Ibarretxe-Mas. Gure Esku Dago-k bazuen zalantzarik Kursaaleko 600 laguneko aretoa beteko zen Ibarretxe-Mas hitzaldirako. Joan den asteazkenean hilaren 22ko saioa iragarri eta ordu gutxira 700 lagun zeuden izena emanda. Atzo eguerdian, mila. Beraz, Kursaalean 1.800 laguneko aretoa hartu ala milarentzat areto bat egokitu, horretan dabiltza Agirre Lehendakaria Center eta biak. Bihar-edo esango dute.
Torturak. Joan den larunbatean jakin zen martxoan epaituko dituztela lau guardia zibil, Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita. Paco Etxeberria auzi medikuak iaz, Tortura: 1960-2013 ikerketaren aurkezpenean, 1985eko istorio bat kontatu zuen: orduan beste lau guardia zibil epaitu zituzten, lesioengatik, eta epaiketan parte hartu behar zuen auzi medikuetako bati lehergailu bat jarri zioten autoan; “gaur, lasai esan dezaket: guardia zibilen lagunek jarri zuten lehergailu hura”.
Espainiako Auzitegi Nazionala. Teresa Todarena da gogoetarako esaldi hau, Auzitegiaren behatzaileak artikulua lantzean esandakoa (ez genuen sartu): “Auzitegi Nazionalean libre ateratako euskal herritarrek behintzat badituzte euskal kazetariak gauzak kontatzeko. Estatu islamikoko kidetzat jotzen dituzten horiekin zer gertatzen den inork ez daki”.♦
Azken iruzkinak