BERRIAko analisiaren (2018-1-14) laburpena: ETAren armagabetze prozesuaren ondorioa da Frantziako Estatuan presoen alorrean gertatzen ari dena. Bakegileen tamaina bereko garrantzia aitortu behar zaie Ipar Euskal Herriko hautetsiei eta bestelako ordezkari instituzionalei; bereziki, Jean Rene Etxegarairi. Beste euskal ordezkari instituzional goren batzuek diskrezioari eusten diote erabat, ez dute azaltzen justuki zertan ari diren. Badirudi ez direla arriskatzen. Amonarrizek eta Talegonek atzo, manifestazioko hitzaldian: “Estatuak ez dira bakarrik mugitzen, mugiarazi egin behar dira”. Armagabetzearen tankera hartu du honek: ezker abertzaleak pausoak —orain, presoek—, Ipar Euskal Herria bat eginda, Parisen eragin… Korapiloa askatzen hasteko aurreneko zantzuak dira.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 6 of 14)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
(Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua egiteko hartutako denboraren ostean, martxan berriro ‘Lerro batzuk’ bloga)
BERRIAko analisiaren (2017-12-10) laburpena: ETAren armagabetzean konexio soziala eta politiko-instituzionala gertatu zen Iparraldean. Geraezina. Ari da baldintza gehiago sortzen espetxe eremuan, ezker abertzalea bera ere ari baita egiten urratsak, bidea argitze aldera. Baina euskal presoen auzia konplexuagoa da armagabetzea baino. 300 pertsona pasa dauzkate kartzelan, eta bakoitzak du bere egoera penala, judiziala, pertsonala… Oraingoz, ez da aurreikusten aterabide kolektiborik. Horrez gain, ezker abertzaleak etxeko lan denak egiteke ditu. Baina datozen hilabeteetan espero dira presoen lege ibilbidea azkartzea —malgutasuna hitzeman du EPPK-k— eta ETAren desmobilizazioa. Bake prozesua Luhusokoaren ondoren desblokeatu ostean, korapiloak askatzen segitzeko dinamismoa dago, EAJren aliantzak aliantza. Presoen konponbiderako baldintza gehiago sortuz joateko, Hegoaldean etxeko lan guztiak ez dira ezker abertzalearenak.♦
BERRIAko analisiaren (2017-6-17) laburpena: Mahai gainean dago euskal presoen auziaren konponbiderako nahia, eta, EPPKren pausoa laster datorrela ahazteke, indar berezia har dezake urte bukaera aldera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako dinamika zibil-instituzionalaren ondorioz. Hego Euskal Herrian, berriz, EAJ eta ezker abertzalea autokritikarekin dabiltza bueltaka, berriro. ETAren indarkeriagatik ezker abertzaleak ardura berezia dauka alor horretan, baina estrategia politiko-militarra uztea erabaki zuenetik, era ofizialean eta batzuetan modu solemnean, mintzatu izan da ETAren indarkeriaz zentzu kritikoan edo hura desagertzeko eskatuz. ETAk hilabete batzuk barru bukatuko du bere geroari buruzko eztabaida, eta segurutzat jotzen da ibilbidea amaituko duela. Sasoi horretarako jada egon daitezke presoen banakako eskaerak espetxeetan. Ia 60 urteko historiaren balorazioa egiteko unea izango du ETAk orduan, eta ezker abertzale osoari ere balegokioke azterketa bat egitea, saihestu gabe ETAk 800 lagun pasa hil dituela. Iaz Otegirekin izandako kalapita batean, Urkulluk zioen EAJk “iraganaren autokritikaz posizionamenduak” hartu izan dituela, eta, zehazki, Elkarbizitzarako bake-bideak dokumentua (2005) aipatu zuen. Baina hamabost orrialdeko idatzian EAJk ez dio bere buruari kritikarik egiten. Iparraldea Hegoaldea ezkerreko erreitik pasatzear da berriro.♦
BERRIAko analisiaren (2017-6-10) laburpena: Uztailaren 15ean hamar urte beteko dira Josu Jon Imaz EAJren EBBko orduko presidenteak No imponer, no impedir (Ez inposatu, ez eragotzi) artikulu esanguratsua idatzi zuenetik. Praxi politikoaren emaitza: eragotzi, Espainiako Estatuak. Kasik hamar urtera, gehien-gehiena eragotzi-tik duen pieza bat idatzi du Josep Antoni Duran i Lleida CiUko buru ohiak El País-en: Esto va de democracia (Demokrazia da hemen kontua). Carlos Garaikoetxea EAko presidente ohiak Imazen idatziari erantzunez zioen PSOEri eta PPri betorako eskubidea ematea zela. Ikusi zen hori Ibarretxe planaren (2005) eta EAEko Kontsulta Legearen (2008) kasuetan. Madrilek berdin jarraitzen du. EAJ, berriz, ez da Ez inposatu, ez eragotzi-tik aldendu. Aldiz, Katalunian izan da mentalitate aldaketa bat, Madrilen debekuak debeku prozesu subiranistan aurrera eginda. Katalunian legedi propioa eratu nahi dute urriaren 1ean erreferenduma egin ahal izateko. Gure Esku Dago-k gaur Herritarron Itunaren aurkezpenean izaera horretako ideia bat jasoko du. Azken lau urteotan ikusi da haren kontzeptuek bidea egiten dutela.♦
BERRIAko analisiaren (2017-5-9) laburpena: Gaur urtebete, bi herri galdeketa ez-ofizial baino ez zeuden eginda. Orain, 142. Baina, balio handikoak izanagatik ere, galdeketak ez dira aski burujabetza prozesu bat abiatzeko. Horregatik, herri galdeketena ez da Gure Esku Dago-ren proiektu edo helduleku bakarra. Iazko abenduan aurkeztu zuen 2019 arteko bide orria, eta han bada garrantzia har dezakeen egitasmo bat: herritarren eta eragileen itunak. Katalunian hiru mila eragile pasa daude Erabakitzeko Eskubidearen Nazio Hitzarmenean, eta orain erreferendumaren aldeko ituna gorpuzten dabiltza. Dena dela, orain bederen, ez da garbi ikusten Gure Esku Dago-k baduen tamaina horretako proiektu bat bultzatzeko egiturarik. Halaber, ikusgai da burujabetza prozesu bat nahi duten eragileek —autonomia propioari eutsiz baina etxeko leihoak irekiz—, ekarpenik egingo duten, edo nolakoa. Gaur-gaurkoz badago inpresioa maila sozialean ardura eta zama nolabait Gure Esku Dago-rengan utzia dagoela asko. Hark badio bide orrian: “Elkarrekin arituta bakarrik lor ditzakegu helburu handiak”.♦
BERRIAko analisiaren (2017-4-30) laburpena: Gaur 21 urte sinatu zuten PPk eta EAJk inbestidura ituna. Gero jakin zen PP zenbateraino sartu den ustelkerian. Gero etorri ziren Ermuko izpiritua, Major Oreja-Redondo tandema, Alderdien Legea eta bestelakoak… EAJ 20 urtean egon da PPrekin akordio handirik egiteke. Duela gutxi egin du bat: EAEko aurrekontuena. Espainiakoena dator orain, antza; 1996an ez bezala, berak ere badakienean PP zenbateraino den murgilduta diru publikoaren lapurretan, edo badakienean gatazkaren ondorioen aterabiderako borondaterik ez duela, ezta auzi politikoa konpontzeko ere. ETArik gabeko garai berri honetan PSE-PSOErekin eta PPrekin dabil aliantzak, aurrekontuak eta politikak taxutzen EAJ. Bitartean, subiranismo soziala kongresuen urtean da: Sortu, EH Bildu, LAB, ELA… Baina, aspaldiko partez, ezker abertzalea prozesu baterako bidea errazteko gatazkaren ondorioetan pauso argiak ematen aritzeaz gain, eremu horretan ikusten da gogoetarik eta gogorik elkarlan baterako. Politika dialektika ei da, baina, indarrik izan ezean, hitzak haizeak eramaten ditu.♦
BERRIAko analisiaren (2017-4-14) laburpena: ETAren armagabetzeaz gain, alor judizialerako garrantzitsua izango da haren ibilbidearen bukaera luze gabe iristea, baina, hala ere, ez dira hori eta EPPKren ondorioak izango giltza bakarrak presoen —eta iheslarien eta deportatuen— etxeratze prozesu azkar baterako. Juridikoki bide konplexu eta gradual bat dator. Borroka soziopolitikorako, ordea, mugimendu horiek inbertsio bat izan ahal dira espazioak sustatu, indartu, eta kartzela frontean ere auziaren aterabide osoaren bila joateko. Armagabetze prozesuak erakutsi du helburu bat erdietsi nahi bada hobe dela lortu nahi dena noiz etorriko egon beharrean, bila joatea. Euskal gizarteak bere osotasunean, eta bideak bide, baditu bi erabaki politiko borrokatzeko eta deuseztapenaren bila joateko: presoen urruntzea eta 7/2003 legea. Apirilaren 8an Baiona Ttipian jende saldoa egun-pasa ederrean zelarik, San Andres plazako lokal bateko mahai batean euskal abokatu ezagun bat sententzia bat ari zen irakurtzen. Foro Sozialak eta Bake Bideak bazioten BERRIAn duela bi aste: inurri lanik gabe, nekez datoz fruituak.♦
Azken iruzkinak