Aberri Eguna. EAJk —eta haren parrokiak— Aberri Eguneko bere ekitaldiari buruzko txioetan #AberriEguna traola erabili du, eta Independentistak sareak —eta haren inguruak—, #AberriEguna2017. Mundu zabaleko euskaldunentzako (ere), halako zera batean ere batasun irudirik ez. Izan da txiolaririk bestaldean kokatu dena: despistea hain segur, ez transbertsalitatea…
Jonathan Powell. ETAren indarkeriaren bukaera prozesuarekin Espainiako Estatuak daukan jarrera deitoratu du Jonathan Powellek, Baionakoaz geroztik, Financial Times-en eta El Pais-en. Lerroartean galduta badator haren beste esaldi bat, kontuan hartzekoa: “ETAren desegitearen amaiera desiratua urte bukaera baino lehenago heldu liteke”. Desegitea, urte bukaera. Euskal Herriko gatazkaren konponbidean ere bada nor Powell. Duela hamar urte ja bazebilen hemengo kontu hauetan, indar handiz.
Oscar Rodriguez. Espainiako Estatuan politikak gero eta atxikimendu txikiagoa izatearen arrazoiez tesi bat egin du Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzarkide ohiak. Atera duen ondorio bat da politikariek meriturik egin gabeko eta gaitasunik ez duten afiliatuak eta senideak kargu instituzionaletan jartzen dituztela. “Hiritarrek normaltzat hartzen dute hori”. Arabako PSEn ildo ofizialaren aurkako mugimendu batean parte hartu zuen orain bost urte Rodriguezek, politika egiteko modua berritu nahian-edo; galdu egin zuen.♦
Azken iruzkinak