No me llame Ternera dokumentalaren kronikaren laburpena: Sailkapen bat egiten hasita, hiru etapa nagusi dauzka Josu Urrutikoetxearen ibilbideak: 1968tik 1989rakoa da aurrena, ETAko kide gisa aritu zenekoa —ia beti sasian—; 1989tik 2000rakoa bigarrena, preso egon zenekoa; eta, hirugarrena, berriz, 2002tik 2018rakoa, ETAko kide eta geroago haren ordezkari gisa bake eta konponbide politikoaren alde aritu zenekoa eta ETAren desegite garaikoa. Jordi Evole kazetariak No me llame Ternera (Ez nazazu dei Ternera) dokumentalean —Marius Sanchez da beste zuzendaria— hiru etapak aipatu ditu Urrutikoetxearekin (Ugao, Bizkaia, 1950) egindako elkarrizketa luzean, baina, batik bat, ETAren hilketei buruz galdetu dio. Batzuetan nahikoa estu hartu du. Urrutikoetxeak zenbait aldiz erantzun du «sentitzen» duela ETAk jendea hil izana, eta, horrez gain, erakundearen jarduera politikoki kokatzen eta konponbidearen aldeko lana azpimarratzen saiatu da. Auzi bat, film bat, ikuspegi desberdinak. Hain zuzen, atzo estreinatu zuten lana, Donostiako Zinemaldian, Kursaalean, prentsarentzat.♦
BERRIAko analisiaren (2023-8-30) laburpena: Luhusokoa ez zen Luhuson hasi. Euskal gatazkaren ondorioen aterabide prozesuan, memoria kolektiboan txertatu zen Luhusokoa, baina aurreko urteetako hainbat gertakariren eta konpromiso-hartzeren ondorioz gertatu zen. Besteak beste, Graxi Etxebehere zendu berriaren ekinaldiaren ondorioz [ETAren armagabetze prozesuan]. (…) Ipar Euskal Herrian beste dinamika bat zegoen, barneratzaileagoa eta eraikitzaileagoa. Mugarri izan zen 2014ko urrian bakegintzari buruzko Baionako adierazpena, Iparraldeko sentsibilitate guztien parte hartzearekin egin eta aurkeztutakoa. (…) Jose Luis Rodriguez Zapaterok duela bi urte BERRIAko elkarrizketan aipatu zuen 2011n «Oslora joanda, ETAren amaiera bi urtean» egin zitekeela. Pedro Sanchez 2018an heldu zen Moncloara, ETAk bukatu berritan, eta oraindik euskal presoena ez dago erabateko konponbide prozesuan. Egun hauetan Kataluniako auziko amnistiaz ari dira hizketan —Baionako adierazpenak puntu batean bazekarren amnistiarena—, eta ematen du emango duela Madrilek. Aldiz, euskal presoen auzian oraindik ere ez du osorik ezarri legedi arrunta; asko falta zaio. Gaur egun, horixe betetzea baino ez zaio eskatzen. Auzia, politikoa da, Katalunian bezala. Tekla egokia(k) jotzea da kontua. Etxebeherek-eta jo zuten.♦
PSOEk ere egin du ETAren jarduera armatuaren betiko bukaeraren 10. urteurreneko ekitaldia, gaur, Gernikako juntetxean. Honatx hiru apunte. 1: orain hamar urte Zapateroren gobernuak, PSOEk eta Lopezen Jaurlaritzak ez zuten agerraldi solemne bat egiteko aukerarik izan, ETAren jakinarazpenetik bi astera hasi baitzen Gorteetarako hauteskunde kanpaina, alderdi sozialista gainbeheran zela. Egigurenek maiz adierazi du ez zutela kapitalizatu ETAren amaiera —sozialistentzat, 2011ko hura izan zen amaiera, ez 2018koa, desegitea—. Gaur Mendiak bere hitzaldiaren hasieran esan du Zapatero dela “bakearen presidentea” eta Lopez “bakearen lehendakaria”. Ondoan zeuzkan biak. 2: Zapaterok bere hitzaldian dozena erdi bat aldiz begiratu dio Egigureni —ezkerretara zeukan, sei-zortzi metrora—. Estimu handitan du. PSEk eta PSOEk, ordea, urteetan ez dute ondo tratatu izan. Badirudi ari dela etxekoen erabateko aitortza jasotzen. 3: ezker independentistak espero zuen Zapaterok Gernikan zerbait esatea beraien atzoko adierazpenaz. Zapaterok hitzaldian ez du deus esan, baina bai gero hedabideak hartu dituenean. Arraro samar geratu da gobernuburu ohi batek halako agerraldi solemne baten ondoren kanutazoa delakoa egitea, baina ematen zuen berak bilatu duela Otegiren-eta adierazpenak “garrantzi handia” duela esateko.♦
[aurreko egunetako artikuluak, behean]
Lehengo larunbatean argitaratu genuen BERRIAn Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiari egindako elkarrizketa. Izan du oihartzunik, datuen arabera: irakurtaldiak, mezuak eta aipamenak, beste bi hizkuntzetan atera dute, euskal eta nazioarteko pertsonalitate garrantzitsuek jaso dute… Eskerrik asko denei! Honatx bilduma:
- BERRIA egunkariko elkarrizketa (hiru orrialdekoa izan zen).
- BERRIAko elkarrizketaren bertsio luzea.
- BerriaTBren bideoa (6 minutukoa).
- Gazteleraz, Javierortiz.net blogekoek (bertsio luzea).
- Katalanez, Vilaweb.cat webekoek (papereko bertsioa, moldatua).
- Elkarrizketaren inguruabarrak (Berria.eus-eko bloga).
- Besterik: Efe-ko teletipoa, Naiz.eus, Uztarria.eus, La Sextako albistegian berri bat (uztailak 3).♦
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente (2004-2011) izandakoaren elkarrizketa argitaratuko du etzi BERRIAk, larunbatarekin. Espainiako gobernuburu bati edo ohi bati egindako aurrena izango da. Pasa den asteartean egin genion, Madrilen, Ferraz kalean daukan egoitzan (argazkian, elkarrizketako une batean).
Continue readingBerria.-eus-eko analisiaren (2021-5-8) laburpena: Ausarta zen Mixel Berhokoirigoin [gaur hil da], pentsatzen zuena modu zibil eta demokratikoan egiten zuena, Euskal Herria helburu. Beraz, bazekien euskal gatazkan egoera deserosoak, gogorrak eta ankerrak agertuko zitzaizkiola. (…) ELBk 1984an “indarkeria politikoaren” aurkako jarrera azaldu zuen idatzi batean, Berhokoirigoinek berak-eta sustatuta. (…) Frantziak auzitara eraman zuen (2008-2010), ELHGk markotzat Ipar Euskal Herria hartu izanagatik, lurraldetasuna lantzeagatik, eta euskara plazara ateratzeagatik. Desobedientzia estatu jakobino eta indartsuari. (…) Esaten zuen berak: ETAk 2011n jarduera armatua bukatu ondotik gatazkaren ondorioetan aurrerabiderik ikusten ez eta buruari bueltaka hasi zitzaiola, eta interpelatua sentitu zela. Hots, parte hartu beharra, gizarte zibileko kide modura. Nola hasi aitzinatzen? ETAren armagabetzearekin. (…) Harena da hau, Luhuso liburuan (2017) esandakoa: “Urratsa elkarrekin egiteko ez da beharrezkoa ados izatea bukaeran edo helburuan. Etapa batzuk egin ahal dira elkarrekin; horrek hurbildu egiten zaitu, eta gero beste etapa batzuk egin ahal dituzu batera. Gardentasuna eta errespetua behar dira. Zu aldatu egiten zara, baina bestea ere bai, eta ez dakizu noraino helduko zaren”. Transbertsaltasuna eta akordioa zituen maite, baina, halakorik ezin zenean erdietsi, ekimena hartu eta aitzina, desobedientziari helduz batzuetan, aurrerabiderako berriro akordioaren bila aritzeko. Joan da Mixel. Militante eta ekintzaile garrantzitsua izan da Euskal Herriarentzat.♦
Gaur zortzi atera genuen BERRIAn Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari Parisen egindako elkarrizketa. Izan du oihartzunik, datuen arabera: irakurtaldiak, mezuak eta aipamenak, beste bost hizkuntzatara itzuli dute, euskal eta nazioarteko pertsonalitate garrantzitsuek jaso dute, Efe agentziak zabaldu zuen, Euskadi Irratian elkarrizketa… Eskerrik asko denei! Honatx bilduma:
- BERRIA papereko elkarrizketa (hiru orrialdekoa izan zen).
- BERRIAko elkarrizketaren bertsio luzea.
- BerriaTBren bideoa (11 minutukoa).
- Itzulpena: gazteleraz, Javierortiz.net blogekoek (bertsio luzea).
- Itzulpena; ingelesez (bertsio luzea).
- Itzulpena: frantsesez (bertsio luzea).
- Itzulpena: katalanez, Vilaweb.cat webekoek (papereko bertsioa).
- Itzulpena: italieraz, Dialogo aldizkariak (bertsio luzea). Azala.
- Efe agentziaren teletipoa.
- BerriaTBren bideoa, gazteleraz azpidatzita (5 minutukoa).
- Elkarrizketaren inguruabarrak (Berria.eus-eko bloga).
- Uztarria.eus Azpeitiko webean aipamena…♦
Azken iruzkinak