Joan den maiatzaren 3an ETAk bere desegitea iragarri zuenean Henri Dunant zentroan, Genevan, ekitaldia bukatzean zentroko goi arduradun Judyta Wasowskarekin egoteko aukera izan genuen BERRIAko kazetariok. Jesus Egigurenengatik galdetu zigun. Euskal Herrira itzuli ginenean, solasaldi horren berri eman genion Egigureni, eta Wasowskarekin jarri zen harremanetan. Uztailaren 2an Genevara joan zen, Rafaela Romero emaztearekin (PSE-EEko legebiltzarkidea) eta Maria alabarekin, eta bost egun pasatu zituzten. Uztailaren 3an Henri Dunant zentroan izan ziren, Wasowskarekin-eta egoteko, eta ikusi zuten egoitzako toki preferentzial batean ETAren desegite agiria jarria dutela, lau hizkuntzatan, koadro banatan —euskaraz, espainolez, frantsesez eta ingelesez—. Horiekin argazkiak atera zizkien Egigureni eta Romerori alabak. Diote bisita “oso emotiboa” izan zela. 2005-2007ko prozesuan Henri Dunant zentroarekin harreman estua izan zuen Egigurenek —PSE-EEko presidentea orduan—. 2005eko ekainaren 21ean handik 300-400 metrora egin zuen, Espainiako Gobernua ordezkatuz, ETArekin lehen bilera: Wilson hotelean. Josu Urrutikoetxearekin batzartu zen. Pasa den uztaileko bisitan Henri Dunantekoek aitortu zioten euskal auzikoa izan dela euren ibilbideko lanik garrantzitsuena.♦
Post scriptum (2018-9-25): Jesus Egiguren eta Rafaela Romeroren alaba Maria, Nazioarteko Zuzenbidea ikasketak egiten hasi da Deustuko Unibertsitatean, eta, ondoren, Nazioarteko Gatazken Konponbidearen atalari ekin nahiko lioke.
Azken iruzkinak