Enekoitz Esnaola

Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 9 of 14)

BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.

Nola daude indarrak bozen atarian?

BERRIAko artikulu analitikoaren (2016-7-31) laburpena: EAJ sendo dago instituzionalki eta hauteskunde emaitza aldetik. Ia beti bezala. Gainera, normalez, Eusko Legebiltzarrerakoak dira haren hauteskundeak. Nahiz eta legealdirako agindutakoak gabeziak dituen, iritzi publikoaren pertzepzioa da hemen Espainian baino hobeto bizi dela jendea, eta hori da EAJren helduleku nagusietakoa. EH Bilduk Otegi dauka. Bi erreskate egin nahi ditu hark: nazionala –subiranotasuna– eta soziala. Mantaren adibidearekin topa daiteke: bularraldera eramanez gero, hankak airean; eta alderantziz. Oreka topatu behar. Babes txikiagoa jasota ere, duela lau urte bezala bigarren geratzea ontzat joko luke EH Bilduk. PSEk berriro behera egingo dutela dirudi, baina bozen ostean berriz ere EAJk bota diezaioke esku bat. Beheraka doan beste indar unionista bat da PP, baina Lopezen garaian bezala, erabakigarria izan daiteke inbestidurarako, betiere EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu gehiago badira EAJ eta PSE baino. Elkarrekin Ahal Dugu indartsu sartuko da Eusko Legebiltzarrean; zenbat aulkirekin, ordea?♦

Ustekabean

BERRIAko analisiaren (2016-7-21) laburpena: Ustekabea izan da EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzak Pili Zabala ateratzea primarioetarako lehendakarigai modura. Orain arte jendaurrean lan eremu edo diskurtso bakarra izan du, GALen biktima Joxi Zabalaren arreba izaki: “estatu terrorismoaren” salaketa, eta biktima guztien aitortza ere bai. Orain, langabeziaz, energiaz, hizkuntza politikaz, azpiegiturez eta abarrez ere hitz egitea tokatuko zaio. Iritzi publikoak ez du horrekin lotzen, eta sinesgarri izateko ariketa bat du aurrean hark. Dena den, oraindik Podemos ideia edo marka bat da, eta haren, Madrilgo liderren eta balizko lausotasun programatikoaren babesean eroso aritzeko aukerak izan ditzake; erretorika ona dauka, gainera. Hartxintxarren artean, bat: Nagua Albaren taldeak irmo dio EAJ kendu nahi dutela Jaurlaritzatik, bestelako politika bat izateko. Zabalak urteotan hango Bake eta Bizikidetza Idazkaritzarekin nahikoa harreman estua izan du, eta arraro egin liteke hari ere Albaren-eta diskurtsoa entzutea. Hor doa, baina. Eta ezker abertzaleak bere artean pentsatuko du noraino iristen zaion Ahal Dugu.♦

Ondorioetako korapiloa

BERRIAko analisiaren (2016-7-10) laburpena: EAJk eta ezker abertzaleak gerra dialektiko handia dute, baina ez orain bakarrik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atariko honetan; hamarkadetakoa da liskarra. 2011ko urritik euskal politikagintzaren egoerak hobera egin arren, haien arteko giroa ez da hobetu gatazkaren ondorioak konpontzeko arloan, behintzat. Euskal instituzioek, ezker abertzaleak eta mugimendu sozialek presoen auzia konpontzeko norabide bera hartu ezean —horrek ez du esan nahi beti batera aritu behar direnik—, nekez egingo da aurrera. Orain artekoak erakusten du etorkizuneko lanketak desberdina izatea eskatzen duela. Iazko urrian, “bake prozesua une larrian” zegoela esanda, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak zioen Madril eta ETA mugitzeko “lehentasunezkoa” dela EAJ eta Sortu ados jartzea. Handia litzateke HNTk etsitzea hemengo eta ez Madrilgo borondateagatik.♦

Badaukate etxeko lanik

BERRIAko artikulu analitikoaren (2016-6-28) laburpena: PPk lehen baino bide zabalagoa du Espainiako Estatuan agintzen jarraitzeko. Zein da alderdi abertzaleen egitekoa Madrilen? Edo hara begira? Eta, batik bat, etxean bertan?Badute lanik haiek, eta Elkarrekin Ahal Dugu-k. EAJk jokorako aukerarik gabe segituko du Madrilen, antza. Normalki, haren bidez lortu izan dira EAErako eskumenak, baina 2011tik ez da batere jaso. Egoera hori kontuan hartuz, EAJk 2012an Eusko Legebiltzarrerako kanpainan aldarrikatu zuen “estatus politiko berria” behar duela EAEk. Legealdi honetan ez du galdeketarik antolatu horretaz. Haren egiteko handi bat da. EH nora ezean bezala agertu da berriro. Abenduan, erabakitzeko eskubidea zeukan aldarri nagusi, eta, orain, alor soziala. Ezker abertzaleak, historian, gatazka konpontzeko saio edo garaietan lortu ditu emaitzarik onenak. Emaitzak hobetzen hasteko premia du EH Bilduk, eta garrantzia du haren estrategia hautuak. Elkarrekin Ahal Dugu-k EAEn %29 lortu du. Udazkenean zenbateraino eutsiko dion, horixe dago ikusteko. Aurretik badu etxeko lanik: lehendakarigaia aurkitzea eta programa sendo bat osatzea, euskal osagai jakin batzuen argibideekin. Eroso bizi da Madrilgo zuzendaritzaren anparoan. Nafarroan aldaketa zintzilik al da? Aldaketaren indarrek badute zer pentsatua: programan azeleragailua zapaldu ala ez, foru hobekuntza egokitzeko proiektua lozorrotik atera edo ez, nola egonkortu edo sendotu aldaketa.♦

Mapa kasik ez da aldatu

BERRIAko artikulua analitikoaren (2016-6-27) laburpena: Joan den abendukoekin alderatuz gero, Hego Euskal Herrian mapa ez da kasik aldatu Espainiako Gorteetarako atzoko hauteskundeeetan: Elkarrekin Ahal Dugu izan da lehen indarra botoetan, eta orain diputatuetan ere bai —elkarrekin aurkeztu dira Ahal Dugu-Equo eta Orain Batera—, eta erkiegoetan, azterketa baterako betiere boz autonomikoak ikusmiran izanik, EAEn EAJ nahikoa ongi kokatua dago, eta UPN-PP ere bai Nafarroan –foru erkidegoan bestelako aldaketa bat erdiesteko–. EH Bildu Espainiako bozetan toki bat egin ezinda dabil, eta, areago, EAEko iazko udal eta foru hauteskundeetako kolpetik oraindik osatu gabe. Abertzaleak Madrilen eragiteko ahalmenik gabe geratu dira berriz ere.♦

Udazkeneko hitzordurako joera

BERRIAko analisiaren (2016-6-19) laburpena: EAEn, 1977tik aurrerako hauteskundeetan, nagusi azaldu izan da EAJ. Baina, tarteka, sufritu izan du, batez ere Espainiako Kongresurako bozetan, era batera edo bestera —edo bietara— sei aldiz ez baita aurrena geratu. Okerren 1980ko hamarkadaren bigarren partean egon da EAJ; batik bat, 1986an, eta arrazoi nagusia alderdiaren krisia izan zen. Sabin Etxean jakin edo asmatu izan dute ezbeharretatik osatzen. Baina orain, sei hilabetera EAEn berriro Ahal Dugu nagusitzeak joera bat adieraz dezake bertako hurrengo hauteskundeetarako. Eta hurrengoak laster izango dira erkidegoan: udazkenean, Eusko Legebiltzarrerakoak. EAJren hitzordu nagusia da hori, baina alderdi krisiaz geroztik botere instituzional handiena duen honetan Kongresurako bozetan berriro galtzea emaitza koiunturala baino gehiago da. Horrek ez du esan nahi udazkenekoak galdu egingo dituenik. Berez, arrunt hauteskunde desberdinak dira, eta EAJk badu tradizio bat. Baina indartsu sartuko da Ahal Dugu, eta EH Bilduren Otegi efektua ere kontatu behar da. Ikusiko da zer batura egin ahalko diren, eta EAJren egungo bazkide PSE-EE Espainiako emaitzek abaildua denentz. Oraingoz, gaur zortzikoari begiratu beharko, garrantzia udazkenekoek dutela kontuan hartuta.♦

Horizontaltasuna

BERRIAko analisiaren (2016-6-7) laburpena: Ona al da %29,3ko parte hartzea, ala ez? Euskal Herriaren estatusaz galdeketa sorta bat antolatu eta jendeak parte hartu izana da garrantzitsua. Dena dela, parte hartze datuetan izan dira ahulezia batzuk; batik bat, Goierriko bost udalerri handienetan.  Parte hartzea bultzatzeko modu zuzenagoak hobeto edo gehiago landu dituzte batzuek, eta emaitzetan ikusi ahal izan da. Burujabetza ariketa dira galdeketak. Parte hartzea, berriz, galdeketa bat baino gehiago da, une jakin batean erabakia adieraztea baino gehiago, gertakari bat baino gehiago, eta oraindik lan handia dago egiteko euskal gizartean; dela lan munduan, dela instituzioetan… Ardurak-eta errespetatuz, horizontaltasuna lantzea eskatzen du, burujabetzaren bidean ere kultura politikoan sakontzeko, estatusari buruzko galdeketetan botoa ematea ez egiteko arraro. Hori da galdeketa hauen balio nagusietakoa: horizontaltasuna.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑