Espainiako Auzitegi Nazionalari buruz BERRIAk atzo argitaratutako lan mardularen post scriptum bat: 2009ko abenduaren 15a, Egunkaria-ren kontrako epaiketaren hasiera eguna. Aurreko egunetan galdera bat atera zen BERRIAn: “Eta sare sozialetan epaiketaren zuzeneko kontakizuna egiten badugu?”. Auzitegi Nazionalera deia segituan, ea posible al zen hori, eta utziko al zuten. Baietz haiek, teknikoki egin zitekeela, bazegoela baimena, eta, harritzekoa, artean inork ez zuela egin halakorik, aurrena izango zela BERRIA. Aurrera, beraz. Heldu zen abenduaren 15a, joan zen Aitziber Laskibar kazetaria auzitegiko prentsa aretora ordenadora batekin, Internetera konektatu, eta, prentsa aretoko telebista ikusiz —barne emisio bidez eman zuten saioa—, Berria.info-rako zuzeneko kontakizuna egin zuen Twitterrez —auziko beste saio guztietan ere bai—. Bukatu zen lehen jardunaldia, eta Madrilen zen lankide batek auzipetu bati esan zion BERRIAk zuzeneko kontakizuna egin zuela. “Zer da hori?”.♦
Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 12 of 31)
Mario Zubiagak gogoeta eta apunte interesgarriak plazaratu zituen astelehenean Oiartzungo solasaldian (BERRIAko artikulua: Prozesua: subiranistaz gain, progresista). Kataluniako prozesua nabarmendu egin zuen, eta zioen Gure Esku Dago orain erosoago dagoela procés-ek hartu duen bidearekin: “Katalunian bide orri bat jarri zuten, independentista; ikusi zuten emaitza ez zuela ematen eta beste, eta bide orria, erabakitzeko eskubidea dute. Bide batez, mesede itzela egin digu horrek, Gure Esku Dago askoz ere erosoago dagoelako bide orri horretan”. Katalanen beste bi gauza azpimarratu zituen: batetik, bidea jarraitzeko daukaten “malgutasuna”, “pragmatismoa”, “inteligentzia politikoa”; eta, bestetik, euskaldunen aldean “saltzeko” daukaten trebetasuna.♦
“Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko” ekintza plana aurkeztu du EH Bilduk: Bakerako Euskal Konponbidea. “Memoria duen iragana”, “orainaldi baketsua” eta “bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna” planteatu ditu. 68 ekintza. Iraganari buruzkoetan, biktima oro aitortu, erreparatu eta errehabilitatzea proposatu du —lehen data modura, 1936ko kolpe militarra aipatu du—; kontakizun inklusibo bat ezartzea nahi du; Egiaren Batzordea; Justizia trantsizionala; sinbolo faxistak desagerraraztea; gorpuak hobitik ateratzeko ekinbideak; hezkuntzako proiektuak… Eta: “1977ko Amnistiaren Legea indargabetzea, gizateriaren aurkako delituak egin zituztenen zigorgabetasuna eragin duelako. (…) Gizateriaren kontrako delituak ikertu eta epaitzeko euskal epaitegietan eta baita ere nazioarteko auzitegien aurrean kereila bultzatzea”. Larunbatean aurkeztu zuen asmoa EH Bilduk. Ostiralean, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak txosten batean esan zuen ETAren 224 atentaturen egiletza argitu gabe dagoela oraindik. Beste 21 kasu judizialki ireki dituzte. 224 atentatuon erdiak 1978-1982 urte artekoak dira. Eferen arabera, ANko fiskal batek dio ETA desegiten ez den artean atentatu haien egileak etakidetzat jo daitezkeela, baldin eta jendaurrean ez badute iragarri erakundea utzi zutela. Iraganetik anitz dago jakiteko eta urratzeko, baina kontua da bake iraunkorrerako memoria osatu nahi den edo zigorraren bidea ere urratu nahi den. Espainiako Estatuak badu munizioa oraindik, probokatu ala ez.♦
Joxe Elorrietaren elkarrizketako III. post scriptum-a: Adolfo Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia joan zen orain dela pare bat aste Gasteizko liburudenda batera, senide batek lan han egiten duela-eta, eta senide horrek aipatu zion atera zela Elorrietaren liburu berria. Irakurria zuela, Muñozek. Nolatan, senideak, orduantxe heldu zela liburua. Muñozek erantzun zion labera sartu aurretik irakurri zuela, nola ez zuen ba aurretik leituko bera izanda ELAko idazkari nagusia. Horrek ez du esan nahi bedeinkatu egin behar zuenik, Elorrieta Elorrieta baita “sindikatuan” —batek “doktore” deitu dio elkarrizketaren aurretik—. Egiaztatzeko dagoena da ea liburuko mamiak esan dezakeen ELAk, Elorrietaren apunteekin, prozesua hasteko bide hori iradoki duen.♦
Joxe Elorrietaren elkarrizketako II. post scriptum-a: “Kezkagarriena arlo sozialean, ideologikoan eta nazionalean pultsua galtzea da”, dio Elorrietak, eta gogoratu du Joseba Sarrionandiaren pasarte bat dakarrela liburuan, “bikaina” iruditu zaiolako. Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas liburuko 223. orrialdean du ELAko idazkari nagusi ohiak Sarrionandiaren pusketa hori, Moroak gara behelaino artean? saiakerakoa (2010). Euskaraz, hauxe:
Joxe Elorrietaren elkarrizketako I. post scriptum-a: Elorrietak bere liburu berrian ez darabil ezker abertzalea terminoa; ENAM deitzen dio hari. Zergatik? Haren erantzuna: “Ezker abertzalea termino orokor bat da. Gu ere bagara ezker abertzalea. Baina, bestetik, aitortzen dut gaur egun ez dela termino egokia ENAM erabiltzea; egoera aldatu egin da, ez dago ETA, eta hau jada ez da hango abangoardia. Baina nola deitu behar diot? Italian alderdi komunistari momentu batean, trantsizio prozesuan, nola deitzen zioten? La Cosa. Nola deitu behar zaio Sorturen, LABen eta Ernairen mugimendu horri? Haiek ezker abertzalea erabiltzen dute, baina nik ez badut nahi termino hori erabiltzea, orokorra delako, ba ENAM deitzen diot, onartu arren ez dela zuzena. La Cosa ezin zaio deitu…”. Elkarrizketan Elorrietak behin erabili du ezker abertzalea. “Ai, ihes egin dit”, zioen ELAko idazkari nagusi ohiak, irribarrez.♦
San Sebastian egunean elkarrekin kafea hartu zuten Joseba Egibarrek (EAJ) eta Maddalen Iriartek (EH Bildu), Donostian, Arantzazu hoteleko kafetegian, hartarako propio geratuta. Arratsaldea zen, eta bazen jendea. Iriartek abuztuan politikagintzara jauzia eman zuenetik ez ziren elkarrekin egon lasai mintzatzeko, eta San Sebastian egunerako jarri zuten hitzordua, jendeak ikusteko kezkarik izan gabe. Aspalditik ezagutzen dute elkar, euren ibilbide profesionalagatik —1980ko hamarkadatik Herri Irratian eta ETBn kazetari Iriarte; 1987an ja EAJren GBBko buru Egibar—, eta, datua okerra ez bada, iazko martxoaren 15ean egin zion Iriartek azkeneko elkarrizketa. Egibarrek orduan Azpimarra-n esana: “Elkarren arteko konfiantza behar da. Konfiantza landu egin behar da, ez da egun batetik bestera lortzen; horretarako daude guneak, autogobernu ponentziak, alderdien arteko harremanak, mugimendu desberdinak…”, eta kafeak (Egibarren esan gehiago, behean). Azken bi hilabeteetan biak tokatu dira, jakina, Eusko Legebiltzarrean, baina ez ei zuten patxadan hitz egiteko astirik topatzen. Egibarrek ordaindu zuen kafea Arantzazu hotelean.♦
Azken iruzkinak