Enekoitz Esnaola

Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 13 of 31)

Joxe Elorrietaren “pare bat ideia argi” horiek

Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas liburua (Begirada sindikal kontrakarreko bat. Klasea, lurraldea eta aliantza berriak) idatzi du Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak (1988-2008). Icaria da argitaletxea, eta lana Bartzelonan aurkeztuko dute, hil honen 25ean. Ondoren, Bilbon —hilaren 31n, prentsaurrekoa— eta Iruñean —otsailaren 8an, Katakrak-en— ere egingo dituzte aurkezpenak. Dena dela, sarean bederen, salgai dago jadanik. Ia 300 orrialde ditu liburuak, bost ataletan banatuta. Laugarrena, “euskal kasuari” buruzkoa da: ELA-LAB aliantza berreraiki, prozesu subiranista, horretako “ageriko konbinazioa”, agenda politikoa eta —azpimarratuz— soziala… Asteartean Elorrietarekin telefonoz hizketan, eta zioen “onena buruan argi pare bat ideia” izatea dela. “Bestela, asko izanez gero, konplikatzen hasten zara…”. Bihar BERRIAn liburuko laugarren atal horri buruzko artikulu bat aterako dugu.♦

Luhusokoaz (II)

Ipar Euskal Herrian gizarte zibileko jendea irmo ari da ETAren armagabetzearen alde. Atxilotu egiten dituzte, baina baita libre utzi ere, baldintzapean izan arren. Azkeneko urte eta erdian: Miarritzeko ustezko arma gordelekuko etxeko Nathalie Chasseriaux eta Enrike Lopez, Graxi Etxebehere (Xabier Goienetxea eta Iñaki Reta etxean zituen), Pantxoa Flores (Iratxe Sorzabal eta David Pla aterpetxean zeuzkan), Xabier eta Denise Arin (etxean zuten Mikel Irastorza), eta orain Luhusoko bostak: Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Mixel Bergougnan, Beatrice Molle-Haran eta Stephane Etxegarai. Aurrerabiderako ondorio interesgarria atera daiteke hortik. ETAren armak edo etakideak etxean izatea delitua izan daiteke juridikoki, baina ETA desarmatzen laguntzea politikoki menperaezina da. Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko kideek esan dute armagabetzean aurrera egingo dutela. “Partida polita dugu jokatzeko”.♦
Luhusokoaz (I)

Luhusokoaz (I)

Euskal Herrian eragile gehienek goraipatu dute Luhusokoen ekinaldia; Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Mixel Bergougnan, Beatrice Molle-Haran eta Stephane Etxegarai boskotearena. Haien konpromisoa baloratzean –publiko orokorrari begira, Berhokoirigoin eta Etxeberri dira ezagunenak–, komeni da haien ibilbide osoko engaiamendua hartzea kontuan Luhusokoa konprenitzeko eta ostiralekoa jendaurrean azaltzen ibiltzeko. Datu solte batzuk ematearren, Berhokoirigoin, adibidez, Frantziako Estatuaren aurka Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzeagatik epaitu egin zuten orain dela urte batzuk —gailen atera zen—. Etxeberrik, beste batzuekin batera, GALeko bi kide harrapatu zituen Baionan 1985ean, Monbar hoteleko hilketak izan eta minutu gutxira; edota, urrutira joan gabe, lehengo ekainean Frantziako poliziak “zapatu” egin zuen Baionan, lan erreformaren kontrako protestan. Orain, Luhuson ETAren armak suntsitzekoak zirenean, bazekiten atxilotzeko arriskua zutela; argitaratzeko bideratuak zituzten gutunak lekuko. Hala ere, aurrera jarraitu zuten. Bake bidean, hitzontzikeririk ez haiek.♦

Nafarroako azken inkesta

Nafarroako azken foru inkestaren arabera, gaurko gobernua sostengatzen duen laukoak 25 parlamentari lortuko lituzke hurrengo bozetan –Geroa Bai-EH Bildu-Ahal Dugu-Ezkerrak–, eta beste horrenbeste erregimenaren aldeko hirukoak –UPN-PSN-PPk–. Hots: UPNk 15 aulki (egun ere 15 ditu), EH Bilduk 8-9 (8), Geroa Baik 8-9 (9), PSNk 7 (7), Ahal Dugu-k 6 (7), PPk 3 (2) eta Ezkerrak 2 (2). Orain 26-24 daude. Inkestaren ondoren aipatu da Nafarroako aldaketa historikoaren aldeko indarrek eutsi egiten diotela. Pentsa daiteke Nafarroako eskuin unionismoak ez duela iazko –eta 2011ko– akatsa egingo, eta UPN eta PP 2019ko foru hauteskundeetan batera aurkeztuko direla. 1991tik elkarrekin egon ostean, 2008ko urrian hautsi egin zuten koalizio elektorala. Iaz jaso zuten faktura ederra. Berriro bat eginda joateak plusik lekarkieke. Gainera, Ciudadanos desaktibatuko lukete, eskubi konstituzionalistan boto baliagarria eskatuta –C’s-k iaz 9.993 boto, ia-ia parlamentari erabakigarri bat–. Latza dator. Urte eta erdian ez da tartea handitu; apika, nahikoa zen hastea eta eustea. Ikusiko dugu laukoaren diskurtsoan erregimena-ren eta aldaketa-ren ondotik badatorren beste gantxorik.♦

PSEkoa, “nazionala”

Bihar egingo du Jaurlaritza berriak aurreneko gobernu bilera. Legealdian zehar EAJk eta PSE-EEk izango dituzte, ustez, han ere eztabaidak EAEko estatus politiko berriaz: “Euskadi nazioa” dela-ez dela, “kultur nazioa” soilik ote den, edo “errealitate nazionala” –Urkulluk erabili izan du kontzeptu hori–… PSEk gaur zortzi bere Batzorde Nazionalaren bilera egin zuen, gobernu itunari baiezkoa emateko. Batzorde Nazionalean balekoa… Kataluniako PSCn ere badute Consell Nacional, PSdeGn ere bai Comité Nacional Galego. Nafarroan PSNk ez du Batzorde Nazionalik; Comité Regional. Baina Valentziako erkidegoan PSPVk Comité Nacional du. Madrilgoan batzorde erregionala, Andaluzian ere bai, Murtzian, Kanarietan… EAEn, Batzorde Nazionala… PSEk iraileko hauteskundeen programan idatzi zuen “prest” legokeela estatutu berrian nazio kontzeptua onartzeko, “garbi geratuz ez dela oinarritzen balizko burujabetza desberdindu batean, eta zio kulturalak, historikoak eta linguistikoak izateak ez duela esan nahi estatu bat eratzeko eskubide politikoa duenik”. Berak beto eskubidea izatea nahiko du, apika.♦

Andaluziako Brouard auzoa

Gaur zortzi Juan Puerto Morcilloren elkarrizketa aterako dugu BERRIAn. Extremaduran (Espainia) sortu zen, eta 22 urte zituenean Bilbora etorri zen lanera eta bizitzera. Komunista da, 78 urte dauzka, eta egun Alternatiban dabil –alderdiak haren dokumental bat egin berri du–. Elkarrizketan, besteak beste, Santi Brouard ekarri dugu gogora. GALek gaur 32 urte hil zuen Brouard mediku, HASIko kide eta HBko mahaikidea, eta Puertok elkarrizketan oroitu du 1985eko maiatzean nola inauguratu zuten Badolatosan (Sevilla, Espainia) Santiago Brouard medikua auzoa. “Andaluziako iraultzaileek antolatu zuten ekitaldia, Comisiones Obreras del Campokoek. Han izan ziren Jon Idigoras eta Txomin Ziluaga ere, baita Brouarden alarguna eta alaba bat ere. Ondo gogoan dut alargunak [Teresa Aldamizek] egindako hitzaldia; iraultzailea egin zuen, izugarria”. Argazkian, Badolatosako oholtzan ezkerrean ageri dena da Aldamiz –2012an zendu zen–. Duela hamar urte pasatik ‘Ernesto Che Guevara’ izena du auzo horrek.♦

Brouard

Detaileak

Joan den aste hasieran erakutsi zidan adiskide batek beheko diploma hau. Maria Jesus Ezkurra Erize, Basaburuko (Nafarroa) bizilagunari herrialdeko diputazioak 1958an emandakoa da, euskara jakiteagatik, haren “gurasoei euskeraren iraupenerako lanetaz esker ona erakutsiz”. 200 pezeta eman zizkioten Maria Jesusi –honek dio gaur egungo 1.000 euro bezala zirela garaian–. Diru laguntza jasotzeko, Iruñera joan zen azterketa bat egitera. Euskera-Bizkormen saileko buruak sinatu zuen diploma. Francoren diktaduraren ‘detaile’ bat. Mende erdi bat pasara, Francoren diktaduraren ondorengo sisteman, kasurako berriki jakin dugu Nafarroan euskaraz ateratako lanpostuak atzera bota dituela Justiziak. Estatuak detaileraino sartzen jarraitzen du “ludiko itzkun zarrenetakoarekin”.♦ 

basaburua
« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑