BERRIAko analisiaren (2015-9-13) laburpena: EAJren ibilbidea definitzeko erabili izan da penduluaren metafora; subiranismoaren eta autonomismoaren arteko orekan ibili da, arriskatzearen eta pragmatismoaren artean. 120 urte dituen alderdia da, eta hor dago, botere instituzional handiarekin, bere penduluarekin eta estiloarekin. Hori da euskal abertzaletasuneko bloke bat, denentzat ezagun dena. Besteak, ezkerralderakoak, ba al du bere pendulurik eta estilorik? Ezker abertzaleak / EH Bilduk, “prozesu eratzailean” lurralde batasuna, euskal estatua eta “justizia soziala” xede, beharko du estilo bat finkatu. Han, azkeneko urteotan guztia agian gehiegi kontrolatu eta gidatu dute goitik, zuzendaritzatik. Ardatz nagusiak zein dituzten jakitun, orain tokian tokira egokitu nahi dute estrategia, autonomia emanez udalerriei. Bere pendulua ere badu finkatzeko. Hots, soziologiari so egin, eta asmatu beharko du non jo oso ezkerretik eta non plazaratu identitate kontuak. Horrek denak denbora bat eskatuko die, eta, lehen hauteskunde zikloa bete ondoren, gutxienik lauzpabost urteko perspektibarekin aritzea, ez baita epe motzean aldaketarik espero.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 12 of 14)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisiaren (2015-7-18) laburpena: Bukatu ziren Espainiako gobernuburuen keinuak eta ustezko urratsak, bai euskal gatazkaren prozesu politikorako, baite knikorako. ETArik gabeko aro berri honetan, Sanchez ez da hurreratu ere egiten bere alderdikide Zapateroren 2006ko adierazpenera, baina EAJk azkar heldu dio PSOEren konstituzio erreforma nahiaren amuari, “estatu eredu berri bat” behar dela aldarrikatuta. Urkulluren alderdikide Xabier Barandiaranen ustez, “krisi sakonean dago abertzaletasuna, eta, arazoari behar bezala heldu ezean, mugimendu estetiko huts bihurtuko da”. Estatiko ere bai.♦
BERRIAko analisiaren (2015-6-28) laburpena: Gaur zortzi, Gure Esku Dago-k deituta, milaka eta milaka herritar etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde agertu ziren Baionan, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Euskal Herriaren askatasunaren bidean egitasmo interesgarria da Gure Esku Dago, baina badira bide gehiago zabalduak, badira errei gehiago, guztiak ere izaera, erritmo edota inplikazio desberdinekoak, —oraindik— artikulatu eta forma eman gabeak. Prozesu baterako, ertz denetako jendea batzeko formulak bilatu beharko dituzte. Jose Mari Esparzak Cien razones por las que dejé de ser español liburuan XIX. mendeko foruei buruz-eta ari denean dio “herria altxatzeko” ez dela aski “zapaltzailea” definitua izatea; negoziatzeko ezinbesteko direla “helburu argiak eta lider handiak”. “Euskaldunek ez dituzte izan, eta herria birrindu egin dute negoziazio mahaian”.♦
BERRIAko artikulu analitikoaren (2015-6-14) laburpena: EAJk EAEko hiru hiriburuak eta aldundiak lortu ditu. Indartsu dago instituzioetan, Jaurlaritzan ere hura baitago. Baina inon ez dauka gehiengo osorik, eta PSErekin akordioa egin du. Lizarra-Garazitik (1998) zeuden horrelako itun bat egiteke. 1987an abiatu zuten lankidetza instituzional egonkorra, baina ordukoaren aldean ahul dago PSE. Nafarroan, aldiz, udaletan ere indar harremanak bestelakoak dira, erregimenaren aldaketaren aldekoak baitira nagusi: EH Bildu, Geroa Bai, herritar batasuneko hautagaitzak eta Ezkerra. Hegoaldean udal bozek eta udalen osaerak hiru bloke marraztu dituzte: abertzaleek indar handia daukate, bloke konstituzionalistaren udal pisua asko murriztu da, eta Ahal Dugu-Irabazi-Ezkerra eremu batzuetan erabakigarriak edo garrantzitsuak dira. Dena dela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bloke abertzalearen nagusitasuna ez da bere ahalmen osoarekin garatuko erakundeetan, EAJ-PSE itunagatik.♦
BERRIAko artikulu analitikoaren (2015-6-5) laburpena: Pasatu dira Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeak, eta instituzioetako itunei begira dabiltza alderdiak. Alor politikoan, badaude beste lehentasun batzuk: estatus politiko berriak (herri gisa garatzeko formulak), erabakitzeko eskubidea (zer, non, nola eta noiz) eta bakegintza (blokeotik irteteko garaien beharra).♦
BERRIAko analisiaren (2015-5-30) laburpena: Igandeko foru hauteskundeak kontuan hartuz gero, EH Bildu koalizioa Euskal Herritarrok-en (EH) 1999ko zenbakietara itzuli dela esan da, eta galdetu ez ote den koalizio izatearen balioa galtzen ari. Boto kopurua antzekoa da (orain +14.000 boto). EH Bilduk EHrekiko jauzia, batik bat, kualitatiboki eman du. Izan ere, Bizkaian salbu, posizio hobean da bere proiektua garatzen joateko. Dena dela, aldaketa politiko eta sozialerako zifra eta posizio onak alferrik lirateke ez bada lehentasunik, ez bada kultura politiko zabalik eta apustuari ez bazaio luzaroan eusten. Iparraldean ezkerreko abertzaleek-eta orain dela hamahiru urte sortu zuten Batera plataforma, lehentasun jakinekin (Laborantza Ganbera, lurralde kolektibitatea…) eta lan partekatuaren aldeko izaerarekin sortu ere.♦
BERRIAko analisiaren (2015-5-23) laburpena: Esaten da herri honetan beti gaudela hauteskundeetan eta, beraz, alderdiek euren interesak herri interesen gainetik jartzen dituztela maiz. Interesena erlatiboa izan daiteke haien balorazioa egitean, baina hauteskundeena ez da egia. Hauteskunde lehiarik gabeko aldi luzea izan da. Baina gatazkaren ondorioez ez da elkarrizketarik hasi gobernuekin, eta euskal presoen egoera lehen bezain larria da. Bada esan bat: politikari batek hurrengo hauteskundeetan pentsatzen du; estatista batek, hurrengo belaunaldian. EAJk eta Sortuk oraingo boz hauen ondoren ekingo diote berriro elkarrizketari. Diotenez, blindatuta daukate harremana. Dena dela, ikusi beharko da hauteskundeon ostean Gipuzkoako edota udal batzuetako gobernu itunek zenbateraino okertzen duten giroa. Edo Nafarroakoak zenbat argitzen.♦
Azken iruzkinak