Ferran Requejo Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeko kideak BERRIAn: “Matematikoa da, Espainiaren logikan. Erreferendumaren Legea eta deialdia aplikatu bezain azkar geldiaraziko dituzte. Prozesua sustatu duten ordezkariak zigortuko dituzte; eta zigorra espetxe zigorrera irits daiteke. Hala bada, demokratikoki aukeratutako buruzagiak espetxeetan egongo dira”. Baina “Espainiaren logika” joango da, kartzelak betetzera ez ezik, haien poltsikoak hustutzera, bestelako ondasunak atxikitzera, senideei beldurra sartzera. BERRIAk Kataluniako trixertak ere atera ditu: estelada bat ageri da, eta Etorkizuna hitza. Proces-eko agintari nagusiek Etorkizuna-rekin erkatzen badute Datorkizuna, asumitzen badute datorkiena, asko izango da irabazita. Zera politikagintzara zedarrituz, Euskal Herrian Datorkizuna asumitua zuten PSEko eta PPko hautetsiek, baita ezker abertzaleko militanteak ere. Eutsi zieten. Adorea galanta. Katalunian, ikusteko dago. Bi hilabete falta dira independentzia erreferendumerako, eta dimisioak eta kargugabetzeak daude; ez estrategia ikuspuntu desberdinagatik bakarrik.♦
Kategoria: Iruzkin garatuak (Page 10 of 31)
“Euren espetxe onurak probestu ahal izateko, erakunde terrorista uztea da presoek egin behar dutena. Hau da, ETAko presoak izateari uztea. Eta banan-banan hartu behar duten erabaki bat da”. Javier de Andres Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren hitzak dira, joan den larunbatean Vocento taldean esanak. EPPK-ko zuzendaritzak barne eztabaidarako iazko abenduan jakinarazi zuen oinarrizko txostenean, azkeneko puntuak ere bazeukan garrantziarik aurrera begira: “7. Azken hitza. Aieteko Adierazpenean presoen gaia ETAk bere gain hartu bazuen, gaur egun, halako aldebiko negoziaketaren zantzurik ez dagoenean, EPPK-k bere burua, Ezker abertzalearen dinamikaren baitan, herriaren eta prozesu independentistaren garapenaren menpe jartzen du, preso guztion askatasuna Euskal Herriaren askatasunarekin lotuz”. EPPK-k Espainiako eta Frantziako estatuetako legedi arrunta erabiltzea erabaki du —De Andresen iritziz, “hori da egin behar dutena” presoek—. “Uda betean” argitaratuko ditu kolektiboak barne hausnarketaren ondorioak. Ikusiko zehazten duen puntu hori —”EPPK-k bere burua, Ezker abertzalearen dinamikaren baitan” hori—, eta, zehazten badu, zenbateraino.♦
Pello Urizarrek 14 botoko aldea kendu zion ildo kritikoko Maiorga Ramirezi EAko kongresuan idazkari nagusi izateko bozketan. Zuzendaritza osatzeko beste 11 postuetan ere Urizarren ildokoak irabazle. 12-0. Geroztik herrialdeetako biltzarrak egin dituzte, koordinatzaileak eta zuzendaritzak hautatzeko. NNafarroan Miren Aranoa ildo kritikoko hautagaia aukeratu dute berriro buru —ez zen beste hautagairik—. Ipar Euskal Herrian ere, berriz ere, Miren Urreiztieta ofiziala —beste koordinatzailegairik ez zen—. Bizkaian Iker Rahonak (ofiziala) Bruno Zubizarretari (kritikoa) 37 botoko aldea atera dio; Urizarren alde azaldu den bat zegoen lehen koordinatzaile. Gipuzkoan Mikel Goenagak (kritikoa) Iban Asenjori (ofiziala) 14koa atera dio; Urizarren ildoko bat zegoen lehen. Eta, joan den ostegunean, Araban Iratxe Lopez de Aberastuk (kritikoa) Antxon Belakorturi (ofiziala) 8koa; lehen, orain EH Bildun idazkaritza bat duena zegoen. Hiru bozketa horietan ofizialek 15 botoko aldea, baina Gipuzkoan eta Araban, kritikoak zuzendaritzan. Nafarroan ere bai. 2019ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira EH Bilduko zerrenden kasuan-eta ardatz nagusiak EAn zuzendaritzak proposatu eta batzar nazionalak ezarriko ditu —normalki, ofizialek irabazten dituzte bozketak—, baina gero herrialde bakoitzean tokiko zuzendaritzak izango du zeresanik. Eta EAko kongresuan bi ildoek azken unean lortutako akordio politikoan esaten dira gauzak: “alderdien arteko koalizio irekia [EH Bildu]”, alderdien “presentzia nabarmena”, alderdiek bilkide kopuruaren arabera adostu horiek zenbaterainoko ahalmena izango duten zerrendak eta barne ardura postuak osatzean… Eta, akordio politikoa egon arren, bi ildoak herrialdeetako batzarretan ere lehiatu egin dira. Kudeaketa bikoitz baten aurrean da Urizar: EAra eta EH Bildura begira. Duela bost aste baino egoera konplikatuagoa du.♦
PSOEko primarioetan Patxi Lopezek Pedro Sanchezi, tonu zera batekin: “Ea, Pedro, ba al dakizu zer den nazio bat?”. Baietz Sanchezek. “Bai? Eta zer da?”, besteak. Erantzuna: “Hiritar askok eta askok duten sentimendua; adibidez, Katalunian eta Euskal Herrian [‘Pais Vasco’], arrazoi kultural, historiko edo linguistikoengatik”. Lopezek: “Begira, erabat termino modernoa da nazioa. Ez ditu berrehun urte ere. Eta beti bi korronte historiko egon dira nazioa definitzeko: nazio politikoa —burujabetza dakar, eta, beraz, estatu independente bat lortzea— eta nazio kulturala —ez dakar inolako estaturik—. Baina berriro diot: hori al da sozialiston eztabaida?”. Iritzi bera izango dute biek, baina… Sanchezek irabazi zituen primarioak, eta zein jarri du PSOEko zuzendaritzan Politika Federalaren idazkari? Lopez. Lurralde politikaren arduradun. Haren idazkaritzaren eginkizuna izango da, diotenez, Espainiako Estatuaren erreforma federala diseinatzea. 2012ko udazkenean, artean Jaurlaritzako lehendakari zela, PSE-EEko Boluntarioen Koordinaziorako Zentroaren inaugurazioan izan zen Lopez, Bilbon, eta bisitako bideoaren hasieran ageri da: PSEkoek Euskal Herriko mapa daukate horman. Ez dakigu galdetu zien Lopezek: “Ea, boluntariook, ba al dakizue zer den Pais Vasco?”.♦
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak zirela kontuan hartuta —alegia, tokikoen aldean desberdinak, berez—, emaitza esanguratsuak dira Ipar Euskal Herrikoak. Batetik, Frantziako alderdi nagusien beherakada nabarmena gertatu da: 2012an Modemek, UMPk eta PSk 92.956 boto (%71,6), joan den igandean Martxanek, Errepublikanoek eta PSk, 70.291 boto (%57,8). Beraz, 22.600 boto pasa eta ia hamalau puntu behera. Bestetik, EH Baik gora egin du —1.242 boto eta 1,6 puntu, orotara 12.665 boto eta %10,4 lortuz—; berriz ere hirugarren geratu da, baina orain askoz gertuago bigarren indarretik —2012an 27.500 botora, orain 2.741era—; eta atzean utzi du PS. Frantzia Intsumisoa alderdi berriak 10.950 boz jaso izana garrantzitsua da, baina ikusi beharko da gerora zer lankidetza sor daitezkeen. Horretaz guztiaz gain, zenbait arlotan eragileen eta herritarren artean egon daitekeen distantziaz gogoetatzeko moduko hitzak egin ditu Collette Capdeviellek (PS) Euskal Irratietan, 5. hautesbarrutian Florence Lasserre (Martxan) gailendu dela medio: “Euskal lurraldeak, dituen berezitasun guziekin, Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren kontra zen diputatu bat hautatuko du? Presoen gaian inoiz ezer egin ez duen bat hautatuko dute hautesleek? Hautagai anti-euskalduna ote da?”.♦
Eusko Ikaskuntzak irailean lurraldetasunari buruzko “zoru komun bat eta diagnostiko partekatu bat” —Liburu Berdea— aurkeztuko duela argitaratu dugu gaur BERRIAn, eta, toki faltan, artikuluan sartu ez den pasarte bat da ondorengoa. Mario Zubiaga: “Terminologia landu dugu, esate baterako. Eztabaidatu genuen eta saiatu gara ados jartzen. Nola deitu: Euskal Herria, Euskadi, Pais Vasco, Pais Vasco-Navarro, Vasconia, Pays Basque… Historian zer erabilpen izan duten jorratu dugu, eta badakigu deituraz gutxieneko adostasunik ez dagoela. Dena dela, Euskal Herria kontzeptu bezala nahikoa onartuta dago denen aldetik, baldin eta kontzeptua eremu antropologiko-kultural batera eramaten bada. Gazteleraz arazo gehiago dago, eta Territorios vasco-navarros edo Vasconia erabiliko dugu Liburu Berdearen zirriborroan; Eusko Ikaskuntzaren tradizioan gazteleraz adostasun handiena izan dutenak dira bi horiek, kontzeptu zabal bezala ulertzen baitira, Espainiara edo Frantziara edo hainbat euskal lurraldez osatutako egitura batera mugatu gabe”.♦
Mundu jeltzalearen propaganda eta komunikazio estrategia ahaltsuaren beste atal batzuen berri izan dugu EITB Focus-en bidez. Hego Euskal Herriko datozen udal eta foru hauteskundeei buruzko inkesta batzuk ekarri ditu, eta, oraindik bi urte falta diren arren, haren arabera ikusten da EAJk hazten jarraitzen duela. EAEn hezurretan lagatzen ari da PP —Araban salbu—, ahultzen-ahultzen PSE-EE, eta badu beste zaku bat botoak ateratzeko: Elkarrekin Podemosena. Inkestako datuak: Arabako foru bozetan EAJk 3,1 puntu irabaziko lituzke duela bi urteko emaitzetatik, eta, han ere, funtsean, PP eta Ahal Dugu+Irabazi —hauena, batura eginez, aparte aurkeztu baitziren— jaitsiko lirateke: 3,2 eta 1,9 puntu, hurrenez hurren. Bizkaian EAJk +4,2 puntu, eta PPk -1 eta Ahal Dugu-Irabazik -1,7. Eta Gipuzkoan EAJk +4, PPk -0,8 eta Ahal Dugu-Irabazik -1-1. Batez ere, bietatik egingo luke arrantzuan EAJk. Alde horretatik ere patxada Sabin Etxean.♦
Azken iruzkinak