo Lara Donostian

Hauteskunde kanpaina batean politikarien artean oso ohikoa ez den prentsaurrekoa izan da Cayo Lara Espainiako IUko koordinatzaile nagusiak gaur Donostian egindakoa, segidan ia ordu erdi batez aritu delako gai bati buruz hizketan (egoera ekonomikoaz); sakon aztertu du. Bukaeran aipatu du “hemen” [Espainiako Estatuan] behar dena “erreforma enpresariala” dela, eta IUren proposamena aletu du: iruzurra borrokatu; irabaziak dituzten enpresetan kaleratzeak egiten badira horiek delitutzat hartu; ustelkeriarekin lotutako enpresarien aurkako neurriak hartu; euren langile denei alta eman enpresariek; irabaziak ekonomia “produktiboan” inbertitu, eta ez “espekulatiboan”; sozietateen gaineko bestelako zerga mota bat… Lara ez da prentsaurrekora joan propagandarako mezu hutsalak botatzera.

Ustelkeriari buruzko pasadizo bat ere kontatu du, berari gertatutakoa: “1979an zinegotzi hautatu ninduten nire herrian [Argamasilla de Alba, Ciudad Real, Espainia], eta festetan auto elektrikoetan ibiltzeko fitxak oparitu zizkidan gizonezko batek. Ezetz esan nion, langile bat nintzela eta nire ahalmenaren arabera ibiliko zirela edo ez gure umeak auto elektrikoetan, eta Kultura zinegotzi izateagatik ez nituela fitxa haiek opari behar. Gizon hark erosi egin nahi ninduen, festetan urtero jar zitzan auto elektrikoak. Garrantzi txikiko ustelkeria kasu bat zen, baina gutxirekin hasten da eta askorekin bukatzen”.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑