BERRIAko analisiaren (2016-6-4) laburpena: Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EAJren eta EH Bilduren botoekin, erabakitzeko eskubidearen eta biharko herri galdeketen aldeko ebazpen bat onartu izana aurrerapausotzat jo daiteke burujabetzaren bidean. Elkarrekin osatu zuten ebazpena. Dena dela, abertzaletasunaren bi eremu soziologikoetako ordezkari politikoek lehen ere urratu izan dute biderik, eta ez da emaitzarik izan. Sare sozialetan berriki Arnaldo Otegi ikusi dugu Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika leitzen. Idazleak dio “komunitate batek, elkartasun minimo bat mantendu nahi badu, hitzak konpartitu” behar dituela. Euskal abertzaleen komunitateko bi indar politiko nagusiek sikiera hitzak partekatu dituzte ebazpen haietan. Baina, oraingoz, ez daude gehiagorako. Ikuspuntu desberdinak dituzte; adibidez, Madrilek ezezkoa ematen duen kasurako. Herri ekimenari bidea egiten uztea dagokie, eta giroa ez lardaskatzea. Sortu da atmosfera hori orain, herri galdeketekin.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 10 of 14)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisiaren (2016-5-15) laburpena: Lizarran udalek 1931n Hegoaldeko automomia estatutua onartu zutenetik, alor politiko-instituzionalean ez da lauko lurralde batasun formalera begira ia ezer egin. Nafarroako aldaketaren parlamentuak ez du aktibatuko Espainiako Konstituzioko aldi baterako laugarren xedapena, baina bada beste formularik lurralde batasuna eta lankidetza euskal instituzioetatik urratzeko. Urkulluk eta Barkosek, zuhurtziaz baina burutsu jokatuz, lankidetza protokoloari heldu diote. Jokoa emango du. Ordea, hamarkadetako haustura administratiboak kalte mentala ere eragin du, tenperatura jaitsiz, eta, aliantza politiko-instituzionalak josten segitzeaz gain, lantzeko daude kohesiorako diskurtso eta praktika ausartagoak. Horretarako, herri batek behar du gizarte antolatua ere, zaindua —ez kontrolatua—. Batasuna ez baita formala bakarrik.♦
BERRIAko analisiaren (2016-5-5) laburpena: Euskararen berreskurapenean gertatu dira aurrerapausoak, baina han-hemenka eguneroko ogi dira urraketa, axolagabekeria eta bazterkeria larriak. Eta apusturik eza dator, antza. Fokua mugitu ere egin daiteke, eta mugituz gero antzeman ahal da gaur-gaurkoz euskalgintzak –oro har hitz eginda– ez duela egoera iraultzeko edo aldatzeko gaitasunik, eta, areago, ez duela dialektika bat sortzeko borondaterik. Euskaldunen nerbioa ere ahul ageri da. Ez deskuidatzeko: euskal estatua nahi duten euskaltzaleen artean ez da ezbaian jartzen XXI. mendeko estrategia independentistan nortasun osagaiez gain ongizateari edota demokraziari buruzkoak sartu behar direla. Ordea, lapikoan euskara ere sartuta, eta ardatzean jarrita. Euskal Herrian gara. Baina euskalgintza, dagoen moduan egonda, estatugintzan eragin nahian hasten bada, kaskarrekoarekin atera daiteke. Egin dira estatugintzaz teorizazio batzuk, baina ez da indarrik ikusten hori aurrera eramateko. Agian, euskalgintzari tarte bat hartzeko garaia heldu zaio jarreraz eta proiektuaz hausnartzeko.♦
BERRIAko analisiaren (2016-4-9) laburpena: Harrigarria Urkulluk EAEko hauteskundeak Espainiakoekin batera jartzea baztertu ez izana, Jaurlaritzaren hiru ardatz programatikoetatik bi bakegintza eta erkidegorako estatus politiko berria izanik. Orain arteko bozak kontuan hartu, eta ikusten da EAEkoetan talde abertzaleek Espainiakoetan baino emaitza hobeak lortzen dituztela. Urkullu lehendakariaren esku dago deialdia, data. EAJk legealdi honetan lehentasunezko harremana du PSE unionistarekin, baina horrek ez dio onurarik ekarri bakegintzan eta estatus politiko berrian. Eta PSEk aulki gehiago lituzke bi hauteskundeak egun berean balira, bestela baino. Arraizek, aurrerapenak euren estrategiari mesederik egingo ez liokeela aipatzeke baina hain segur hori gogoan duela, Urkulluri eskatu dio ez ditzala bozak Espainiakoekin batera jarri, eta noiz izango diren oraintxe argitzea ere galdegin dio. Logikoa da azken eskaera ere, Urkulluk ezegonkortasun edo ez-ziurtasun egoera bat sortu baitu aurrerapenarena botata. Gainera, besteek ez bezala, EAJk jakin dezake noiz izango diren EAEko hauteskundeak, eta hori abantailarekin jokatzea da.♦
BERRIAko analisiaren (2016-3-1) laburpena: Kanpoan da Arnaldo Otegi, libre, sei urte eta erdiko zigorra bete ondoren. 2008an Martutenetik atera zenean baino lan samurragoa dauka. Orduan, ezker abertzaleak hasteke zeukan estrategia politiko-militarretik estrategia politikora pasatzeko barne eztabaida. Logroñoko espetxe atarian egindako hitzaldi laburrean, unerako hautatutako eleak izan ditu –etorkinak, etxe desjabetzeak, preso sozialak, preso politikoak, independentzia…–, eta bukaeran: “Lehendakaririk onena, herria”. Horretarako, baina, mentalitate aldaketaren premian dira politikagintzan, kontzeptualizaziotik haratago doana. Funtsean, subiranistek badute zeregin bat: nola osatu, mugimendu nazionalista izan ondotik, mugimendu nazional bat. Horra bidean dena ezin(go) duenez batera egin, EH Bilduri laster tokatuko zaio EAEn, Otegi “animalia politikoarekin” –Jesus Egigurenen hitzak dira–, alor politiko-instituzionalean hautu jakina egin eta konpasa alde batera (Ahal Dugu) edo bestera (EAJ) mugitzea, markatutako esparruarekin bide bat saiatzeko. Eta garaia helduta, gontz funtzioa betez. Zehaztasun ikur ere badira konpasak.♦
BERRIAko analisiaren (2016-2-6) laburpena: Hegoaldeko ezker abertzalearen egitura politiko-zibilak klandestinitatea, debekua eta kartzela baino ez zituen beretzat, eta, politikan nor izateko, aukera bakarra zeukan: Espainiako legedia betetzea. Duela sei-zazpi urte dagoeneko ezin ziola eutsi estrategia politiko-militarrari, eta aldatzea erabaki zuen. Zutik Euskal Herria (2010eko otsaila), Gernikako Akordioa (2010eko iraila), Sorturen estatutuak (2011ko otsaila) eta ETAk jarduera armatua uzteko jakinarazpena (2011ko urria) dira adierazpenik adierazgarrienak. Dena dela, gogoetak, eztabaidak eta saioak lehenagotik zetozen: 1992, 1995, 1998, 2004, 2006. Gatazkaren ondorioen konponbiderako A planak, gehienean, huts egin zion ezker abertzaleari, eta ikusi da ez zuela B plan azkar bat. Plano teknikoan —politikoak badu bere zailtasuna, propioa—, ezker abertzalearen operazioa ez da bukatu. Ikusi da presoenean bide berriko lehen urratsak ez direla aski izan estatuek eta euskal gizarteak aintzat hartzeko, eta Sortuk presoei eskatu die pauso “berriak” eta “ausartak” egiteko. Estrategia independentistaren barruan kokatu nahi ditu haien ekarpenak, baina jendea kartzelan dela zaila izango zaio estrategia independentista bat garatzea. Alez aleko emaitzekin, energia positiboaren beharrean da. Ilusiorako.♦
BERRIAko analisiaren (2016-1-14) laburpena: Sorturenak Espainiako legedia betetzen zuten estatutuak ziren; sobran bete ere. Lortu zuen estatuaren legeztapena, 2012ko ekainean. Bidea erakutsi zuen. ETAren 2011ko urriko erabaki historikotik aurrera Espainiarekin gatazkaren ondorioez aritzeko ahalegina antzua izan ondoren, 2013ko uda hasieran elkarrizketa adierazgarri bat eman zuen Iñigo Iruinek BERRIAn euskal presoek jorratu beharrekoaz. “Oso kontuan hartu behar du zein diren egungo legezko baldintzak eta baldintza juridikoak”. 2013ko abenduan etorri zen EPPKren adierazpena: kolektiboko presoak prest zeuden Espainiako lege baliabideak erabiltzeko; gainera, aitortu zuten “eragindako sufrimendua eta mina”. Emaitzarik ez, estatuak itxita jarraitu baitu. Estrategia haren bigarren partea dator orain, Rufi Etxeberriak herenegun Iruñeko hitzaldi batean esandakotik aurreikusi ahal denez. Dena dela, dagokien tokian idatziak aurkeztean komeniko litzateke presoek aurreko aldian baino gardentasun handiagoa izatea. Sortuk estatutu deseroso haiek publiko egin zituen, denek jakiteko moduan.♦
Azken iruzkinak