ETAk bere atzeneko Zutabe-an (114.a) dio bere gain hartzeke zituen bi ekintza onartu dituela erakundearen amaieran. Batetik, 1981ean Tolosan hiru herritar hil zituela poliziak zirelakoan, eta, bestetik, 1974an Madrilen Correo kalean lehergailu bat eztandarazi zuela kafetegi batean, polizia indarren kontra aurreikusitako ekintza batean, eta hildako ia guztiak zibilak zirela. Zutabe hori 2018ko apirilean datatutakoa da, baina haren berri orain jakin da publikoki, atzo Gara-k eta Naiz.eus-ek zati batzuk argitaratuta. Egunotan hedabideetan asko aipatu dira Tolosako eta Madrilgo hilketa horiek. Dena dela, Zutabe honen berri izan aurretik, ETAk bi ekintza horiez hitz egin du lehenago: aurten, ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa liburuan (Iñaki Soto, Txalaparta-Gara, 2018ko ekaina), 152. orrialdean —bi zerak, behean—. Maiatzaren 3an desegin aurretik ETAk emandako elkarrizketa liburua da.