BERRIAko analisiaren (2016-10-23) laburpena: 2011ko konferentzian ez bezala, atzo Foro Sozialaren ekitaldian gorbatarik ez zen Aieten. Ordukoa hitzordu historikoa zen, zetorrenagatik: ETAren jardun armatuaren bukaera. Gorbatak agerian. Eta sekretu pean, ETAren eta Espainiaren “konpromisoak”. Orain ez dago ezer. Baina Foro Sozialak adierazi du gatazkaren ondorioak ixteko bidean, “arrazoizko epe batean” ETAren armagabetzea behar dela. “Azken faseari ekiteko garaia da”. Ordea, orain ez da espero berehalako neurririk. Ez da gauza bera jardun armatua uztea edo armagabetzea. Aurrena, erabaki eta komunikatu egiten da. Armagabetzea ere erabaki bat da, eta ETAk erabakia du, baina behar ditu azpiegitura eta bermeak. Foro Sozialak “prozesuaz” hitz egin du. 2011n erabakigarria izan zen nazioarteko komunitatea. Orain ere rol bat jokatzeko eskatu dio foroak, baina bereziki euskal gizarteari zuzendu zaio. Lankidetza giro bat nahi du. Atzo Aieteko ekitaldian izan zen batek zioen bezala, gorbata, berriro, “hau itxitakoan”.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 8 of 14)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisiaren (2016-9-28) laburpena: Joan den igandekoarekin, EH Bilduk bukatu du bere hauteskunde ziklo partikularra edo bere lehen fasea. Berriro Espainiako hauteskunderik ezean, 2019ko maiatzera artean ez da Hego Euskal Herrian bozik izango. Parte hartzeak parte hartze, beheraka joan izan da EH Bildu. Lehengo igandera arte: 224.000 boto; bigarren indarra, aise. Presio handia zeukan. Baina EAJren alternatiba izateko aukera urrundu egin zaio. EH Bilduk “herri akordioen” eskaintzan lehentasunen artean du alor soziala , baina EBBk esan du gaitza ikusten duela adostasuna. EAJk EAEko instituzioetan itunetarako aukera sorta du, eta posizio bat. Aldiz, aliatu falta dauka EH Bilduk. Alor sozialean eta ekonomikoan aurrerabiderik nahi badu, 2019ko bozak-eta buruan lagun berrien premia du; bestela, erakundeetan ez zaio aski bere %20-25eko batez bestea. “Larritasunetan eta epe laburrean ito gabe, lasaitasun estrategikoa behar du ezker abertzaleak”, zioen ETAk atzoko agirian. “Herri prozesu independentista garatzeak denbora eskatuko du”. Halako prozesu bat garatzen hasi aurretik baldintzak ere erein behar dira. Hauteskunderik gabeko bi urte pasa hauek oso garrantzitsutzat ditu ezker abertzaleak gatazkaren ondorioak ixteko bidean jartzeko. Mugimendua dago. Euskal Herriko —EAEko, batik bat— agenda politikoa astintzeko eta baldintzatzeko ere balioko luke. Esaten da: estrategian, ezinbestekoa da oportunitaterako sentsibilitatea edukitzea.♦
BERRIAko analisiaren (2016-9-22) laburpena:
1. Baliteke datorren legealdian Jaurlaritzan EAJ eta PSE-EE egotea. Joan den urteko uztaileko akordioan etorkizunerako oinarriak jarri ondotik, Urkullu lehendakariak berehala esan zuen EAJ-PSE “ardatzean” eraiki nahi zuela autogobernu berria, bi alderdiek osatzen dutela EAEko “gizartearen bizkarrezurra”. Azkeneko urratsa falta zaie: Jaurlaritzan ere izatea bikote.
2. EAJk datorren legealdian “estatus” politiko berria nazio aitortzan eta erabakitzeko eskubidean oinarritu nahi badu, nekez egongo da konfiantza PSEren eta bien artean. Aukera: legealdi honetako formula errepikatzea; hots, EAJk PSE lagun hartzea kudeaketarako, eta eskuak libre antzean edukitzea mami politikorako. Sabin Etxearen gustuko formula da. Gobernabidea lehenetsiko duten da gakoa.
3. Ahal Dugu-ren nahia: EH Bildu, PSE eta hirurak, bera buru dela. Ez da halako gobernurik izango. Baina jarraitu beharko dira ibilera batzuk. Batetik: EH Bildu + Elkarrekin Podemosena. Bestetik: euskal ezker autonomistaren barruan ahots batzuk “gobernu alternatibarako” espazio progresista eta plural bat aldarrikatuz hasi dira.♦
BERRIAko artikulu analtikoaren (2016-9-18) laburpena: Errealitate printzipioa, legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa. Gaur-gaurkoz, eta bakoitza bere azalpenekin, burujabetza prozesu baterako EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontuan hartzen dituzten printzipioak dira, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako programetan ere ikusi ahal denez. Errealitate printzipioa: EAE, subjektu politikoa –Euskal Herria nazio bat dela aitortzeaz gain–. Legezkotasun printzipioa: bidea, indarrean dauden lege prozedurei jarraituta. Printzipio demokratikoa: erabakitzeko eskubidea, herritarrei hitza eman. Horraino nahikoa adostasun dute. Aldiz, Madrilek EAEn itundu eta onartutakoari ezezkoa emanez gero egin beharreko ibilbidean ez dute ikuspegi bera. Ondorioz, 2005eko egoera errepikatu ahal da. Orduan, Eusko Legebiltzarrak Estatutu Politiko Berria onartua zuen arren, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen ituna, eta beste urratsik ez zen egin. 2008an ere ez, Konstituzionalak EAEko Kontsulta Legea baliogabetu ondotik. Politikagintza baldintzatzen zuten faktore garrantzitsuak zeuden orduan: ETAren jardun armatua eta Espainiako Alderdien Legea. Gaur egun ez da legez kanporatzerik eta ETAren indarkeriarik, politika egiteko Espainiaren itxikeriaren aztarnarik baden arren oraindik, Arnaldo Otegiren debekuarekin ikusi denez. Aipatutako gaiak berriro mahai gainean izango dira datorren legealdian.♦
BERRIAko analisiaren (2016-9-17) laburpena: EAJk Carlos Garaikoetxea lehendakariaren partez jarriko zuela iragarri, eta Jose Antonio Ardanzak bere lehen adierazpenetan: “Nire egitekoa instituzionala da, ez politikoa”. Gatazka politikoaren konponbiderako eta emantzipazio nazionalareko ez zuen arrasto handirik utzi. Agian, haren sasoian herri hau artean ez zegoen bidegurutze batean. Orain badago, EAJk ere joan den otsaileko batzar nagusiko txostenean jasoa duenez. XIX. mende bukaera ere halakoa izango zen Sabin Aranarentzat, eta EAJ fundatu zuen. Kontzientzia nazionala piztu zuen Sabin Aranak, eta arrastoa utzi. Jose Antonio Agirrek ere bai geroago, ETAk, Enbatak, IK-k, Garaikoetxea-Arzalluz tandemak, Arnaldo Otegik… “Bidegurutze berriaren aurrean gaude”, dio EAJren dokumentuak. Bihar zortzi, EAEko bozak. Frankismoaz geroztik, 11.ak. Igaroko dira horiek ere, eta izango da berriro gobernurik. Garbi ez dagoena da “bidegurutze” honetan arrastoa uzteko moduko politikarik egingo den instituzioetatik (ere), batasunik hezurmamituko den burujabetzarako, edo, hura erdeinatuz, beste erkidego bat balitz bezala gobernabidea lehenetsiko den, besterik gabe.♦
[Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina] BERRIAko analisiaren (2016-9-10) laburpena: Bereziki Lizarra-Garaziz geroztik, osagai identitario-subiranistak pisua eduki izan du EAEko hauteskundeetan EAJren programetan eta ondorengo gobernu jardueretan, eta bakegintzak ere ukan du lekurik: Major Oreja dator-en (604.000 boto), Ibarretxe Plana, Kontsulta Legea… Duela lau urteko hauteskundeetan, eta jadanik erabat Urkulluren gidaritzapean zela —EBBko buru eta Jaurlaritzako lehendakarigai zen Urkullu aldi berean—, artean Ibarretxeren aroko arrastoak zituen. Transatlantikoak biratzean hartua zuen bidea sakondu du EAJk urteotan. PSE hartu du lehentasunezko aliatu, eta, duela urtebetetik, gobernu bazkide dira udal nagusietan eta diputazioetan. Ardanzaren garaitik, ez zen egon EAJ-PSE aliantzarik. Eroso dago EAJ, lasai. Instituzioetako gobernuetatik kanpo ez du ikusten bera ez legokeen aliantza estrategikorik, eta subiranista sutsuenak prozesu baterako baldintzarik gabe daude oraindik. Ortuzarrek esandakoa egingo du EBBk: “Edozein akordio onartuko dugu, nahiz eta gure interesen kontrakoa izan, baldin eta erakunde bati gobernabide berme handiagoa ematen badio”.♦
BERRIAko analisiaren (2016-9-8) laburpena: 2012an kanpainako egitarauan, eta gero gobernu programan, bakegintza hiru lehentasunen artean sartu zuen Urkulluk. Orain ez. Otegiren inhabilitaziori Urkulluk eta EAJk emandako erantzuna ere hotza izan da, axolagabea bezala. Ez dira detaileak; egitate gordinak baizik. Urrian, 5 urte Aietekotik. Bilduren legeztatzean Urkullu eta EAJ busti zen; publikoa da hori. Aldiz, Sabin Etxeak gero eta argiago ikusten du euskal presoena ezker abertzalearen arazoa dela, Otegiren auzia den bezala. Gatazkaren ondorioen impasse-aren ondorioa da egoerak ezker abertzalea kolpatzen duela, eta denbora badoala, badoanez. Ikusteko dago etor daitezkeen mugimenduek zenbateraino jartzen duten gaia agendan.♦
Azken iruzkinak