BERRIAko analisiaren (2017-2-19) laburpena: Xabi Larralderena da: “Burujabetza prozesu bat hiru geltokitatik igaro behar da: autoafirmazioa, autoantolakuntza eta autodeterminazioa”. Euskal Herrian prozesu nazional baterako—ez derrigorrean zazpi lurraldeetako—, oraindik ez daude baldintza horiek. Gehienez, autoafirmazioa. Egon da saiorik, baina eragile politiko subiranistek ez dute asmatu bidean aurrera egiten. Beti iritsi zaie une jakin hori. ELA-LABen 1990eko hamarkadako bost bat urteko aroa kenduta, (Hego) Euskal Herrian erakunde politikoak —zehazki, haien arduradunak— izan dira prozesuetako protagonista. Aurrera begira ere, prozesurik bada, nazionalismo historikoak eta ezker subiranistak izango dute protagonismorik, baina, lehen ez bezala, espazio bat ari da ernatzen: Gure Esku Dago herri dinamikaren —eta Ibarretxeren?— bueltakoa. Prozesu nazional baterako berme eta sustatzaile lana bete dezake; hasi dira —bide— orria idazten. “Idaztea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, dokumentatu egin behar dut, eta jakin zer idatzi nahi dudan” (Javier Moro). Hori betaurreko subiranistekin leituta: erabakitzea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, ardatzak finkatu behar ditut —balio unibertsalak, kultura politiko-demokratikoa, pazientzia…—, eta jakin zer erabaki nahi du —euskal estatua (?)—.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 7 of 14)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisiaren (2017-1-20) laburpena: German Kortabarriak Gauzak horrela (ere) izan ziren liburuan dio ELAko zuzendaritzakoen artean “agiri metereologiko” deitzen zietela ETAren ekintza baten ondoren LABek atera ohi zituenei: “Eguraldiaren parte bailiran, ‘gatazkaren ondorio’ zen ekintzaren konstatazioa jasotzen zuten, ekintzaren eta haren eraginaren inolako baloraziorik egin gabe”. Jaurlaritza adierazpen metereologikoekin aritu da Juan Kruz Mendizabalen eta Sara Majarenasen kasuetan. Majarenasenean EAJk badu ardurarik: berriro nabarmen geratu da presoen sakabanaketak zer kalte dakartzan, eta politika horren bultzatzaileetakoa EAJ izan zen, orain ia 30 urte. Duela bi hamarkadatik dispertsioaren kontra dago, baina haren lana ez da alde zegoenean bezain irmoa eta erabakigarria. Sarek dio presoen arloan “mugimenduak” egon direla, “eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ere pausoren bat ematea falta da”. Bistan da, ordea, estatuak mugitzeko lana dagoela egiteko. Sarek berak aipatu du oinarrizko dokumentu bat landu nahi duela alderdiekin.♦
BERRIAko analisiaren (2016-12-28) laburpena: “Zikloa itxi”. Hori esaten da maiz ezker abertzalean; azkenaldian, sarriago. Azken hiru bat urte galdu diren sentsazioa daukate ezker abertzalean. Ez dute gehiago galdu nahi. Armagabetzean ildoa berritu du ETAk. “Espetxeak husteko” ildoa berritzeko gogoeta hasi du EPPK-k; berritasun nabarmenak dauzka zuzendaritzaren proposamenak, eta uste du “ezinbestekoa” izango dela euskal gizartearen inplikazioa. Ildo berria onartuz gero, esandakoa egiteko tenorea helduko zaie EPPK-koei. Esan eta egin. Horretarako, engaiamendua. Ipar Euskal Herrian ari dira. Mugarri izan zen Baionako adierazpena —2014ko urria—, eta Berhokoirigoinek-eta joan den urrian ETAri helarazitako gutunean bazekarten aipamena. “Gure egiten dugu ETAren armagabetze zibila aitzina eramateko ardura”, hitz eman zuten Luhusoko polizia operazioaren ondotik gizarte eragile askok, Baionan. “Badator bide berria, badatoz lan berriak” ere bazioten. Zikloa ixteko presoen eta armagabetzearen auziek forma kolektibo, sozial eta iraunkor bat hartzen badute, bi estatuek arazo bat izango dute kontakizunarekin; hori dute kezka, Espainiakoak batez ere.♦
BERRIAko artikulu analitikoaren (2016-12-8) laburpena: Erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar dinamikaren sorrera eta hedatze plana, eskubidearen sozializazioa eta kultura demokratikoaren pedagogia, mobilizazio handiak, ehuntze ariketak, herritarren ahalduntzea, galdeketen prozesuak… Hiru urte eta erdi konplitu ditu gaur Gure Esku Dago-k, eta orain arte galtzak bete lan izan du. Esan eta egin, hori egin du sortu zenetik, gabezia batzuk ere agertu diren arren. Abenduaren 17an 2019ra arteko bide orria azalduko du. Instituzioen lana errespetatuz betiere, pare bat urte barru erabakiaren eta herritarren parte hartzearen eztabaida Euskal Herri osoan zabalduta egotea nahi du. Baina 2019tik aurrera zer? Edo zer proiektu politiko bozkatu nahi da?♦
BERRIAko analisiaren (2016-11-25) laburpena: Etor daitekeenagatik, gerta daiteke gutxiengoan den Jaurlaritza hau orain artekoen aldean egoera desberdin batean izatea. Nahikoa egonkortasunarekin hasi du legealdia, baina agintaldian Jaurlaritza baldintzatu dezaketen bi osagai jar daitezke mahai gainean. Lehena, murrizketa sozialak. Bruselak Espainiako Gobernua milaka milioi euroren murrizketak egitera behartu dezake, Moncloak erkidegoei pasatuko lieke faktura, Lakuak hiru diputazioei, eta diputazioek udalei; kaltetuak, herritarrak. Alderdi sozialista Jaurlaritzan, arlo identitarioari galga jartzeko ez ezik, alor soziala bermatzeko eta bultzatzeko sartu bada, ikusi beharko litzateke EAJ bazkidearekin zer jarrera hartuko lukeen murrizketa berrien aurrean. Jaurlaritza eta, oro har, euskal politika baldintzatzeko beste faktorea EAEko estatus politiko berria izan ahal da. EAJk aurtengo batzar nagusiko Batasuna eta Indarra txostena gauzatu nahi badu, krisia legoke Jaurlaritza honetan. Hor denean, norberaren koherentzia politikoa gailendu beharko litzateke. Baina beti egongo da Toshack-ena egiterik. Hark bere artean esaten zuen partida txarren ondoren: “Astelehenetan beti pentsatzen dut hamar jokalari aldatu behar ditudala; astearteetan, zazpi edo zortzi; ostegunetan, lau; ostiraletan, bi; eta ja larunbatean pentsatzen dut betiko aluek jokatu behar dutela”.♦
BERRIAko analisiaren (2016-11-23) laburpena: Ez da harritzekoa izan EAJk eta PSE-EEk gobernu ituna egitea. Beste itun bat izan da, baina EAEn zirkulua itxi duena da. Duela hiru urte abisatu zuten zer egitekoak ziren, ez atzo gauean, eta ezker subiranista soziopolitikoa ez da gai izan alternatiba bat prestatzeko. Pultsu soziala ondoen hartzen duen alderdia da EAJ, eta gizartearen antzik handiena duena. Gainera, gobernatzeko babesak behar baditu, erraz jartzen ditu besteak bere bueltan. EAEn EAJrena da zentralitate politikoa, eta luzerako doa PSErekin duen aliantza. Gertakari handiak beharko lirateke taula astintzeko edo. Kataluniaren aldebakartasuna, muturreraino? ETArena? Aurreko legealdian Jaurlaritzaren ardatz batzuetan aurrerabiderako estrategia ausart baten falta zen gauzarik nabarmenena. Gobernu itun hau aztertuta, badirudi bide berean abiatu dela EAJ. Eroso. Gainera, nekez ikusiko da gobernukideen arteko pitzadurarik. Donostia 2016k presoen artelanei ezarritako zentsuran ikusi da: Markel Olano ahaldun nagusiak ere ez du erreparorik izan adierazteko ez dela zentsurarik egon. Izan ere, zergatik ireki arrakala?♦
BERRIAko analisiaren (2016-11-12) laburpena: EAJk joan den otsailaren 13an eta 14an egin zuen VII. Batzar Nagusia, Iruñean. Han ebatzitako txostena ez zuen zabaldu hilabete pasatu arte, eta ez da askorik aipatu. “EAJren doktrina bere txosten politikoetan jasota dago”, dio. Espainiaren “ukapena” aipatzen du, eta “ezinbestekoa da Euskal Herria subjektu politikoan eta erabakitzeko duen eskubidean sinisten duten indar politikoek estrategia bat partekatzea zoru etiko-demokratiko batean, gutxieneko helburu batzuetan eta prozesuen erritmoetan oinarrituta”. Gaur-gaurkoz, EAJn “XXI. mendeko independentista” eta “subiranista pragmatiko” sentitzen denak uste du oraindik ere Espainiarekin “burujabetza partekatua” lor daitekeela, eta nahi du Espainia horretan bizi. Norako bidea hartuko duen? Esaten da borondate ahulek diskurtsoetan dutela tokia, eta borondate indartsuek, ekintzetan. EAJk badaki —konfrontazioa bilatzeke— saiatuta ere bere “doktrina” fruiturik gabe geratzen bada zerekin geratuko den: dagoenarekin, eta duenarekin. Lasai, beraz.♦
Azken iruzkinak