Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 16 of 31)

“Malgutasuna”, Amaiurrekin salbu

Esaten ari dira CDCk talde propioa izango duela Espainiako Kongresuan, nahiz eta ez duen araudiko baldintza bat betetzen horretarako: aurkeztu zen herrialde guztietan ez zuen botoen gutxieneko %15a lortu. Baina PPk-eta ahalbidetuko omen diote talde parlamentarioa eratzea, bestelako kromo batzuen truke. Ez da lehen aldia izango baldintza denak bete gabe alderdi batek talde propioa izango duena. Iazko abenduko bozetan ERC eta CDC ez ziren heldu Bartzelonako probintzian %15era —%14,48 eta %13,25—, baina gero utzi zieten taldea eratzen. Joan den ekainaren 26an CDC Bartzelonan %12,26an geratu zen eta Tarragonan %13,72an, baina, dirudienez, utziko diote Kongresuan taldea izaten. “Malgutasuna” deitzen diote horri. Malgutasuna, nahi dutenekin daukate: 2011n Amaiur talderik gabe geratu zen. Zazpi diputatu lortu zituen Hego Euskal Herrian —gutxienez bost diputatu izatea da talde parlamentarioa osatzeko beste baldintzetako bat—, baina Nafarroan, diputatu bat erdietsi arren, %14,86an geratu zen, eta Kongresuko Mahaiak ez zion talde propioa izatea onartu. Amaiur saiatu zen Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko sei diputatuekin taldea osatzen —haietan gainditua zuen %15eko babesa—, baina ezer ez. 2011n bozak azaroan izan ziren —PPk gehiengo osoa Kongresuan eta Senatuan—, eta Amaiurren kontu hori 2012ko maiatzera arte luzatu zen; Auzitegi Konstituzionalak ere atzera bota zuen eskaera. Espainiako Estatuak ezker abertzale zibil eta zabalari mezu garbi bat eman zion: zuei (hor ere), ezer ez. Eta EAJ, txoriei begira halako injustizia kasu batekin (ere).♦

Hiru kontu Sortuz

1. Azken hilabeteotan maiz aipatu da ezker abertzalea-euskara gaia. Lehengo ostiralean gai hori behin baino gehiagotan aipatu zuen Otegik Miramarren, EHUko Udako Ikastaroetan abertzaletasunaz emandako hitzaldian –Jakin eta Zuzeu ziren antolatzaileak–. Bakoitzari berea: larunbatean Sorturen batzarreko parte pribatua oso-osorik euskaraz egin zuten.

2. Otegirekin batera, belaunaldi berriak hartu du Sorturen “birfundazio” prozesua gidatzeko ardura. Zuzendaritza berriko hamabost lagunetatik 11, 40 urtetik beherakoak dira. Beste bi, 1972 eta 1974koak. Adin kontu hori larunbateko nazio batzarrean ere ikusi zen: ia 850 kide egon ziren eta, batez besteko adina 40 urtekoa izan zen.  Ezker abertzalean bada belaunaldi bat politika egiteko zailtasunak eta trabak izan dituena, legez kanporatzeengatik eta errepresioagatik —eta askok ihesera jo zuten—, eta, ezker abertzalearen masa militantean gazteek protagonismoa beti izan duten arren, orain, modu antolatuagoan eta libreagoan, haien ahotsa nabarmenagoa izan ahal da.

3. Nolabait esanda, kartzelatik irten osteko bosgarren faseari ekin dio Otegik: opor egun batzuk, entzute faseko ekitaldiak –EAEko lehendakarigai izendatzearekin batera–, Espainiako hauteskundeetako jendaurreko presentzia diskretua, joan den asteko agerraldiak —Eusko Legebiltzarrean, Udako Ikastaroetan eta Sorturen batzarrean— eta orain EH Bildu. Hain zuzen, EAEko bozak arte Sortuko kide gisa azken agerraldi publikoa izan zuen larunbatekoa. Lehendakaritzarako hautagaitza biziki sustatuko du koalizioak, laster hasita.♦

Baratzea

EHUko Udako Ikastaroetan XXI. mendeko abertzaletasunaz zikloan Balizko errotak… (Abertzaletasun berriak) mahai inguruan Zelai Nikolas, Unai Apaolaza eta Gaizka Aranguren aritu dira ttor-ttor (Zuzeu.eus-en, laburpen zabala), eta Alain Gagnon Quebeceko politologoaren teoria atera da bukaera aldera. Gagnonek dio burujabetza prozesu batek hiru printzipio borobildu behar dituela: printzipio demokratikoa (herritarren erabaki librea, eskubidearen ezagutza), bideragarritasun printzipioa (aniztasuna, kohesio soziala, ongizatea edota gutxiengoen eskubideak errespetatuz, eredu politikoa: autonomismoa, federalismoa edo konfederalismoa, estatu independentea) eta eraginkortasun printzipioa (nazioartearen aitortza). Euskal Herria oraindik aurreneko fasean dagoela ikusi da mahai inguruan, ez dela bigarrengora jauzi egiteko proiekturik. Bideragarritasun printzipioaren fasera pasatzeko ikuspuntu eta ertz desberdinak azaldu dira, baina zoru komun bat bistaratu izan ahal da: inoiz euskal estatuari buruzko erreferenduma egiteko, garatu “kultura demokratikoa” eta erabakitzeko eskubidea (Zelai Nikolas), independentismoa zabaltzeko “konfrontazioa” landu eta “abertzaletasunaren balio tradizionaletatik [hizkuntza, kultura, historia] unibertsaletara ere jo [justizia, askatasuna…]” (Unai Apaolaza), eta “hitzen eta kontzeptuen estilo liburua” adostu (Gaizka Aranguren; izan ere, adibidez, “zilegi al da Jaurlaritzak Basque Country erabiltzea EAE promozionatzeko?”). Bateragarriak dira. Baratzera, beraz.

Estatu arrazoia

Duela lau urte laSextari emandako elkarrizketa batean, Jordi Pujol Kataluniako Generalitateko presidente ohiak: ”Guk ez genekien GAL zegoenik”, ”ETA bukatu egin behar da, eta, gerra bat dagoenean, gerra bat dago”, ”hil egiten duen jendearen aurka borrokatzen da [Espainiako] estatua [ere], eta gauza batzuk indarkeriarekin defenditu izan dira”. Bazekien zertaz ari zen; GALak GAL-eta, Moncloako maizterrekin ederki konpondu izan da Pujolen CiU. Judizialki, broma bat izan zen GAL auzia.

ETAk duela bost urte utzi zuen jarduera armatua, eta Espainiako Estatuari beste fronte bat zabaldu zitzaion: Katalunia. Orain jakin da Barne ministroa jo eta su aritu izan dela katalan independentistak ustezko ustelkeria kasuetan nahasten. Zein harritu da? laSextako bideo horren hasieran Felipe Gonzalez mintzo da: “Espainiako lurralde eta herri desberdinetako elkarbizitzari eusteko ahalegin iraunkorra egin behar da. Ezin da, azken urteotan probokatu den bezala, lurraldeen arteko inolako gatazkara jo”. 1993ko adierazpenak dira; artean Espainiako gobernuburu zen Gonzalez  –GALen X jauna?—.

Atzo jakin zen Hasier Arraizen xake-mate auzia artxibatu egin duela EAEko Auzitegi Nagusiak, adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidetzat jota. Autoak 7. orrian AEBetako auzi bati buruzko apaimena dakar, Kennedy epaileak esandako bat: “Gustatzen ez zaizkigun erabakiak hartu behar ditugu batzuetan, gogorra egin arren. Erabakiak zuzenak direlako hartu behar dira, legeak eta konstituzioak horretara eramaten gaituztelako”. Espainiako Justizia sisteman, ordea, estatu arrazoia nagusi da funtsezko auzietan. Hori berriro ikusiko da Barne ministroaren aferan ere; “lurralde gatazkarik” ez “probokatzeko”.♦

Prozesua: oiloa ala arrautza?

Gure Esku Dago-ren bazkidetzari buruzko artikuluaren barruan BERRIAn atera dugu Katalunian prozesu politikoaren momentuak garrantzia duela haren aldeko herri dinamiken babes soziala handitzean. Haien artean, Omnium Cultural-ena, prozesuan protagonismoa duenetik bikoiztu egin baitu bazkide kopurua: 2010 bukaeran 23.737 zituen, eta iazko azaroan, 54.200 (Omnium-en bazkidetza taula). Esanguratsua izan zen Muriel Casals zenak 2013ko irailean BERRIAko elkarrizketan emandako mezua —hura zen Omnium-eko presidentea orduan—: “Gure kasuan ere, independentzia nahia hor zegoen lehendik ere, baina gordea. 2012ko udazkenean atera ginen armairutik, Gramaneteko Santa Coloman egin genuen ekitaldi batean. Orduan, jendaurrean esan genuen independentziaren alde lan eginen genuela, eta, zorionez, ordutik ez digu kide bakar batek ere alde egin; alderantziz, erakundearen bazkide sortzaileek begi onez ikusi dute aldaketa. Guretzat urrats naturala izan da: Kataluniako hizkuntzaren eta kulturaren alde lanean diharduen entitate batek helburu horiek bermatuko dituen aukeraren alde egin behar du beti; eta kasu honetan, independentzia da gure hizkuntza eta kultura bermatzeko biderik zuzenena”.

Prozesurako ere, zer behar da lehenago: oiloa ala arrautza?♦

Erabakitzeko eskubideaz esanak

“Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da”, zioen Gure Esku Dago-k bere sorreraren aurkezpenean, 2013ko ekainaren 8an, atzo hiru urte. Aldarrikapen eta kontzeptu horien inguruan 2013 hasieratik jasotako esanen bilduma bat osatu dut. 40 orrialde dira, esanak kronologikoki antolatuta. Erabakitzeko eskubidearen aldekoen aipuak daude, eta kontrakoenak ere bai; Euskal Herrikoenak eta kanpokoenak; Euskal Herriaz, eta Kataluniaz eta Eskoziaz-eta. Hiru urteotan izan da bilakaerarik. Jaume Lopez Kataluniako Pompeu Fabra unibertsitateko irakaslearena da bildumako azkeneko esanetakoa: “Katalunian 2006an sortu zen PDD Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Plataforma. Katalunian erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenaren kapitulua agortuta dago, eta orain [katalan estatua sortzeko] gehiengoa gauzatzeko lan egin behar da” (2016-05-25). Azkeneko esana Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailearena da: “Gaur egindako 34 herri galdeketa hauekin, zenbatekoetan baino gehiago, kualitatiboki ikaragarrizko pausoa eman dugu” (2016-06-05).♦

Sallobente-Ermuaran auzoan Otegirekin

Arnaldo Otegiri BERRIArako elkarrizketa Elgoibarren egiteko geratu ginen, gaurko. Eguraldi onik ez bazegoen, haren soziedadean; bestela, Sallobente-Ermuaran auzoan, San Lorenzo edo Sallobente ermitaren ondoko zelaian. 11:30ean elkartu gara Elgoibarko plazan, eta, lainotuta zegoen arren, Sallobente-Ermuaranera abiatu gara, Otegiren autoan bost lagun, eta argazkilaria, berean. Herrigunetik hiru bat kilometrora dago; Azkarateko bide zaharra hartu, eta gero nahiko azkar, eskubira; bide horretan ezkerrera dago Txillarre baserria, 2000ko hamarkada hasieran Otegiren, Jesus Egigurenen eta beste batzuen mintzalekua. Paraje ederrak dira inguru haiek, eta auzoa bera ere, polit askoa: baselizaz gain, bolatokia, frontoia, elkartea edota haurrentzako parkea dauzka. Baita jauregi bat ere: Arostegi, XV. mendekoa. Zelaiko harrizko mahai bat hartu dugu elkarrizketa egiteko, eta ia ordu eta erdiz mintzatu gara (larunbatean argitaratuko dugu). Bukatu denean esan du Otegik: gazte garaian Sallobente-Ermuaran auzoan bota zituen bere lehen panfletoak.♦

2016-06-02, Elgoibar. Arnaldo Otegiri elkarrizketa 02-06-2016, Elgoibar. Entrevista a Arnaldo Otegi.

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑