BERRIAko artikulu informatibo-analitikoaren (2018-7-7) laburpena: Madril espetxe politika aldatzen hasteko, “premiazko” neurrien inguruan adostasun zabala dago Hego Euskal Herrian. Eragileek Espainiari egindako lehen eskaerak dira presoen gerturatzea, gaixoak, graduen progresioa eta eskumenak; zigorren zenbatzea ere aipatzen da. EPPK-k iragarria du “etxeratze” prozesuan ongi hartuko duela urrats oro; Sortuk ontzat jo du Madrilek lehen neurriak hartzea. “Gizarteratzeko” onuren garaia ere ez da heldu oraindik, ia preso guztiak lehen graduan daudelako, haiek ezin eskatuta. (eta kartzelako erradiografia, hemen barruan)♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 5 of 14)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisiaren (2018-6-20) laburpena: Pedro Sanchezek Espainiako hedabide talde publikoko elkarrizketan iragarri du beste espetxe politika bat garatzeko asmoa duela. Dena dela, kontuan hartzekoa da nola heldu den Sanchez Moncloara, zer den PSOE Kongresuan —diputatuen %24—, eta han gehiengoak eratzeko zenbat borondate eta interes josi beharko dituen. ETA desegin zen egunean, eta oraindik Sanchez gobernuburu ez zela, “beste espetxe politika bat posible” dela esatearekin batera, Patxi Lopezek eman zuen pista bat: “Diskrezioa” eskatu zuen, eta «demokraten borrokarik» ez bilatzea parlamentuan; hots, “bozketa eta eztabaidekin” gehiengo-gutxiengo planteamenduak saihestea han. Foro Sozial Iraunkorraren momentuko eskaerak dira beste pista bat, esaterako. Bost eskaera jarri ditu mahai gainean: larri gaixorik dauden euskal presoak askatzea —«humanizazio printzipioa»—; urrunketa politika bukatzea —ez du zehazki aipatu Hego Euskal Herriko espetxeetan batzea—; graduen progresioa; zigorrak pilatzea; eta Madrilek espetxe eskumena eta espetxe zaintzaren ardura igortzea tokiko gobernuei eta epaitegiei —hots, afera Barne Ministeriotik eta Auzitegi Nazionaletik ateratzea—. «Premiazko agenda» osatzeko neurriak dira, eta, ondo bidean, hor ere lehentasunak edota graduazioak leudeke. Izan ere, gurpila martxan jartzea da kontua orain.♦
BERRIAko analisiaren (2018-5-24) laburpena: Bitartean —eta hau ere atzo bertan—, EH Bildurekin EAEko estatutu berriaren hitzaurrekoa adostu du EAJk. Baina estatutu berriarena déjà vuda, zaharra berri; Ibarretxek 2002-9-27an atera zuen lehen aldiz “itun berriaren” beharra. Zer eman du asmoak? EAJ bideratzeko, EH Bildu saiatuko da edukian malgu jokatzen eta lege prozedura betetzen, baina, gaur-gaurkoz eta nahikoa presio sozialik ez dela, ez da ikusten EBBk transatlantikoari bira ematen hasteko zantzurik. “Erantzukizunez” jokatu du orain, berriro, aurrekontuetan. Ordea, badatoz garai beltzak Madrildik, inboluzio azkarra eta zakarra. Zer espero orduan? 1996-2004an Aznarren gobernuko Presidentetza saileko idazkari nagusi Javier Zarzalejosek No hay ala oeste en la Moncloa liburu argitaratu berrian dio Aznar “errealista zuhur bat” izan zela atzerri politikan. Ohar bat egiten du gero errealismo zuhurraz, baina nagusia kritikatzeke: “Problema da etsipenerako koartada modura erabili ohi dela errealismoa, eta inakziorako aitzakia modura zuhurtzia”. Zer geratzen da orduan?♦
Maiatzak 5, ‘ETAren bukaera (XI)’. BERRIAko analisiaren laburpena. Badirudi fase baten amaiera heldu dela. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bukatu zuen ibilbidea, iaz, ETAren armagabetzea ere egiaztatu ondotik. Henri Dunant zentroak herenegun bertan zioen amaitu duela bere egitekoa. Ikusgai da zer egingo duen HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Brian Currinenak. 2011n Aieteko sinatzaileek prestasuna agertu zuten Jarraipen Batzordea eratzeko; Kanboko adierazpenean ez dator zehazki halakorik —”gure ekarpen berri bat behar dutenen esanetara geratzen gara”, dio bukaera aldera—. Epizentroa Euskal Herrian da. 2000ko otsailaren 22a. Lizarra-Garazikoa bukatu berria. ETAk Fernando Buesa hil zuen egun hartan, eta naziogintzan aritzen den kide bat Txillardegirekin egokitu zen, ETAren sortzaileetakoarekin. Txillardegi jota ei zegoen, nora goazen galdezka, eta zera zioen Euskal Herriak borroka armatua baino aukera hobeak zituela arrazoitzeko: “Orain [naziogintzan] bakarrik gaudela? 1958an geunden horrela! Orain bada jende prestatua, bada konpromisoa, gaitasuna…”.♦
BERRIAko analisiaren (2018-3-8) laburpena: ETAren armagabetzearen ostean, Ipar Euskal Herriko lantaldea Frantziako Justizia Ministerioarekin hizketan hasi zenean, euskal ordezkariek giltzarritzat jo zuten, espetxe arloan mugimenduak gertatzeko, euskal presoei DPS kentzea, erredentzio eta onuretarako. Azaroan jakin zen zazpiri kendu zietela; horrek ahalbidetu du, lehengo astean jakin zenez, Zigor Garro eta Julen Mendizbal Mont-de-Marsango kartzelara gerturatzea. Beste hurbilketa batzuk abian dira. Ez DPS kentzeagatik bakarrik; hori ere hala da. Espainiako Estatuan, lehen gradua oztopoa da. Horrela dauzkate EPPK-ko kideen %95 pasa. Gainera, isolamendua aplikatzen diete. Sortuk berebiziko garrantzia ematen dio lehen graduak dakarren blokeoa hausteari. Espetxe legediari jarraituz, kaleratze prozesu bat hasiko litzateke. Tresna gehiago behar, ordea: kartzela eskumena, espetxe zaintzako epailea… “Kontuz ohiturekin! Izan ere, zenbat kosta izan zaigun (guri kontu honetan) egoerari heltzea! Ahalegin handiagoak egin beharko ditugu, guztiok, hemen bezalako egoeratan larritasunari berehala erreparatzen eta elkarlanean hasteko”. Xabier Reyren hitzak dira, iazko eskutitzekoak.♦
BERRIAko analisiaren (2018-3-1) laburpena: Azkeneko pausoa falta zaio ETAri: ibilbidea bukatzea. 2010etik aurrera erabakitakoak erabakita, militanteek Zuzendaritza Batzordearen proposamena onartzea da logikoena eta koherenteena. Gainera, ETA barne kohesio handiarekin helduko litzateke ziklo historikoaren amaierara, eta hori ez da erraza izan ohi: bake akordioak egon arren, IRAn sortu zen adar militar disidente aktibo bat, eta FARCen ba omen dira zatiketak. “Elefante bat dago pasilloan”, esaten zuen ETAgatik ezker abertzale ofizialekoa ez den buruzagi subiranista batek Lizarra-Garaziko garaian. Elefante horrek 800 lagun inguru hil ditu, baina aspaldi desagertu zen. “Elefante bat dago gelan”, esaten zien Espainiagatik NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak euskal eragileei duela lau urte. Hor segitzen du elefante horrek, ondo iruditzen ez zaiona zapaltzen, baina askoren logika eta koherentzia politiko-ideologikoak gelako armairuan sartuta daude. Badoa ETAren zikloa. Burujabetzarena ez da heldu oraindik.
BERRIAko analisiaren (2018-2-4) laburpena: Motibazio moduez hitz egin daiteke, ordea. Orain arteko 180 herri kontsulta horietako ia den-denetan galdetu da Euskal Herriaren independentziari, euskal estatuari edo euskal errepublikari buruz, aldeko emaitza %95,7koa izan da, baina mandatu horrek ez du segidarik izan tokian-tokian, ez da elikatu euskal estatuaren kontzeptua, ez da egin pedagogia bat. Ez zen hori galdeketen talde sustatzaileen egitekoa, baina 166.955 herritarrek bozkatu dute Bai… Euskal estaturanzko bidean zenbait eragilek tartekako helmugatzat jotzen dute erabakitzeko eskubidea. Izan daiteke. Ordea, egun, subiranismoan proiektuaz indefinizioa, denbora irabazi nahia edota anbizio eta ausardiarik eza antzeman ahal dira. Katalunian 1961ean sortu zuten Omnium Cultural, katalan hizkuntzaren eta kulturaren alde egiteko. Frankismoaren garaiak ziren. Duela sei urte pausoa luzatu zuen Omniumek: iragarri zuen aurrerantzean Kataluniako estatuaren alde lan egingo zuela, katalan hizkuntza eta kultura “bermatzeko biderik zuzenena” dela iritzita. Euskal Herrian ez da Omnium Culturalik. Euskal estatalizazioaren alde aritzeko, kasurako, arlokako Gaindegien falta sumatzen da. Momentu politikoa, prestatu eta elikatu egiten da.♦
Azken iruzkinak