BERRIAko analisiaren (2020-1-29) laburpena: Hainbat froga dago Josu Urrutikoetxeak Luis Herguetaren hilketarekin (1980-6-25) zerikusirik izan ez zuela ondorioztatzeko. Garbiena izan ahal da ETA pm-k aldarrikatu zuela atentatua eta Urrutikoetxea sekula ez zela izan ETA pm-koa. Eta, auziak izaera politikoa duela pentsatzeko, badago hurrenkera bat nabarmena. (Espainiako Estatuko) Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak 2018ko ekainaren 24an ere, Hergueta Gasteizko Michelingo arduradunaren hilketaren 38. urteurrenaren bezperan, txio batean esan zuen ETA pm-k hil zuela. 2018ko ekainaren hasieran heldu zen PSOE gobernura, eta, ondoren, aipatutako zentroaren zuzendaritzan ere jarri zen —Espainiako presidentea bera da patronatuko burua, eta, besteren artean, hainbat ministro dira zuzendaritzakideak; tartean, Justiziakoa—. Oroimenezkoak 2018ko txio hura egin zuenean, artean atxilotu gabe zegoen Urrutikoetxea. Iazko maiatzaren 16an atzeman zuten, Frantziako Alpeetan, eta Parisko Dei Auzitegiak ekainaren 19an baldintzapean libre uztea erabaki zuen arren, egun berean berriro atxilotu zuten, Espainiako Estatuaren eskariengatik. Handik bost egunera —ekainaren 24an— idatzi zuen berriro Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak Herguetarena ETA pm-ren hilketa izan zela zioen txioa, eta uztailaren 12an Espainiako Ministroen Kontseiluak, Justizia ministroaren proposamena onartuta, Herguetaren kasuagatik Frantziari Urrutikoetxearen estradizioa eskatzea erabaki zuen, idatzian zehazteke ETAren zein adarrek hil zuen, eta aipatzeke idatzian aitatzen dituen Michelingo langile bat eta haren emaztea —Urrutikoetxeari Herguetaren argazki bat eman zioten 1980an— Madrilek ez zituela zigortu Herguetaren kasuagatik. Egoitz Urrutikoetxeak iazko auzi saio baten ostean esan zuen: «Frantziako Justizia instrumentalizatzen ari da Espainiakoa. Gezurretan ari zaio». Espainiako Gobernua ez da atzean gelditu.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 2 of 14)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisia (2020-1-23): Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atzo eguerdian artean atxilotuta zeuzkatela, Espainiako Barne Ministerioak prentsa ohar batean iragarri zuen hurrengo orduetan aske utziko zituztela, eta autoritate judizialaren esanetara geratuko zirela. Auzitegi Nazionalak agindu zuen operazioa, baina deklaratzera ez zituzten epailearen aurrera eraman, baizik eta Guardia Zibilaren kasernetara, gero libre lagatzeko, oharrekoa egiaztatuz. Horren guztiaren esplikazioa? Bill Clintonek AEBetako 1992ko hauteskunde kanpainan George Bushen aurka erabilitako The economy, stupid-en bertsio errepresibo espainola etortzen da burura: Guardia Zibila, baboa. Hor dagoela oraindik. Kasurako, Espainiako gobernu berriak baluke asmorik eta presiorik bestelako espetxe politika bat garatzeko; Guardia Zibilak ez du hor ere gauzak errazteko asmorik eta ez presio sentsaziorik, gobernuak kendu eta ipini arren haren arduradun nagusiak. Politikoki eta humanoki eztabaidagarriak izan ahal dira euskal presoen harrera batzuetako erakustaldiak, ETAren biktima askorentzat mingarriak izateagatik, baina hortik jauzi handia dago, ministerioak egotzi bezala, “biktimen umiliazioa eta gutxiespena” gertatu dela esatera. Gainera, nekez argudia daiteke “terrorismoaren goratzearen” akusazioa. Baina Espainiako judikatura… Hala ere, estatu aparatuok egun zaila dute halako operazioekin-eta euskal politika eta elkarbizitza baldintzatzeko. Jada ez dago akzio-erreakzio espiralik; gatazkaren parte batek orain hamar urte utzi zion estrategia politiko-militarrari, eta etxeko lanak egin ditu. Etorkizunera begira dago euskal gizartea, eta biharko egunean ere izango dira presoen harrerak. Denek ere lehengo eskeman dagoen partea ahultzen joateko neurriak hartuz gero, hobeto.♦
BERRIAko analisiaren (2020-1-12) laburpena: Zentzuzkoa da aldarrikatzea euskal presoen auzia behingoz konponbide fasean jarri behar dela. Baldintzak badira. Partekatutako abiapuntu baterako zume sendoak daude; baina, halaber, baliagarria litzateke guztien artean ondorioztatzea auzia Espainiako Estatuan (ere) oraindik ez dela konponbidearen fasean ezarri; edo areago: PSOEren gobernuak urte eta erdian, zegoen egoera berezi eta ahulean mugimendu batzuk egin zituela baloratuta ere, beharrezkoa dela auziaren bukaeraren hasierari ekitea. Bakoitzak jarriko ditu gero terminoak: presoen askatasuna, etxeratzea, (bir)gizarteratzea, legediaren betetzea…; eta, logikoki, bakoitzak egingo ditu eskakizunak. Euskal presoek badituzte ametsak, bizi proiektuak, eta maite dute askatasun haizea, baina urruntzeak eta lehen graduak eragotzi egiten die legebideari jarraitzea, Euskal Herrian sentiaraztea, eta, egokiera ikustean, posibilista izatea. Zer egin behar du haietako batek Algecirasen-edo, Madrilen hiru eguneko irteera baimena jasota? Edo egunez ateratzekoa izanda? Zer gogo edukiko dute, urrun egonik, legebidean pausoak emateko? Madrilek ia ehun euskal preso ditu sorterritik 700 kilometro pasara, gizarteratze printzipioak baztertuta. Samina zabaltzen. Presoen auzian azken faseari lehenbailehen ekiteko erabakitasuna daukate euskal eragile askok. “Orain ez bada, noiz?”, galdetu du Sarek. Gaur-gaurkoz, 248 ohe huts daude. Eta hori nork ulertarazi… Euskal Herri berriari.♦
BERRIAko analisiaren (2019-12-3) laburpena: Berriz ere Espainiako Estatuko epaitegietan da Bateragune auzia. Oraingoan otzanago legoke Madril, Europaren kaskarrekoa hartuta. Auzitegi Nazionalak 2011n zigor epaia eman zuen; Gorenak 2012an berretsi egin zuen, kartzela urteak zerbait murriztuta —inhabilitazioak ez—, eta Konstituzionalak 2014an Gorenarena baleko jo zuen. Baina duela urtebete bat Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen auzipetuek ez zutela epaiketa justua eduki, epaimahaia partzialtzat jo baitzuen, eta defentsak, hala eskatuta, orain aste batzuk Gorenaren baimena jaso zuen 2012ko epaiaren berraztertze helegitea aurkezteko. Aurkeztu du. Asko dago jokoan; batik bat, politikoki, sinesgarritasun eta kontakizun aldetik. Ezker abertzalean estrategiaren eztabaida ofizialki hastear zirela egin zuen Madrilek Bateraguneko operazio polizial, juridiko eta politikoa. Denborak erakutsi du Otegiren-eta apustua atera dela aurrera: ETAren jardun armatuaren bukaera, 2011n —eta, gero, haren armagabetzea eta desegitea—. Madrilek ezker abertzalearen estrategia aldaketaren prozesu hura zapuztu nahi izan zuen; edo, gutxienik, kolpatu, trabatu. Hipotesi bat da estatu aparatu batzuei ez zitzaiela interesatzen ETA paretik kentzea erabat. Beste hipotesi bat da estatuak, besterik gabe, urteetako jardunaren faktura pasatu ziela Otegiri eta besteei. Orain, Bateragune auzian, ezker abertzalea bera dago estatuari faktura pasatzeko moduan.♦
BERRIAko analisia (2019-11-5): Espainiako Erresumako lurralde politikaz —erran nahi baita, lurralde auziaz— PSOEk lehen ere ez zeukan sinesgarritasunik —badirudi Loiolakoa ameskeria izan zitekeela—, baina aurreko astean gertatu zena esperpentikoa izan zen: boz kanpaina hasi bezperan, PSOEren gobernu programan ez zetorren ezer berak 2017an onartutako estatuaren nazio aniztasunaz, eta ez zetorren deus berak 2013an konstituzioaren erreforma federalaren proposamenaz ebatzitakoaz; PSC kexatu egin zitzaion, eta Pedro Sanchezek azkenean sartu ditu bi asmo horiek, esanez kanpaina bezperako dokumentua zirriborro bat zela. Ikusten da PSOEk zer garrantzia ematen dien nazio aniztasunari eta federalismoari: estatua krisi betean dela, supituki erabaki du halako auzi garrantzitsu bat gobernu programan sartu ala ez, eta, kanpaina hastear zela, PSOEren hautagaitzan PSC bezalako egitura batek ez zekien ea nagusiak programan sartuko zituen bi asmoak. Sanchezek Moncloan jarraitu ahal izateko euskal eta katalan diputatu subiranisten abstentzio baldintzatua edo babesa beharko balitu ere, ez dirudi PSOErekin inolako zereginik dagoenik nazio aitortzari eta eskubideei begira. “Autodeterminazioa” da Llotja de Marreko adierazpeneko aurreneko puntua; hor datza subiranisten ipar edo hodeiertz nazional eta politiko askea, baina, gaur-gaurkoz, katalanek eginkizun dute, 2017ko urriaren 1ean oinarrituta, proces-a berreraikitzea, eta euskaldunek, prozesu baten hasiera hezurmamitzea. Bitartean, Llotja de Marreko adierazpenean lehentasuna hirugarren puntuak luke: “Preso politikoen askatasuna eta eta erbesteratuen itzulera”. Autonomia zulatu bat kudeatzeaz gain, Madrilen jokalekua, egotekotan, kartzela frontean dago. Katalanek beste bateratasun bat daukate hor ere.♦
BERRIAko analisiaren (2019-9-25) laburpena: Baldintzak egon badaude Madrilek (ere) espetxe politika aldatzeko. Baina gordina da egoera. Hegoaldean ez da nahikoa artikulazio eratu eta ez da aski presio egin, eta Sanchezen gobernuak ez du eman zezakeena eman. Urriaren 20an zortzi urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela, eta, Espainiako Estatuan bederen, oraindik ez da ikusten espetxeetako tunelaren bukaeraren argirik. Presoen ibilbide juridikoan insistitzen segituz, fokua non jarri? Non egin indarra? Nola? Oraindik bi estatuetan guztira 256 euskal preso daudela, ulergaitza da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, urte politiko berriari buruzko hitzaldian, “Herrialdearen hiru erronka nagusien” artean ez aipatzea bakegintza eta elkarbizitza —”demografia, klima aldaketaren aurkako borroka eta eraldaketa teknologikoa” planteatu zituen—. Bestetik, harrigarria da duela urte bat eta piko Orain Presoak dinamika sozial eta askotarikoa sortu, baina azkenean ikustea jarraipenik gabeko beste esperimentu bat izan dela. Ez dirudite hauek frankismoaren diktaduraren osteko garaiak amnistia eskatu eta erdiesteko, baina bai aldarrikapen politiko-demokratiko gutxi eta zehatzen inguruan indar metaketa plural baten bila joateko —batasun erabatekoaren zain egoteke, ez baitago halakorik—, dinamika nazionala eta lokala sortuz —47ak Herrian bezala—. Irudipen bat bada gaur egun euskal presoen auzi politiko honetan diskurtso tekniko-juridikoa gailendu egiten dela eta ez duela behar adinako irismen soziala. Euskal presoak ari dira mugitzen —agian, behar da malgutasun handiagoa—, baina, auziaren bukaeraren hasiera ereiteko, garrantzitsua da afera hau, kolektibo haren borroka zena, borroka kolektibo bilakatzea.♦
BERRIAko analisiaren (2019-6-16) laburpena: Garden geratu da Hego Euskal Herriko norabide instituzionala, klarki ulertzen da: Nafarroan erregimena, EAEn EAJ-PSE. Alkateen inbestidura saioetan ikusi da bestelako kolorerik —batik bat, EH Bildurena, alkatetza ugari baitu; batzuk, udalerri handi samarretan—, baina norabideak zaharra du berri. Iruñean, Lizarran, Burlatan edota Barañainen, gobernu progresistarik ez; Sartagudako kasua, ankerra. Erregimenaren garaira itzuli nahi izan du PSNk, erreparorik gabe. (…) EBBk ez du jite horretako [EAJ-EH Bildu EAEn] gobernurik nahi, eta ez du gura, aldez edo moldez, herritarrek EH Bildu gobernu talde modura ikusterik. EAEko zirkulua ixtera doa EAJ hurrengo hauteskundeekin. Hegoaldeko politikan, azken urteetan nagusi izan dira instituzioetako jarduera —Nafarroan bazukeen esplikaziorik— eta demokratizazioa. Protagonismo handiegia bereganatu dute talde politikoek —eta, aldika, itxurakoa Gure Esku-k—, eta nahikoa alboan utzi dira nazio eraikuntza eta kohesioa. Beti dago premia hor, eta kontzientzia nazionala apalduz doa —zientoka adibideetako bat, atzo; EITBk: “251 euskal udal eratuko dira”—.♦
Azken iruzkinak