Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 23 of 31)

Harrigarria

Bihar bi urte, Diadako 480 kilometroko giza katearen biharamonean, Vic-en AMI independentziaren aldeko Kataluniako udalen batzarreko zuzendaritzarekin bazkaltzeko aukera izan genuen, eta haiek zioten seguru zeudela Espainiako Gobernuak, independentismoaren bidean CiU geratzeko asmoz, urte haren bukaerarako finantzazio eskaintza garrantzitsu bat egingo zuela, zerbitzu eta garraio aldetik. Esaten zuten Kataluniak arazo latzak garraiobideetan zituela, tren sarean eta. PPk ez dio Kataluniari deus eskaini, eta honaino heldu gara.

Rajoyk Espainiako aurtengo hauteskundeak irailaren 27rako ez deitzea ere bada harrigarria. Urte bukaerarako deituko ditu. Interes alderdikoiak erabili ditu, langabezi tasaren jaitsieragatik itxura hobea emateko PPk. Boz orokorrak Kataluniakoekin batera jarriko balitu, unionistek aukera hobea lukete, menturaz, independentismoa hautetsontzietan geratzeko, irailaren 27ko hauek izaera berezia hartu duten arren.

Espainiako hauteskundeetan Katalunian:
– 2004an CiUk %20, ERCk %15 —CUP ez da sekula aurkeztu— / PSOEk %39, PPk %15. (ICVk %5). Parte hartzea: %75.
– 2008an CiUk %21, ERCk %7 / PSOEk  %45, PPk %16, C’sk %0,7. (ICVk %4). Parte hartzea: %70.
– 2011n CiUk %29, ERCk %7 / PSOEk %26, PPk %20. (ICVk %8). Parte hartzea: %66.

2012an Kataluniako hauteskunde autonomikoetan:
– CiUk %30, ERCk %13, CUPek %3 / PSCk %14, PPk %13, C’sk %7. (ICVk %9). Parte hartzea: %67.♦

Independentista ez-abertzaleak

Katalunian ICV eta Podemos elkarrekin aurkeztuko dira irailaren 27ko hauteskunde ‘autonomikoetara’. Aurrekoetan —2012an—, artean ez zegoen Podemosik. ICV bai, eta programako 30 lehentasunetan Kataluniako estatu propioa ere jarri zuen, 22. tokian kokatu arren. Joan Herrera ICVko buruak orduan BERRIAn: “Estatu propio bat proposatzen dugu, burujabetzaren bidez Espainiako Estatuarekin harreman federal edo konfederal berri bat sortuko duena, edo zuzenean Europako Batasunean egongo dena. Garrantzitsua da aukeretako bati ere ez ixtea atea, salbu eta oraingo egoeran gelditzekoari. Oso zaila ikusten dudan arren, ez diogu uko egiten itun berri bat adosteko aukerari; ez eta Katalunia Europako estatu izateko aukerari ere”. Oraingo bozetarako Podemosekin osatu duen koalizioak (15-17 aulki ematen dizkiote inkestek) ez du Kataluniaren independentziaren alde egiten, baina suma daiteke Kataluniak independentziarako urrats formala hasten badu ICVk ez lukeela prozesua oztopatuko.

Gaia (Hego) Euskal Herrira ekarrita, Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak aitortu du bere alderdian badaudela independentistak, baina dio gutxiengo direla eta haiek gaur-gaurkoz ez dutela lehentasun independentzia. Dena dela, hemengo prozesu baterako ez da txarra independentistak edo euskal estatuaren aldekoak egotea alderdi ez-abertzale batean. Ahal Dugu-n (Hegoaldean ia-ia 200.000 boto azken bozetan) badira batzuk, beraz. Hori nobedadea da.♦

Errekalde, okupazioa, EAJ, botoak

Bilbon Errekalde auzoan hainbat emakume feministak eraikin bat okupatu dutela irakurri dugu aste bukaeran. Urteetan auzo berean izan zen gaztetxe ezagun bat okupatutako eraikin batean: Kukutza. Irail honetan lau urte beteko dira, udalak sustatuta, eraitsi zutela; iskanbila eta udalaren kontrako auzo mugimendu handia sortu zen. Hilabete batzuk lehenagoko udal bozetan EAJk hautetsien gehiengo osoa lortu zuen Bilbon, botoen %43 jasota. Aurtengo maiatzeko udal hauteskundeetan eraginik izan al du Errekalden Kukutzarenak? Botoa ematean faktore asko daudela esan ondoren, datuak:

– 2011ko udal bozetan (%58ko parte hartzea), EAJk 8.917 boto lortu zituen Errekalden, %42. PP geratu zen bigarren, %18rekin, jeltzaleengandik 24 puntura (PSEk %15, Bilduk %12, Ezker Batuak %5, Aralarrek %2…).

– Aurten (%57ko parte hartzea), EAJk 7.561 boto eskuratu ditu, %36. Bigarren indar bozkatuena 23 puntura geratu da: PSE, %13rekin (EH Bilduk %13, PPk %11, Udalberrik %8, Ganemosek %7…).♦

Prentsa Auzitegia, edo bestelakoak

Gaurko BERRIAn Jon Gurutz Olaskoagak, Pedro Ibarrak, Jose Manuel Castellsek idatzi dute Madrilgo udal gobernuak egin bezala Asironek eta Barkosek ere “errealitatearekin bat ez datozen berriak zuzentzeko” eta euren bertsioa emateko zabaldu beharko luketela “komunikazio bide bat”, “ikaragarria izango baita Nafarroako eskuin muturrekoen erasoaldia”. Kezka hori ez da berria. Adibidez, 2001ean, EAJren EBBko buru zela, Xabier Arzalluzek Prentsa Auzitegia sortzeko eskatu zuen, “komunikabideen gehiegikeriak bukatzeko”. PPren eta PSOEren kritika latzak jaso ondotik, Arzalluzek iritzi artikulu bat idatzi zuen Deia-n. Han zioenez, Alemaniak Espainian zeukan enbaxadore Guido Brunnerrek “Espainiako bi egunkari inmoralen aldetik presio eta jazarpen mediatikoa” jasan zituen PSOEren gobernuarekin “harreman bikainak” izateagatik, eta Espainiako Justiziaren aldetik “erabateko indefentsioa” pairatu zuen. “Aldiz, Stern Alemaniako astekariak Brunnerri buruz Espainian zer esaten zen jaso zuenean, Brunnerrek Stern-en kontra parte sartu zuen Hanburgoko prentsa delituen Salan. Honek hilabete batera atera zuen epaia eta Stern zigortu egin zuen, jendaurrean hanka sartu zuela aitortzeko esanez, isuna ezarriz, baita kalte-ordaina ere; Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia. Niri, berriz, orain dela urte batzuk hilketa baten ‘eragilea’ nintzela esan zidaten publikoki, eta behar morala eduki nuen parte sartzeko. Auzitegiak atzera bota zuen kereila, dialektika politikoan gehiegikeriak arraroak ez direla argudiatuz”.♦

Zapaterok ere esan du

PSOEren edo PSOE parte duen konstituzio erreformarekin (Kongresuaren bi heren behar dira Espainiako Konstituzioa erreformatzeko) euskal nazioaren aitortza eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea lortu nahi dutenentzat eman du pistarik Zapaterok ere, La Razon-eko elkarrizketan:

– “Ez gaitezen erratu: konstituzioa erreformatzeko, PPk egon behar du”.

– “Herri gisa egituratuta gaude, eta konstituzioak ez du baimentzen desegituraketa, egonkortasuna bilatzen du, ordenu partekatu bat, bizikidetza seguru bat”.

– “Izugarrizko lioa da erabakitzeko eskubidea, jendea zatitu egiten da, galtzen duenak hurrena irabazi egin nahi du beti”.

– “Oso pozik nago [PSCk] baztertu egin duelako erabakitzeko eskubidea, ez baita eskubide konstituzional bat”.

– “Garrantzitsuena ordenu konstituzionalarekin konprometituta egotea da, demokratikoa eta europarra baita”.♦

Kataluniako hitzordua

68 egun falta dira Kataluniako izaera plebiszitarioko hauteskundeetarako. Kartak mahai gainean daude: batzuk Kataluniaren independentziaren alde, besteak kontra. Aldekoen artean, zerrenda zabalak berritasun, gizarte zibilaren itzeleko protagonismoarekin. Inkesta batzuek diote goraka doala independentziaren kontrako hautua eta, gaur-gaurkoz, irabazle dela; seguru?

Iazko azaroaren 9ko galdeketaren emaitzak argigarriak izan ziren:
– 2.344.828 lagunek hartu zuten parte. Asko da, galdeketa ez zelako legezkoa eta, balitz ere, ez zelako lotzailea. Galdeketa hartan 16 eta 17 urtekoek ere bozkatu ahal zuten.
– Estatu independentearen alde 1.897.274 lagunek bozkatu zuten (%80,9k).
– Estatua bai, baina independentea ez, 234.848k.
– Bi aukeren kontra, 105.245ek.
1980tik hona Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan batez besteko parte hartzea %60koa izan da. Azkenekoetan izan zen partaidetzarik handiena, 2012koetan: %69koa; hain zuzen, Kataluniaren independentziaren gaia agenda politikoan egondako hitzordu bakarrean.

3.657.450 botoemaile izan ziren 2012ko bozetan. Azaroaren 9ko kontsultan estatu independentearen aldeko 1.897.274 botoak, 2012ko boto haien %52 lirateke. Legezko erreferendum batean (edo datorren irailaren 27ko hitzorduan), aldeko beste boto pila bat ere zaku berean sartuko dira, hain segur; tartean, estatuaren aldeko 234.848 boto haietatik asko, eta orduko galdeketa ez legezkoa-eta izateagatik parte hartzera animatu ez ziren beste mordoska bat. Ikusi egin behar zenbat aktibatuko den kontrako botoa.♦

Euskal Herria ez da Ronaldo ere

Guardiola ere irailaren 27an Kataluniaren independentziaren aldeko zerrendatan joango dela eta, haren taldekide ohi Stoitxkovek esandako bat datorkit gogora: esan zuen Cristiano Ronaldo beti Messirekin alderatzen dutela, eta ez Messi harekin, “Messi Maradonaren, Peleren edo Cruyffen mailan baitago”. “Horrek gogaitzen du Ronaldo”, Stoitxkoven arabera. Euskal Herrian askok aspaldian Katalunia dute erreferentzia, hango batasuna, hango proiektua (independentzia), hango gizarte zibilaren indarra. Kataluniak ez du Euskal Herria buruan. Txarrena da Euskal Herria oraindik ez dela Ronaldo ere, eta izateko bidean ere ez dagoela, antza.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑