Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 14 of 31)

2019a

“Jaun-andere parlamentariak, Ipar Euskal Herriko hautetsiak, partidu politikoetako arduradunak. Denbora tarte mugatua duzue”. Hala ohartarazi zien Foro Sozialak urriaren 22an haiei Aieten, gatazkaren ondorioei buruz. Data zehatza aipatu zuen segidan: 2019a. Esanez abiatu dela EAEko legealdia, 2017 hasieratik martxan izango dela Iparraldeko Euskal Elkargoa, eta 2019ko udaberrian desegingo dela Nafarroako Parlamentua, (Hegoaldeko udal eta) foru bozen atarian. “Denbora tarte mugatua duzue”. Gure Esku Dago-k ere 2019a du buruan: ordu arteko bide orria aurkeztuko du datorren abenduaren 17an. Herri galdeketaren aldeko etxeko lanak 2017an eta 2018an egin behar, nagusiki. Rufi Etxeberriak ere bi urte horiek aipatu zituen duela hiru aste BERRIAko elkarrizketan: “2017a eta 2018a ezker abertzalearentzat oso garrantzitsuak izango dira. Batetik, prozesu subiranista indartzeko. Eta, bestetik, hura indartzen ari den neurrian gatazkaren ondorioetan ere urratsak egiteko”.

Foro Sozialak Aieten eragile politiko-instituzionalei esandakoak Gure Esku Dago-k ere esan ditzake lasai asko: “Erantzukizun politikoz jardutea eskatzen dizuegu, batzen zaituztena banatzen zaituztenaren gainetik jarriz. Gizarte zibil antolatuak babesa ziurtatzen dizue bide bateratzaile eta behin betikoa abian jartzea erabakiz gero”.

Gizarte zibil ‘antolatua’-n dago aldi honetako balio erantsia.♦

Klasiko bihurtu da

Mariano Rajoyk atzo 17 orrialdeko diskurtsoa egin zuen Espainiako Kongresuan, gobernuburu izendatzeko saioaren lehen jardunaldian. Alerik ez Euskadiz edo Euskal Herriaz, elerik ez euskal gatazkaz. Klasikoa da jada. Moncloara 2011ko abenduan heldu –ETAren erabaki historikotik bi hilabetera–, eta Rajoyk 2013ko otsailean izan zuen Espainiako nazioaren egoerari buruzko lehen eztabaida presidente modura. Fitsik ez euskal gaiaz-eta. Despistea? Ez, hautua. Urtebetera berretsi egin zuen jarrera: 40 orrialdeko hitzaldian, ezer ez euskal gatazkaz-eta, EPPK-k bi hilabete lehenago jakinarazi zuen arren Espainiako legedia baliatuko zuela eta ETAk lau egun lehenago iragarri zuen arren armagabetzearen hasiera. Gaur TVEren albistegiak EAJren Kongresuko parte hartzea anekdota hutsera murriztu du, Rajoyren irteera jarrita: “Si quieres grano, Aitor, te dejo mi tractor“. Hasi da EAEko beste legealdi bat. Espainian ere martxan dira. Bost urte galdu dira. Datorren igandean, gainera, Rajoy 24 orduz ez, 25 orduz izango dugu presidente.♦

‘Ekarri armak’, ‘Un final para ETA’

Gaur bost urte jakinarazi zuen ETAk jardun armatua betiko utzi zuela; Aieteko konferentziatik hiru egunera etorri zen haren agiria, Kofi Annanen-eta adierazpeneko lehen puntua betez. 2006-2007ko bake prozesuaren hausturatik ETAren 2011ko urriaren 20ko agiri hartara arte zer gertatu zen argitzeko asmoz, iazko abenduan Imanol Murua Uria kazetariak Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika liburua argitaratu zuen (BERRIAko elkarrizketa). Orain arte hiru mila ale saldu dira. Durangoko Azokarako espainolez argitaratu nahi dute, eta Un final para ETA izango du izenburua. Azpititulua: Crónica de un proceso inacabado. EHUn irakasle dabil gaur egun Murua.

Iaz BERRIAn Apaletarako kazetaritza erreportajean hark esandakoak:

Loiolako hegiak idaztera jarri nintzenean, neure buruari esan nion Loiolan gertatutakoaren berri lehenengo euskaraz eman behar zela. Eta argumentu hori erabili nuen nire iturri nagusiak konbentzitzeko. Errezeloak bazituzten, zer kontatu eta zer ez kontatu, eta konbentzitu nituen esanez garrantzitsua zela ekarpena euskaraz egitea, eta garrantzitsua zela ez beti atzetik ibili behar izatea. Inpresioa dut Jesus Egigurenek gauza batzuk kontatu zizkidala bazekielako liburua euskaraz aterako zela. Bazkari batean gogoratzen dut brometan esaten zidala, ‘baina hau ez duzu gazteleraz aterako, ezta?'”.

“AEBetara joan-etorri batzuk egin ditut azkenaldian, eta han askoz ere pisu, oihartzun eta arrakasta handiagoa dute halako lanek. Aldiz, hemen, ez dut sekula sumatu hainbesteko oihartzun edo prestigiorik, eta proportzioan ere esango nuke askoz gutxiago egiten dela arnasa luzeko kazetaritza hori euskaraz. Liburuek ez dute zure lanorduak ordaintzeko adina ematen”.♦

Post scriptum: Imanol Murua Uriaren lanaren ingelesezko liburua ere prest da. Ez da Ekarri armak-en itzulpena, ikerketa berean oinarritutako narrazio akademikoagoa baizik, irakurle globalagoari zuzendua: testuinguru historikoan azalpen gehiago, kronikan xehetasun gutxiago. Argitaletxeak dagoeneko iragarri du bere webgunean, eta urte honen bukaeran edo 2017ko urtarrilean aterako du.

Zohardia

Sortuk Zohardia izena jarri dio bere birfundazioaren kongresurako ponentziari. Josu Muguruza zenak Egin-en erabili izan zuen goitizen modura Zohardia, eta Sortuk txostenari hala deitzea bada hari egindako omenaldi moduko bat. Markel Andiak eta Lander Iruinek izen bera ipini zioten haren dokumentalari. Horretaz gain, txostenerako izen hori hautatzean egon ahal da beste konponente bat: Muguruzak herrigintzari eta herri mugimenduari berebiziko garrantzia ematen zien, eta Sortuk orain eraldaketa sozial eta politikorako egin nahi duen lan klaseak badu loturarik Egin-eko Zohardia-ren filosofiarekin. Mikel Zubimendik Muguruzari buruzko liburuaren aurkezpenean: “Herri mugimendua arnasa zen harentzat. Jendeari hitz egin behar zaiola esaten zuen, jendearekin aritu behar zela. Pedagogia egiten zuen, beraz”. Iratzarri eta oskarbi esan nahi ditu zohardia-k.♦

#BadaGaraia

 kanpainarekin dabil Kontseilua, euskaraz bizitzeko zer oztopo ditugun azaltzeko eta euskararen normalizaziorako epeak finkatzeko eskatzeko. Honatx neure adibide bat. Uztailean ETB2tik deitu zidaten, programa batetik, Pili Zabalaren hautagaitzaz iruzkin bat egiteko. Joango zela programako kameralari bat BERRIAren Andoaingo egoitzara, esan beharrekoa esateko kamera aurrean, eta bale. Erdaldun bat zen deitu zidana. Nik erantzun nion prest nengoela iruzkina egiteko, baina Euskal Irrati Telebista hedabide publikoan nik euskaraz egingo nuela. Telefonoaren bestaldekoa harrituta –beti ere tonu onean mintzatuz–, hori ezin zela, erdaraz dela programa. Nik, euskaraz egingo nuela; hark, hori ezin zela; eta halaxe geratu zen kontua, biok telefonoa eskegita. Baina handik bost bat minutura berriro deitu zidan; hitz egin zutela, eta egin ahalko nuela euskaraz. Bale ba. Joan zen programako kameralari bat BERRIAren Andoaingo egoitzara, esan beharrekoa esan nuen kamera aurrean, euskaraz, eta hala eskaini zuten erdarazko programa hartan. Handia da EITBk oraindik euskaldunokin irizpide egokiak ez izatea, baina geure partetik ere aleak jartzen segitu behar dugu, noiznahi, nonahi eta nahierara.♦

Post scriptum (2016-10-06): Amak watxapez mezua idatzi dit: “Leitu diat hire blogeko #BadaGaraia artikulu hori. Guk horixe egin genian hire izenarekin. Haiek jarri behar ditek gure erara, ez guk haien erara”.

Gizarte eraikuntzaz

Egibarrek, 2012ko urtarrilean: “Euskal burgesia berria Bildun eta Amaiurren sartzen ari da”. Urkulluk, urte bereko uztailean: “Bilduren eredua ortodoxia estalinistan oinarrituta dago”. Urkulluk berak, handik pare bat egunera: “EH Bilduk ezker abertzale marxistaren ortodoxiarekin jarraitzen du”. Otegik, 2007an: “PNV, Partido del Negocio Vasco“. Halaxe ibili dira urteetan, ez hain aspaldi arte. Tonu aldetik bederen, gauzak aldatu egin dira. Ikusi da hori azken kanpaina honetan ere, eta gaur bertan alor sozialaz eta ekonomikoaz (ere) hizketan aritu dira EAJ eta EH Bildu, Sabin Etxean. Prozesu nazionalaz galdetuta, Egibarrek 2014 hondarrean: “Nazio eraikuntza gizarte eraikuntzarekin josita eraman beharko dugu. Ez badugu ekonomikoki funtzionatzen, politikoki ez gara urrutira joango”. EAJk, ordea, 2013ko irailerako erakundeen “egonkortasunerako” PSErekin ituna sinatua zuen; besteak beste, eta batez ere, aurrekontuak aurrera ateratzeko. Aurrekontu kontuak izan ditu hizpide gaur CUPek, Puigdemonti konfiantzazko botoa ematean: “Independentzia guretzat agintari aldaketa bat baino gehiago da. Proiektu ekonomiko, sozial eta kultural bat da, gizartearen gehiengoaren arabera moldatua eta haren borondatetik jaioa. Aurrekontuak erreferenduma irabazteko tresna izan behar du, eta, horretarako, independentzia aurrerabidearen ideiari lotu behar zaio”. Egibarrek oraintxe dela bost urte zioen ezker abertzaleak Xabier Leteren Ez dut amets haundirik kantari erantzun beharra ziola: “Nik ez dut amets haundirik, zeru ederrik eskeintzen, etsipenaren mugetan zurekin nago bizitzen. Nik ez dut solas lodirik etorkizunaz egiten, bat-bateko librakuntzaz ez dut aspaldi sinisten (…)”. Katalunian duela bost urte pasatxo hala egongo ziren, letra horren jitean, “etsipenaren mugetan bizitzen”. Gaur, berriz, independentziaren bidean, CDC eta CUP bat, ERC erdian dela, aurrekontuak ere negoziatzen.♦

Erabakitzeko eskubideaz

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek 57 legebiltzarkide izango dituzte Eusko Legebiltzar berrian, %76. Hirurek defenditzen dute printzipio demokratikoa: erabakitzeko eskubidea, galdeketa, herritarren borondatearen errespetua. “Baina hirurek gauza desberdina ulertzen dute erabakitzeko eskubideaz”, esan du gaur Jesus Egigurenek, Euskadi Irratian. Hirurek dituzte proiektu politiko desberdinak. EAJk, euskal estatua baino gehiago, Euskadi Europan nazio izatea nahi du, burujabetza partekatuarekin. EH Bilduk euskal estatua nahi du. Eta Elkarrekin Podemosek EAE, Espainia plurinazionalaren barruan. Maltzaga: nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea. Ordea, erkidegoko estatus politiko berrirako –hiru taldeek nahi dute “estatus” hori–, zehaztu beharko da zer esan nahi duen erabakitzeko eskubideak, gauza general batean edo ibilbiderik gabekoan ez geratzeko. Ahotsak mugimenduak zehaztu zuen 2006an, sorrera agiriko 2. eta 3. puntuetan:

“2. Proiektu politiko guztiak defenda daitezke eta defendatu behar dira, bat bera ere inposatu gabe. Bide politiko eta demokratikoak erabiliz, baldintza berdinetan, proiektu politiko guztiak garatu eta gauzatzea bermatu eta ahalbidetuko duen eszenatoki demokratikoa bilatu behar da.

3. Euskal gizarteak, Euskal Herriko hiritarrek, egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea baldin badu, guztiok beharrezko diren berme demokratikoak eta adosturiko prozedura politikoak ezarri eta errespetatzeko konpromisoa hartu beharko genuke, euskal gizarteak erabakitakoa errespetatua eta gauzatua izan dadin eta, beharrezkoa balitz, erabaki honek lege araudian bere isla izan dezan”.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑