Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente (2004-2011) izandakoaren elkarrizketa argitaratuko du etzi BERRIAk, larunbatarekin. Espainiako gobernuburu bati edo ohi bati egindako aurrena izango da. Pasa den asteartean egin genion, Madrilen, Ferraz kalean daukan egoitzan (argazkian, elkarrizketako une batean).

Orain dela urte eta erdi hasi ginen elkarrizketaren aukera urratzen, Zapateroren ezagun baten laguntzaren bitartez. Hark bide zuzena ireki, eta guk segitu. Harrera ona. Baina COVID-19a ere hor, eta pazientzia izan behar. Aurtengo apirilaren 29an eman zuten baiezkoa, ekain bukaeran-uztail hasieran egiteko. Ekainaren 29an izan da.

Duela hiru urte arte Pablo Iglesias fundazioaren egoitza izan zen Zapaterok gaur egun daukana. PSOErenaren frentean dago. 12:00etan zeukan BERRIArekin hitzordua, eta, ordu laurden bat lehenago heldu zen, bizkartzainekin, auto batean. Behebarru ondoan utzi zuten, eta barrenera. Haren taldeak aurreko egunetan pare bat aldiz ohartarazita, gehienez ordubete bateko elkarrizketa izango zen. Beraz, gora pixka bat lehenago azaltzea komeni, argazkiak aurrez ateratzeko, eta abar. Zapatero, bere janzkera klasikoarekin: praka grisak, alkandora txuria eta jaka beltza. Bere bulegotik —apaindurarik gabekoa, egia esanda— agertu zen elkarrizketa egin genuen gelatxora; ondoan du, ate bat zabalduta.

Elkarrizketaren ardatzak: 2005-2007ko elkarrizketa prozesua, ETAren jarduera armatuaren bukaera (2011), gatazkaren ondorioak (euskal presoak, torturak, biktimak) eta auzi politikoa (Euskal Herria, Katalunia). Minutu oro urre, eta selektiboa izan behar galdetegian. Itaun guztiak erantzun zituen; batzuetan, izkin eginez, ustez. Atsegina da gizona. Azkenean, ordubete eta hamar minutu iraun zuen elkarrizketak; ez zuten denbora aldetik estutasun handirik erakutsi. Ondoren, ordu laurden bateko off the record-a.

Gaur Euskal Herrian izan da, Iruñean, Maria Txibiterekin. Aurten, ETAren jarduera armatuaren bukaeraren 10. urteurrena dela medio, alde honetara azkenaldian baino gehiagotan etortzeko gogoa du, mezu batzuk emateko asmoa dauka, baina aitortzen du tentuz ibili behar d(u)ela oraindik ere, Madrilen giroa gaizto samarra dagoela iritzita. Etorreraren bat baliatu nahi du Iñigo Urkullurekin bazkaltzeko. Ez omen dira atzeneko hamar urteetan elkarrekin egon, biak bakarrik; behin zeozer Lanzaroten, oporretan topo eginda. Arnaldo Otegirekin berriro juntatzeko intentzioa ere badu, esan duenez. Venezuelan badabil oraindik; azkena, duela bi hilabete izan zela kontatu zuen, eta zioen Venezuelan sarri galdetzen diotela Euskal Herriari buruz. 13:30ean izan zen agurra.

Larunbatean BERRIAn, elkarrizketa zabala paperean eta bertsio luzea sarean. Bihar Berria.eus-en, aurrerapena. Ikusiko.♦