Pasa den uztailaren 1ean Frantziako Dei Auzitegiak baldintzekin libre uzteko erabakiaren berri eman ondoren lotu zuen BERRIAk Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiaren elkarrizketa, udazken honetan egiteko, Frantziaren bi epaiketen garaian. Gero, COVID-19aren konfinamenduagatik, atzora arte luzatu zen. Eta atzo, hitzordua arratsaldeko hirurak eta hamar aldera zen, Paris hiriguneko hotel txiki batean. Garaiz ailegatu zen Urrutikoetxea: praka bakeroak, jertse beltza, beroki grisa eta motxila txiki urdina. Eta kapela, betaurrekoak eta maskara. Ezagun zitzaion ingurua, tarteka han paretik pasatzen delako kirola egiten, lasterka. Hilaren 24an, 70 urte beteko ditu. ETAko kidea zela-eta 20 urte zituela aldegin zuen sorterritik (Ugao, Bizkaia), Ipar Euskal Herrira.
15:10, beraz: euri pixka bat, baina hotzik ez apenas abenduaren 14ean Parisen. Lara Madinabeitia BerriaTBko arduradunarekin elkarrizketa iragartzeko bideorako irudi batzuk hartu, hitzaspertu bat, eta grabagailua pizteko momentua, 15:45ean. Tokia: hoteleko sarrerako gune bat. Ez zegoen martxa handirik hotelean, eta, ondorioz, trabarik ez elkarrizketa modu trankil batean egiteko. Gainera, maskararik gabe, hotelekoen baimenarekin; eskertzen da.
Bi ordu eta hiru ordu laurdeneko elkarrizketa izan zen. Gaiak: iazko atxiloketa, haren auzibideak eta epaiketak, bake elkarrizketetako parte hartzea eta mamia, ETAren desegitea, biktimak, Euskal Herria gaur egun… Jarioa du hizketan, pasioz mintzatzen da, informazioa eman du, gogoetak egin ditu. Kaferik ez solasaldian zehar; bi ur botila txiki. Elkarrizketa bukatuta ere, segi hizketan, 19:15 aldera arte. Epaileen kontrol neurriengatik, etxean behar zuen 20:00etarako, eta zioen hara bidean zerbait hartuko zuela afaltzeko.
BERRIAn elkarrizketa, asteon —paperekoaz gain, sarean bertsio luzea, eta bideo bat—. Beste hedabide batzuetan ere irakurri-ikusi ahal izango da, lankidetzaren ondorioz.♦
Azken iruzkinak