100 egun barru irtengo da kartzelatik Rafa Diez Usabiaga: abuztuaren 18an. 2009ko urriaren 13an atxilotu zuten, Donostian, LABen egoitzan, Bateragune auzian. Operazioko inspektoreak epaiketan aitortu zuen Diez ez zegoela “helburuen” artean; adibidez, ez zuten eskatu hari telefono entzuketak egiteko. “Ez zen operatiboaren parte, ez zegoen gure txostenean”. Baina atxilotu egin zuten, eta espetxera ezker abertzalearen estrategia aldaketaren sustatzaile nagusietakoa. Sei urte eta erdiko kartzela zigorra azkenean —17 hilabetean baldintzapean aske egon zen, ama zaintzeko—. 2009031275 zenbakidun presoa da. Espainian daukate, Santoñan. 2008ko ekainean utzi zuen LABeko idazkari nagusi postua, Ainhoa Etxaideri pasoa uzteko, eta honek hil honen 25-26ko kongresuan lagako du kargua. Onura batzuk direla-eta biltzar horretan egoteko itxaropena omen zuen Diezek, baina ez dizkiote horrenbeste egun barkatu. Aurtengo abuztuaren 20an, sikiera, etxean ospatuko du urtebetetze eguna —61 urte—.♦
Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 11 of 31)
Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikideko katedraduna izan da EAJren Sabino Arana fundazioaren Hermes aldizkariko azken zenbakian idatzi duen bat —”euskal aberriaren XXI. mendeko erronkez” aritu dira 29 lagun—. Atzoko aurkezpenean hizlari ere aritu zen, eta 1919an idatzi zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutuko 3.3 artikulua gogoratu zuen: “Administrazio zentralak ez du inolako esku hartzerik izango artikulu honetan jasotzen diren autonomiako funtzioen egikaritzean”. Agirreazkuenagaren ustez, horrekin ulertu behar da autonomiak, Espainiako Estatuaren barruan, erabatekoa izan behar zuela, eta hainbat estatuz osatutako estatu bati buruz ari zirela. “Idazketa hori ez litzateke txarra izango estatutu berria negoziatzeko”.♦
Gauzatu da ETAren armagabetzea (apirilak 8). Txetx Etxeberrik, gizarte zibilaren parte handi baten izenean, gaurko jarri zuen ETAren armagabetze eguna, eta agenda guztiak astindu zituen. Eta ETA, armagabetu da. ETAk ostiralean esan zuen dagoeneko erakunde armagabea dela, eta, gaur, haren armak jaso ditu Frantziako Poliziak, behatzaile zibilen aurrean. Egun alaia izan da Baionakoa. Bihar ere halakoa izango da Iruñekoa, Korrikaren bukaeran. Euskal Herriko Itzuli hau –Iruñean hasiz aspaldiko partez–, herri galdeketak… Herri honek albiste onak behar ditu, dinamika, kolorea, parte hartzea, zentzuzko horizontaltasun bat… Oraindik orain filosofia desberdinak daude arrunt. Nola izan parte, parte sentituta, hor koska aurrerabide kolektibo nazionalerako. Luhusokoak eragin duenak ere, apika, aldaketa mental baten hasiera bultzatu du. Gauzatu da ETAren armagabetzea. Bukatu da atzerako kontaketa hau: 22, 21, 20… Baina hau ez da bukatu.
(ondoren daude martxoaren 17-apirilaren 7 artekoak) Continue reading
Oraingo herri galdeketetan parte hartzeak beherakada bat izan du iazko antzeko sortakotik. Iazko ekaineko 34 kontsultetan: 125.000 laguneko errolda, %29,3ko parte hartzea. Joan den igandeko 35etan: 124.000ko errolda, %24,8ko parte hartzea. Arrazoi bat izan daiteke udalerri handiago batzuetan izan direla ariketak. Dena dela, herri aktibazioari ere begiratu beharko zaio, baina ez soilik Gure Esku Dago-ren kontuan. Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu dira erabakitzeko eskubidearen aldekoak; orotara, legebiltzarkideen %76. Orain arteko 73 galdeketetako 8.000 biztanlez gorako udalerrietan —hamabi dira; zazpi, iazko ekainekoak— 2015eko udal hauteskundeetan EAJk eta EH Bilduk eta, kasuan, Ahal Dugu-ren tokiko markak ere lortutako botoak kontuan hartuta —orain 16 urtetik gorakoek ere bozka zezaketen arren—, kalkulu orokor bat eginda, kontsultan talde haien boto-emaileen %75,6k bozkatu dute Oiartzunen, Azpeitian %70,8k, Bergaran %61,9k, Zumarragan %61ek, Oñatin %60k, Hernanin %55,9k, Arrasaten %54,4k, Beasainen %50,8k, Tolosan %49,9k, Pasaian %49,3k, Ordizian 46,6k eta Errenterian %42,4k. Ahal Dugu-ren marka bost udaletan dago: Errenterian (2015ean botoen %19,1), Hernanin (%15), Pasaian (%14,5), Ordizian (%13,6) eta Arrasaten (%11,3). Hortik atera daiteke beste ondorio bat galdeketetako parte hartzeaz: botoemaile haiek ez direla aski mobilizatu. Eusko Legebiltzarreko %76ko datu hori tentuz hartzea komeni. Lanean segitu behar, fokuekin.♦
Asteazken gauean Carles Puigdemontek txio batean zioen Barçak PSGren kontra erakutsi zuela ez dagoela ezinezkorik, eta “Kataluniak erakutsiko du bere etorkizuna erabakitzen”. Badira urte batzuk katalanek prozesu subiranista elikatzeko-eta baztertu zutela Kataluniako futbol selekzioaren errekurtsoa. Iazko abenduan Gironako estadio txiki batean jokatu zuen gizonezkoen selekzioak –8.000 ikusle–. Barça erabiltzen dute ikur modura, kluba bera zuzenean inplikatu gabe. ANCk duela lau urte pasako Bartzelona-Real Madrilen eskatu zuen lehen aldiz bandera independentistak eramateko Camp Noura; partidak telebistaz 400 milioi ikusle izan zituen. Euskal Herrian futbol selekzioaren kontuan utzikeria dago, joan den abenduko gizonezkoen partidan barregarri geratzeraino –Bilbok berak EAJri huts egiteraino?–. Gainera, instituzioek Euskadi txirrindularitza taldea paretik kendu zutenetik, kirolean ez dago ikur nazionalik. Futbolean, adibidez, galdetu igandean Anoetan baden kontsentsurik. Edo prozesurik.♦
Urola Kostako zortzi udalerritan bi hilabete barru –maiatzaren 7an– izango dira euskal estatuari buruzko galdeketak: Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaian. Eskualde hartan Azpeitian iazko ekainean egin zuten, eta ona izan zen parte hartzea —galdeketako erroldaren %39,3koa—. Azpeitian 2015 bukaeran 14.664 herritar zeuden erroldatuta; iazko ekaineko kontsultan 16 urtetik gorako lagunen 12.145eko zentsoa egon zen —biztanleri osoaren %82,8—; 2.296 lagunek eman zuten galdeketa deitzeko sinadura; 4.781ek bozkatu zuten —sinadura kopurua x 2,082 pasatxo—. Urola Kostako zortzi udalerri horietan 2015 bukaeran 58.362 herritar zeuden erroldatuta; maiatzaren 7ko ariketan zentsoa, Azpeitiko batez bestekoa erabiliz, 48.323koa izango litzateke; 8.691 sinadura batu dituzte; eta, hemen ere Azpeitiko erreferentzia erabiliz, eskualdean 18.097k bozkatuko lukete; hots, galdeketako erroldaren %37,4k. Balitzateke zerbait.♦
1979ko urria, Gernikako Estatutuaren erreferenduma: alderdien artean alde, EAJk, PSEk, EEk…; abstentzioa, HBk…; kontra, APk… 2017ko urtarrila, EAEko Autogobernu Batzordea eratzeko legebiltzarreko bozketa: alde, EAJk, PSE-EEk eta EP Elkarrekin Podemosek; abstentzioa, EH Bilduk; kontra, PPk. 37 urte pasara, antzeko argazkia. 1979ko estatutuarekin Espainiako Estatuarekin haustea saihestu zen. Orain, urtarrileko bileran EAJk, PSE-EEk eta EPk erabaki zutenez, autogobernua “erreformatzea eta eguneratzea” izango du helburu batzordeak, beti ere “ordenamendu juridikoa errespetatuta”. Partidaren errepikapena dirudi. EAJk ez du aski PSE-EE. Beraz, telebisatutako partida dirudi honek: Elkarrekin Podemos lotzen saiatuko da. Bien programak aztertuta, akordioak ez du ematen zaila. Jakinekoa da nola bukatu zuen EEk, eta non hango arduradun askok.♦
Azken iruzkinak