Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 22 of 31)

Egoitz Urrutikoetxea, bere izenarekin

Gaur El Confidencial Digital-ek argitaratu du Egoitz Urrutikoetxeak, bere izenean, Parisko Diderot Paris 7 unibertsitatean lan bat aurkeztu zuela iaz. Lan hura erakutsi du hedabideak, PDF batean. PDFaren loturaren helbidean ikusten denez, txostena elconfidencialdigital.com-en agiritegian dago; eta hedabideko albistea, berriz, ez dago sinatua. Hariari tiraka hasi sarean, eta badago Egoitz Urrutikoetxearen lan hori; hark sinatutua dago, eta, behean ikusten den bezala, Diderot unibertsitatearen helbidea ageri da link luze baten erdian (baina unibertsitatearen webgune publikoan ez da ageri txosten hori; guk, behintzat, ez dugu aurkitu).

Diderot

Helbide horretan sartu, eta Urrutikoetxearen izena duen lanaren Office artxibo bat ateratzen da. Dokumentuaren tripetan arakatu, eta ikusi dugu Office hori iazko azaroan sortutako artxibo bat dela. El Confidencial Digital-ek dio Urrutikoetxeak lana iazko abenduan aurkeztu zuela unibertsitatean.

Esan ahal da bizitza publikoa egiten zebilela Egoitz Urrutikoetxea; gutxienez, ia urtebetean bai, bere izenpean (unibertsitatean, behintzat), atxilotzeko agindua izanda horrek zekarren arriskuarekin.

ETArekin lotuta, Poliziak asteartean atxilotu zuen, Paris inguruan, Saint Denisen. Gaur sartu dute kartzelan, baina kargurik leporatu gabe. Aurretik bere aurka zeuden hiru atxilotze aginduengatik espetxeratu dute.♦ 

 

NBE, EB, FIFA

Ibarretxek Beasaingo hitzaldian, power point-eko irudi, mapa, datu eta guzti, NBE Nazio Batuen Erakundea eta EB Europako Batasuna aipatu ditu, azpimarratuz gero eta “herri” gehiago direla haietako kide: NBE 1945ean sortu zen, 51 herrialderekin, eta orain 193 daude; eta Europan 1949an 26 estatu zeuden eta orain EBn 47. “Zergatik ez 2030ean NBE barruan Basque Country?”.  Estatu izan behar da NBEko eta EBko partaide izateko (NBEk bere izenean ‘Nazio’ duen arren). Egia da Ibarretxek ez duela zehazki Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen eta ez duela euskal estatu independentea aipatzen (Espainiako Estatuarekiko harreman berri baterako elkartasun askeko estatusa zerabilen EAEko 2004ko Estatutu Politikoan , eta ez elkartasun askeko estatua, maiz esaten den bezala), baina gaur egun pistak ematen ditu. EBB lausoagoa da. Iaz Ortuzarrek euskal irrati kate batean “Euskadi nazioa Europan” bota zuenean (EAJk eusten dio horri), elkarrizketatzaileak “nazioa edo estatua?”, galdetu zion. Ortuzarrek: “Estatua esan nahi izan banu, estatua esango nukeen”. Ematen du FIFA antzeko bat nahiago duela EBBk: estaturik gabeko nazioa, nazioarteko gorengo instantzia politiko-instituzionaletan. Nola egiten da hori?♦

Katalunia. Prozesua

…Burujabetza Adierazpena onartu zuten legebiltzarrean; Kontsulta Legea egin zuten; Trantsizio Nazionalerako Liburu Zuria ere bai (1.400 orri); estatuari / estatu independenteari buruzko herri galdeketa deitu zuten, herrialdeko 947 udaletatik 920k babestu zuten, ehun mila boluntario aritu ziren kanpainan…, eta, Konstituzionalak galdeketa debekatu arren, herrialdeko gobernuak eutsi egin zien datari eta galderei; “batuta” lan egiteko konpromisoa idatziz jaso zuten Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Nazio Hitzarmeneko hiru mila erakundeek; izaera plebiszitarioko hauteskundeak deitu zituzten, eta bi alderdi handik eta gizarte zibileko mugimendu garrantzitsuek bat egin zuten hautagaitza batean; independentzia lortu arteko bide orri bat aurkeztu zuten; aurten berriro egin dute Egun Nazionalean ehunka mila laguneko mobilizazio independentista; azken hauteskunde horietan independentistek gehiengo osoa lortu dute parlamentuan; nabarmen goraka doa independentziaren aldeko boto kopurua; konstituzio propioa idazten ari dira, eta estatu egiturak sortzen; eta independente izateko erreferendum bat deituko dutela diote.

Katalunia. Prozesua. Jule Goikoetxeak BERRIAn idatzi bezala, “ondo antolatu eta errotutako argumentu multzoak ezinbestekoak dira manifestaldi puntuala mobilizazio iraunkor bilakatzeko, eta mobilizazioa, prozesu. Paseoan ibiltzetik bidea egitera igarotzeko”.♦

CUP: 2 eta 8?

2004-12-30: Ibarretxek (Jaurlaritzan: EAJ-EA-EB. 36 aulki) gehiengo osorako gutxienez beste bi legebiltzarkideren botoak behar zituen Gasteizko ganberak EAEko Estatutu Politiko Berria onartzeko. Han ziren Sozialista Abertzaleetako (Batasuna) sei legebiltzarkideetatik hiruk aldeko botoa eman zuten (beste hirurek, ezezkoa; eta Josu Urrutikoetxea iheslaria falta zen). Otegik esan zuen 1979ko “akatsak errepikatzea” eragotzi nahi zutela; “botoak ezin dira erabili Madrilekin estatutu berria hitzartzeko”, denen artean galdeketaren galdera eta moduak hitzartzeko baizik. Estatutua, onartua. Gero Kongresuak atzera bota zuen.

2008-06-27: Ibarretxek (Jaurlaritzan: EAJ-EA-EB. 32 aulki) beste parlamentari batzuen laguntza behar zuen Gasteizko ganberak gehiengo sinplez EAEko Kontsulta Legea onartzeko. Aralarreko legebiltzarkideak alde bozkatu zuten. Baita han ziren EHAK-ko (ezker abertzale ofizialak babestua) zortzietatik batek ere (beste azpiek, abstentzioa. Beste bat bajan zen), “Espainiako Konstituzioaren topea agerian uzteko”. Kontsulta Legea, onartua. Gero Konstituzionalak atzera bota zuen.

2015eko udazkena. Junts Pel Sik gutxienez bi legebiltzarkideren botoak behar ditu gehiengo sinplez koalizioko bat izateko Kataluniako  president. Junts Pel Sik dio Mas dela bere presidentegaia. CUPek (10 parlamentari) berretsi du ez duela Masen alde bozkatuko, murrizketen, ustelkeriaren eta iragan autonomistaren ikur jota. Ikusiko da une historiko honetan bereari eutsiko dion CUPek. Prozesu independentistaren garapena dago jokoan. Baluke ezker abertzaleko formula bat: Masen alde bi boto (baldintza guztiak jarrita), eta abstentzioak edo kontra zortzi.♦

Jexux Mari Zalakain jauna

1991 zen, Egunkaria sortu berria (1990-12-06), eta Jexux Mari Zalakain irakasle genuen EHUn, Kazetaritzan. Proiektua azalduz, proposatu zigun idazteko norberaren herriko lagun ezagun bati buruzko erreportaje bat hango azken orrialderako. Halaxe egin nuen neuk ere, eta halaxe atera zen Joxe Takolori buruzkoa Egunkaria-ren 1. urteurrenean. Zalakainek berak animatu gintuen gero euskaldunon egunkarian bekadun izateko azterketara aurkeztera. Halaxe egin genuen askok, eta halaxe hasi ginen bekadun Egunkaria-n 1992ko karnabaletan. Etxe honetan segitzen dugu.

Gaur askatuko dute Zalakain jauna. 18/98 auzian epaitu zuten, Egin-en Orain SA atalean, eta zortzi urtean eduki dute preso Dueñasko kartzelan (Palentzia, Espainia). “Atzerritarrentzako espetxean egon naiz. Aho zabalik geratzen dira astero daukagula lagunen bat lokutorioan zain, senideren bat bisean”, idatzi du Herria 2000 Eliza aldizkarian, espetxeko kroniken azken alean. “Aitortza bat egin behar badut nire azken kronika honetan, hauxe: oso kezkatuta noa, preso politikoen etorkizunari dagokionez. (…) Beterano batek esan dit: ‘Zu aterako zara, ni eta ni bezalakoak ateratzea da arazoa'”. ♦

Euskal entsalada semantikoa

Urkulluk ezker abertzaleari deitu izan dio: ‘ezker abertzalea’ —bai, kakotx artean—, ezker erradikal abertzalea, ezker erradikala, ezker abertzale deitua, ezker abertzale deritzona, ezker abertzale tradizionala deritzona, ezker abertzale historikoa deritzona, ezker abertzale ez emantzipatua, ezker abertzale tutelatua, I.A., politikan jardun nahi duen ezker abertzalea edota Batasuna legez kanporatu-ezker abertzale ez emantzipatua. Ustez jada agortuxe zela-eta, behin bota zuen bere blogean: “…edo nahi duzuen bezala deitu”.

Behar da imajinazioa!… Eta orain, “nazio forala” deitu dio “Euskadiri”.

Beste osagai bat, beraz, euskal entsalada semantikora: estatus politiko berria, estatutu eguneratua, autogobernua, autogobernu handiagoa, konfederazioa, subiranotasuna, burujabetza, burujabetza partekatua, burujabetza betea, estatugintza, estatua, estatu sozialista, Euskadi nazioa Europan, naziogintza, nazio eraikuntza, independentzia, dependentziarik eza, interdependentzia, gero eta independenteago, kontzertu politikoa, prozesu konstituziogilea edo eratzailea, foru eskubideak, gaurkotutako foru eskubideak, eskubide historikoen erabilera, foru erregimenaren itunerako izaera, erabakitzeko eskubidea, itundutako erabakitzeko eskubidea, itunpeko erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa, itundutako legezko kontsulta, berme juridiko osoko galdeketa, kontsulta eskubidea, kontsulta legea, herritarrak ahalduntzeko legea, autodeterminazioa, hitza eta erabakia…♦

Euskal Herria badela

Katalunian hainbat entitatek 2012an Generalitatearen estrategia nazioartean “saltzeko” erakunde bat sortu zuten: Diplocat partzuergoa. “Adostuta daukaguna da erabakitzeko eskubidearen alde gaudela”, dio Diplocateko idazkari nagusiak. “Baina oraintxe gure lana oso lotuta doa irtenbide politikoari. Horregatik, lan nagusia da azaltzea zergatik bihurtuko ditugun irailaren 27ko hauteskundeak plebiszitu”. Hiru zutabe nagusi ditu haren estrategiak: mundu akademikoa, nazioarteko prentsa eta atzerriko parlamentuak.

Euskal Herriak ez du horrelako erakunderik. Ez dago Katalunian bezalako batasunik, ez eta prozesu subiranistarik ere. Baina, bederen lurraldetasuna lantzearren, horren zain egon behar al da nazioarteari Euskal Herria badela erakusteko eta azaltzeko? Detaile bat: Bartzelona futbol klubak berriro plazaratu du munduan zenbat peña dituen —1.249—, eta taulan ez da ageri Euskal Herririk eta, gainera, aparte dauzka EAE (‘Pais Vasco’ gisa) eta Nafarroa —Aragoirekin eta Errioxarekin batera du Nafarroa—. Nork esan behar dio Bartzelona bati —Diplocateko kide da— EAE eta Nafarroa sikiera kasilla berean kokatzeko, eta Hego Euskal Herri bezala jartzeko? 145.000 bazkide izateaz gain, munduko bost kontinenteetan ditu peñakideak Bartzelonak: 152.000. Potentzia bat da.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑