BERRIAko analisiaren (2014-10-26) laburpena: Gernikako Estatutuak, 35 urte atzo. Bete gabe dago oraindik. Estatuaren aldetik paralisia eta inboluzioa dagoen arren, Urkulluk, estatutua osorik betezeko eskatzeaz gain, “Euskadi nazio gisa” aitortzeko galdegiten dio hari, “erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa” nahi du eta, EAE “subjektu politiko” bihurtuta, “[Espainiako] estatu federala baino gehiago, konfederala” desio du. Alferrik dabilela dirudi. Prozesu baterako beharko dira, esparruka nahiz globalki, pertseberantzia, koherentzia eta ausardia, baina lehendabizi, akordioa. Premia dago. Izan ere, Kataluniak estatutik ospa egiten badu edo hartarako aukera erreala badauka eta Euskal Herrian helburu estrategikoaren baitako batasunik ez badago, eskaera partzial bat baliatuz etorriko da Espainiako momentuko gobernuburua eskaintza batekin —Herrero de Miñonek Kataluniaren aitorpena baina integraziorako uneko eskaintza bat proposatu zuen hitzaldian—, eta beste aukera bat galduko da.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 14 of 14)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisiaren (2014-10-3) laburpena: Jaurlaritzak berriro esan du larri gaixo dauden presoek eta 70 urtetik gorakoek “legez dagozkien eskubideak edo onurak eskuratu” behar dituztela eta presoei Euskal Herriko kartzeletatik “hurbil” egotea ere legez dagokiela. Baina eskaera haiek ez ditu Hitzeman programan zehazki sartu. “Terrorismo delituengatik zigortutako” presoek jaso ahal dituzten onuretan jarri du azpimarra Jaurlaritzak, “birgizarteratzeko legezko prozesuak laguntzeko programa” aurkeztuta. Plana egin du, gauzatzeko eskumenik izan gabe. Garapen bat izateko bestelako bideak erdiestera behartuta legoke, izan Espainiaren lankidetza —gaur-gaurkoz harritzekoa—, izan Euskal Herriko elkarlana —akordio zabal batean bildutakoa—. Kontua ez da bide batean batera joatea, baizik eta norabide berean joatea. Baina zaila dago.♦
BERRIAko analisiaren (2014-9-21) laburpena: Jaurlaritzak lehengoan segitzen du: Madrili begira, horrek, oraingoz, kasurik egin ez arren. Akordioa nahi du Urkulluk, badirudi zerbaiten zain dagoela. EAJk Espainiako gobernu berriaren gehiengo osorik gabeko egokiera luke aukera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutu berria negoziatzeko, betiere Salmondek ez bezala estatuarekin haustura demokratikoa bilatu gabe, eta “eragile politikoen elkarrizketa eta negoziazioa, eta gobernuen arteko akordioa” izan ostean, Madrilekin adostutako galdeketa eginda. EAEn 1979an egin zuten izaera horretako erreferendum bat: Gernikako Estatutuarena. Bide horrek indarrean segitzen du EBBn. 2007an Imazek: “Ez inposatu, ez eragotzi”.♦
BERRIAko analisiaren (2014-7-27) laburpena: Legeaz gain, giza eskubideak exijitzea edonorentzat da eginkizun bat, are gehiago haien gabezia pairatzen duten pertsonen lurraldeko arduradun instituzional goren batena, baita kasu honetan EPPK-ko kideek iraganean izandako jardueren kontra egonda ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakaria denez Urkullu, ardura berezi bat du erkidegoko herritarren giza eskubideen defentsan. Mingarria al da EPPK-ko gizon-emakumeen giza eskubideen alde eta ez beste ezeren alde konprometitzea? Fred Vergnoux: “Mina azkarren onartzen duenak egingo ditu azkarren beste gauzak”.♦
BERRIAko analisiaren (2014-7-6) laburpena: Estaturik gabeko herrien artean Ipar Irlandakoa izan da Euskal Herrian modurik bateratuenean aztertu den azkeneko kasua. Euskal eragileentzat auzi erreferentea zen hangoa. Bazen antzekotasunik: estatuko “segurtasun” indarrak, lurralde zatiketa, autodeterminazioa, borroka armatua, presoak, errepresioa… Hamasei urte pasatu dira Irlandako Foroaren sorreratik, eta estaturik gabeko herrien artean orain beste erreferente batzuk daude Euskal Herrian; Katalunia eta Eskozia, nagusiki. Biok, ordea, ez dira bake prozesuak, baizik eta, demokrazian oinarrituta, burujabetza prozesuak. Baina Euskal Herrian gaur-gaurkoz ez dago haiek modu bateratuan aztertzeko topagunerik. Lidia Pujol katalan kantautoreak esan zuen duela urtebete: “Katalunian desberdin pentsa dezakegu, baina batera pentsatu behar dugu”.♦
BERRIAko analisiaren (2014-6-20) laburpena: Izan ere, “nork babestu behar gaitu euskaldunak?”, galdetu zuen Iñaki Uria Egunkaria auziko presoak 2003an. 2004an, berriro espetxetik: “Babesa eskuratzeko modu bakarra Justizia sistema beregaina lortzea litzateke”. “Estatua” ere aipatu zuen aurretik. Urteak pasatu dira. Eta atzo auzipetuek: “Noiz egongo da Justizia gure esku, gure erakundeen esku?”. Haiek, berriz ere gaia kokatuz: euskal herritarren burujabetzarik eza. Menpeko egoeran arazoen sorburua eta irtenbidearen giltza non diren jakitea ezinbestekoa izan ohi da aurrera egiteko. Espainiako koroari itun berria edo gobernuari erabaki eskubideaz akordio bat erregutze hutsak horma du aitzinean, aurrerabiderik ez. Hori frogatzeko ez dago zertan jo berriro hemerotekara.♦
BERRIAko analisiaren (2014-6-8) laburpena: Gure Esku Dago; Pausoa luzatzean, orain arte bezala pazientzia izatea gakoa izan daiteke. Hots, berriz ere oreka puntua topatzea da kontua, garaiak eskatzen ez duenean edo baldintzak ez daudenean azeleragailua gehitxo ez zapaltzeko, edo, aldiz, dinamika ez moteltzeko. Herri honetan frustrazioak ez birsortzeko.♦
Azken iruzkinak