BERRIAko analisiaren (2016-1-10) laburpena: Gatazka armatuaren garairik gogorrenetan eta haien ondorengo prozesuetan euskal presoen auzia agendan egon zen, gehiago edo gutxiago. Aldiz, ETAk 2011ko urrian borroka armatua bukatutzat eman bazuen ere, presoen auzia ez dago agendan. Erantzule dira Espainiako eta Frantziako estatuak; haiek dituzte espetxeetako giltzak. Gainera, atzerapausoak egin dituzte bakearen urteotan, batik bat Espainiak. Baina Madril oso lasai egon da, euskal gizarteak ez baitio presio eraginkorrik egin, mobilizazioak mobilizazio. EAJk badu erantzukizun historikorik honetan guztian. EAJk ez du presorik, eta presarik ere ez. Esaten du, gainera: ezker abertzalearen arazoa da presoena. Ezker abertzaleak ere badu erantzukinik. Baditu presoak, eta badu presarik gatazkaren parte humano hori konpontzeko eta, ondorioz, bere proiektu politikorako bidea zabaltzeko. Itotzen ari da, eta gatazkaren ondorioetan haren aldetik erabaki berri eta handien garaia heldu dela barruntatu ahal da. Erne gizartearen indiferentziarekin.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 11 of 14)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisiaren (2015-12-23) laburpena: EAJk esan du inbestiduran ez duela Rajoyren alde egingo, baina ez du esan ez duenik baztertzen PPrekin —gobernuan balego— harreman berri bat abiatzea, eta ez du esan PSOEren alde egingo duenik gobernu alternatibo bat eratze aldera. Zain geratu da EAJ, autogobernuaren alorrean-eta zeinekin eta nola moldatu ahal den aztertzeko. Behin gobernua badela —PPrena, hain segur—, EAJk aurrerantzean ere aldarrikatuko du nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea, 2016ko boz autonomikoak buruan ikurrok erabat besteen esku ez uztearren. Baina, bide batez, iristeke diren eskumenei eutsiko die, Moncloari kontua eskatuta. Sabin Etxeak ikusten du Eusko Legebiltzarrean hurrena ezkerreko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeek espazio indartsu bat egituratu ahal dutela —maiatzeko bozen estrapolazioan, 30 aulki; igandekoetan, 34—, eta, agian, EAJri ez zaio aski izango PSEren sostengua; PPrena ere beharko luke. Estatuari, berriz, komeni zaio ez piztea beste lurralde gatazkarik, eta EAE kontrolpean izateko lanean segituko du, formula jatorragoekin bada ere.♦
BERRIAko analisiaren (2015-12-6) laburpena: Espainiako Kongresuan hurrena ez da alderdi baten gehiengo osorik egongo, baina bai beste estatu itun bat egitear diren indar batzuen artekoa. Hain segur, PPren eta Ciudadanosen artekoa —estatu interesetan, itunkide PSOE lagun dute—. Euskal Herriak ukazioa jasoko du. Baina EAJ / Geroa Bai eta EH Bildu Madrilen izango dira, badaezpada: EAJ, sikiera Gernikako Estatutuaren erreforma leun bat lantzen bada han ere egote aldera, eta EH Bildu, ETA armagabetzen bada ere. Nafarroako Aldaketaren mugimendua ez da Madrilera begirakoa, ez da badaezpadakoa. Nafarroako aldaketa sendotzen segitzeko egina da urratsa. Ez da eskumen kontua, irismen kontua baizik. Bada aldea.♦
BERRIAko analisiaren (2015-11-14) laburpena: 1978an egin zuten I. estatu ituna: Espainiako Konstituzioa. Haren barruko Herriei nazio izaera eta autodeterminazio eskubiderik aitortzeke. Batik bat nazionalismoak integratzearren, autonomien estatua asmatu zuten, baina 1982an LOAPA etorri zen, abertzaleen eskuko erkidegoek hainbesterainoko ahalmenik ez izateko. 2000n heldu zen II. estatu ituna: euskal mapa politikoa iraultzeko Askatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna egin zuten PPk eta PSOEk. Baina estatu eredua krisi larrian da. Herriek aske izateko bidean jarraitzen dute. Orain egin nahi dute PP, PSOE eta C’s unionistek III. ituna, dagoeneko egina ez badute: bide instituzional, politiko, baketsu eta demokratikoak erabilita Espainiako Estatutik askatu nahi dutenak zigortzeko. Baina Urkulluk oraindik ikusten du estatu eredu berria lor daitekeela. Non dago zirrikitua?♦
BERRIAko analisiaren (2015-11-1) laburpena: Independentista sareak dio abertzaletasunetik harago doan independentismoa sortu behar dela. Independentismoak funtzionatzeko, faktoreak faktore, mobilizazioak mobilizazio eta aurkariaren probokazioak probokazio, azkenean bototan ere neurtu behar ditu indarrak, eta Katalunian ikusi dena da ordezkaritza instituzionalean independentismoa hazi, abertzaletasunean hazi dela. CDCko zuzendaritzak emandako pausoa erabakigarria izan da, baina Katalunian lehen CiUren ohiko boto-emaile gehienak ez al ziren independentista? 2009-2011 arteko 554 galdeketek bazirela zioten. Duela urtebete Arrankudiagan (Bizkaia) EAJ ofizialki ez zen herri galdeketaren alde agertu, baina jeltzaleen talde kualifikatu batek babestu eta sustatu egin zuen, eta interpretatu daiteke EAJko boto-emaile gehienek ‘euskal estatu subiranoa bai’ bozkatu zutela. Nazioaren bereizgarriei eutsiz, eremurik urbanoetarako-eta diskurtso instrumental batekin eta praktika zehatzekin batik bat oinarri abertzalea aktibatuz, alderdietako maila orotako koadroetan eragitea al da euskal independentismoaren jauzirako giltza bat?♦
BERRIAko erreportaje analitikoaren (2015-10-28) laburpena: EAEren eta Espainiako Estatuaren harremanari buruz asko ari da hitz egiten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria; sarri, eta gako batzuk plazaratuz, estatuarekiko “borondatezko bat egiteaz” hitz egiten hasteraino. Instituzionalki eta gobernabide aldetik ustez hain seguru sentitzen da, estatus politiko berriaz 2012ko hauteskunde programan emandako hitza ez betetzeak ez baitu kezkatzen, nonbait. Orduko urriko bozen kanpainan azaldu zuen erkidegoa batetik bestera zeharkatu zuela eta “guztia koadernoan apuntatuta” zeukala. “Eta nire koadernoak arrazoi du, gure bide orria baita hori. Euskadi, nazioa Europan”. Data aldaketak, behintzat, badaude koaderno horretan. Gaurtik hasita, hilabeteotan ikusiko da noraino heldu ahal den EAJ.♦
BERRIAko analisiaren (2015-10-11) laburpena: EAJren arabera, hurrengo belaunaldi batentzako EAEko estatutu berria izatekotan Espainiako Gobernuarekin negoziatuta izango da, betiere hausturaren aukera baztertuta. “[Espainiarekiko] Borondatezko bat egiteaz ari naiz”, dio Urkulluk. Emantzipaziorik ez. EAJ dagoen bezala egonda eta EH Bilduk EAEko instituzioetan oraindik lagun berririk ez duela, EH Bildurentzat arriskurik izan dezake estatutua berritzeko lanetan buru-belarri hasteak, gerora begira barne. Bitartean aterako da Otegi kartzelatik; euskal lurraldeen lankidetza sustatzeko aukera berriak sortu ahal dira; alde batetik behintzat, gatazkaren ondorioak ixteko unea iritsi ahal da; Nafarroan aldaketa sendotuz joan daiteke —EH Bilduk ere 2019ko bozak ikusmiran izanik—… Presazko agerraldirik eskatzen ez duen momentu politikoa da. Eta, Kataluniakoaren aldean, prozesuak beherago dauka abiapuntua.♦
Azken iruzkinak